[itzul] bera/haren (berandu bada ere)

Bittor Hidalgo bittorhidalgo a bildua euskalnet.net
As, Urt 27, 11:11:06, CET 2009


Egunotan ibili da berriro gure artean eztabaida, batzuetan nahiko 
gordina, edutezko bere/haren elementuek aditzera ematen dituztenen 
inguruan edota batuan-edo eman beharko lituzketenen.

Anuntxi Aranak azaldu zuen eztabaida bera/berdina joan den azaroaren 
19an erabili.com-en, eta nik erantzuntxo bat egin egun berean/berdinean 
(berak 27an berrerantzundakoa). Han esandakoetatik (eta OEHtik eratorri 
litezkeenetatik):

1. Eredu desberdinak erabili dira iparraldeko tradizio klasikoenean, eta 
erdi eta mendebaldekoan.

2. Iparraldeko eredu estuan-edo (Aresti-Litchmann legea -edo antzeko- 
uste dut esaten zitzaiola garai batean, ez?) "bere" soilik erabiltzen da 
(eta orduan derrigor edo) honen erreferentzia esaldiko aditz 
komunztadurako nor, nori edo nork pertsonak / pertsonetakoren bat direnean.

3. Erdi eta mendebaldeko ereduetan berriz, "bere" kasu horietan ere 
erabiltzeaz gain, lasai erabiltzen da, "bere"-ren erreferentzia 
anaforikoa, testuinguruan hurbil-edo ageri bada ere (eta are intentsibo 
bezala ere besterik gabe).

4. Ipar ekialdeko eredua ere (ik. OEH ere) ez da legeak aditzera emango 
lukeen bezain zurrun betetzen.

Horregatik guztiagatik nioen Anuntxirenean, agian (iparraldeko eredu 
estua-edo) desideratum ona litzatekeela euskara batuan, baina ezin esan 
zela hori izan denik euskal tradizio on bakarra (ikusi liteke ere Xabier 
Alberdik gaiari eskaintzen dion eztabaida zabala -Euskal Estilo 
Libururantz, 113-121-).

Batuan ez dugu DUT aukeratu DOT, DET, DÜT edo bestelakoen orde, "hobea" 
delako. Baizik eta momentu batean erabaki zelako forma bakarra proposatu 
behar zela baturako, eta azkenean arbitrarioki erabaki, nahiz ahalik eta 
arbitrarietate maila txikiena duen forma aukeratzen saiatu (baina ez da 
ere beti hala jokatu euskara batuan ere, ezta?).

Kontua da BERE/HAREN kontuan merezi ote digun baturako erabaki bakarra 
hartzea(k). Eta behin hori erabakita, hasiko gara estudiatzen batzuen 
edo besteen alde on eta txarrak. Edo bizi liteke erabaki gabe ere. 
Esaterako, mendebaldean NEBA eta ANAIAren artean oso bereizketa argia 
baldin badugu ere (hain, non beste euskaldunon erabilera nahasgarri den 
mendebaldekoentzako), beste euskaldun guztiak lasai asko bizi gara 
bereizi beharrik gabe ere NEBA eta ANAIAren artean. Eta espres bereizi 
beharra dagoenean, espres bereizten dugu, gehienetan NEBA hitza erabili 
gabe, gehienok erabiltzen ere ez dugulako. Txarra litzateke baturako 
NEBA eta ANAIA hitzen eremu semantikoak finkatzea? Batetik, ekarriko 
lukeen mesedea neurtu beharko litzateke. Bestetik, hori inposatzeak 
eragingo ligukeen lana/kostua. Erabakia arbitrarioa izango da. Eta 
asmatuko dugu edo ez. Geroak esango.

Eta BERE/HAREN kontuan? Merezi dute batuan, proposatzen diren bereizketa 
semantikoek? Agian bai. Eta merezi dute irabaziek, hauek eskatzen 
diguten lanaren/kostuaren alboan? Agian bai.

Kontuan izan behar da ordea:

1. NEBA/ANAIA edo antzeko beste kasu askotan bezala, euskaldun gehienok 
oso lasai bizi garela, bizi izan garela eta bizi gaitezkeela euskaraz 
BERE eta HARENen arteko iparraldeko tradiziozko bereizketa estua egin 
barik (gaur eguneko ipar ekialdeko euskaldun asko ere dirudienez).

2. Ze mesede lekarzkiguke bereizketak, praktikatzen ez dugunontzako? 
Agian oso garbiak izan balira, aspaldi ginen denok horren alde. Baina 
nik ez dut ere uste mesedeak hain argiak direnik.

Ze, egia da, BEREren gaur egungo hegoaldeko erabilerak, anbiguotasun 
maila handixeagoa eragiten duela, iparraldeko eredu estuko BERE/HAREN 
bereizketak baino. Baina hau ere, ohartu behar dugu, guztiz dagoela 
anbiguotasunean sartuta (eta Rosetakoen eta besteen eztabaidetan aipatu 
dira halakoak).

Eman dezagun segidakoa bezalako esaldi, apropos korapilatsua noski, 
erreferente posibleetan, arazoa erakusteko:

"Laster etorri ziren Mikel eta Ester Koldori kexaka, eta Jon BERE etxera 
eraman zuela Gorkak esan zion Anek Igoneri."

Hegoaldeko ereduan BERE horren erreferentzia izan litezke bi esaldi 
nagusietan agertzen diren zazpi pertsonak (Mikel, Ester, Koldo, Jon, 
Gorka, Ane edo Igone). Iparraldeko eredu estuan-edo berriz, BERE horren 
erreferentzia soilik izan litezke lau (Jon, Gorka, Ane edo Igone). 
Aldiz, Mikel, Ester edo Koldoren etxea aipatzeko HAREN erabiliko 
litzatekeelako (edo HONEN / HORREN / HAUEN / HORIEN / BERONEN / beraren/ 
...), baina kasu horretan ere ez genuke jakingo zehatz Mikel, Koldo edo 
Esterren etxea den beste perifrasirik gabe. Anbiguotasun maila jaisten 
da, baina ez hainbeste ere. Eta anbiguotasun posible horiek 
testuinguruak eta parafrasiek konponduko dituzte. Ipar zein hegoan.

Ez dakit ulertzen den. Edo ondo diodan. Baina nire irudipena da aukera 
bat zein bestea anfibologiaz beteta daudela, hizkuntza bera beti dagoen 
bezala (matematika eta hizkuntza artifizialak-eta ez bezala), hizkuntza 
naturala beti izan delako arbitrarioa, soziala eta historikoa izan den 
neurrian, ..., eta gainera errealitate aukera infinitu bati erantzun 
behar izaten diolako beti oso elementu mugatuekin (hiztegitxo bat, arau 
batzuk, ...).

Eta BERE/NAREN lege estuko bereizketak, anbiguotasunak hain gutxi 
konpontzen badizkigu, merezi digu euskaldun guztiak nahastea lege 
bakarraren araura? Edota jokatzea NEBA eta ANAIArekin bezala, bereizten 
duenak bereizten du, eta bereizten ez duenak ez du sekula beharrik 
sentitu? Edo zuketa/xuketa-ren bereizketekin, edo hitanoarekin 
(batzuontzako hain gurea), edo berorrikarekin. Dauzkagu. Dauzkagunok 
dauzkagu dauzkagun lekuetan, baina ez daukagu zertan guztiei inposatu 
(beharrik), ezta? Agian limurrez erakarri? Baina ... Ez dakit kasu bera 
diren, baina espiritua ulertu litekeelakoan ...

Inork gehiago eztabaidan sartu nahi badu ...

Ondo izan

Bittor

-- 
=============================
Bittor Hidalgo Eizagirre
Gaztelu kalea, 25, 4.A
20013 Donostia (Gipuzkoa)
Euskal Herria (Espainia -gainezarpenez-)
Tfnoak: 943326855 // 655728290
posta-e: bittorhidalgo a bildua euskalnet.net
=============================




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago