[itzul] codesarrollo

Alfontso Mujika alfon a bildua elhuyar.com
As, Uzt 29, 11:52:02, CEST 2008


Bai, hala da, "hezkidetza" forma ez zait egokia iruditzen. Eratorpenak 
baditu legeak, tradizioak ekarriak, eta, salbuespenen bat edo beste beti 
izaten bada ere, esan dezakegu eratorpenaren legeak argiak direla. Hitz 
berriak sortzeko  prozedura  bizia eta aberatsa dugu eratorpena, baina 
hizkuntzaren legeak behartu gabe, non eta ez dugun adosten -eta 
Euskaltzaindiak onesten- hizkuntza artifizialki eta jakinaren gainean 
behartu nahi dugula (balizko premia ezin saihestuzko batzuen izenean edo 
dena delakoaren izenean).

*"delegaritza" eta *"anbulategi" hibrido ezin onartuzkoak dira (oraindik 
ere barra-barra badabiltza ere). Eta ezin onartuzkoak dira, orobat, 
"pilotatzaile" ("pilotari" esateko), "irakaslari" ("irakasle"), 
"kafegailu" ("kafe-makina" esateko) eta antzekoak. "hezkidetza" ere hor 
sartzekoa litzateke, "-kide" atzizkia izenei eransten baitzaie, ez 
aditz-oinei. Bada salbuespenen bat, hala nola "ikaskide" 
(erregulartasunak "ikasketakide" eskatuko luke, "hizketakide" edo 
"izatekide" bezala, baina badakigu ez dagoela legerik salbuespenik ez 
badago). Horren antzekoak dira *"idazkide", *"isurkide" ("ibai-adar" 
esateko), *izakide ("izatekide" arautua dago), *"jokakide" ("jostalagun" 
esateko), *"sorkide" ("herrikide" esateko). Erabili bai, inoiz erabili 
dira edo inoiz erabili ditu baten batek, baina inoiz agertu izanak ez du 
esan nahi besterik gabe onargarri bihurtzen direnik.

Beraz, "hezkidetza", osaerari dagokionez, okerra da ("hezkuntzakidetza" 
edo "heztekidetza", berriz, zuzenak lirateke, "kohezkuntza" sortzeko 
urratsa egiten ausartzen ez bagara). Geroak (edo Euskaltzaindiak) 
esango, okerra izanagatik, "hezkidetza" onartzekoa den. Azken batean, 
erabilerak aginduko du. Alde horretatik, okerra da "osakidetza" forma, 
eta hor dabil: erakunde baten izena den aldetik (Osakidetza), nahitaez 
onartzekoa da, baina izen arrunt gisa ez zait onargarria iruditzen.

Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak
------------------------------------------
Mendiola Agirre(e)k dio:

Zure azalpena irakurrita, Alfontso, ulertu behar dugu barra-barra dabilen "hezkidetza" ere ez duzula egoki jotzen, ezta? 

Aitzol Mendiola




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago