[itzul] Bana, bina...

Bittor Hidalgo bittorhidalgo a bildua euskalnet.net
Or, Urt 30, 11:43:42, CET 2009


Eztabaidan sartzeko, ulertu uste dut Patxi Petrirenak ontzat ematen 
dituen -na distributiboen esaldietan, _subjektuak_ direla bat baino 
gehiago, eta _objektuak_ bana, bina, ..., banatzen direnak subjektu 
horien artean (segidan berak ontzat emandako 3 esaldiak):

o Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Lan eta Gizarte 
Segurantza Sailak bina ordezkari izango dituzte.

o Urliak eta Sandiak sari bana lortu dute Bartzelonan.

o Idiakezek eta Katalin Erausok kale bana dute Donostian.

Aldiz "txartzat" eman nahi dituenak bi sailetakoak dira:

1. _Subjektu bakarrak_ (singular edo pluralak), bana, bina, ..., 
_objektu_ banatzen ditu _leku desberdinetan_ (berak txartzat eman nahiko 
segidako 3 esaldietan bezala):

o Ezker abertzaleak bina ordezkari lortu ditu Arratian eta Bilbon, eta 
bana Enkarterrian, Busturialdean eta Durangon.

o Urliak sari bana lortu du Bartzelonan eta Madrilen.

o Errege-Erregina Katolikoek kale bana dute Donostian eta Gasteizen.

2. _Subjektu bat baino gehiago_, hil dira (gertatu, ...), bana, bina, 
..., _leku desberdinetan_ (berak txartzat eman nahiko segidako 2 
esaldietan bezala):

o Altsasuko eta Lekunberriko gazte bana hil dira istripuan.

o Lau langile zendu dira: bana //Gasteizen, Armiñonen (Araba), Bilbon 
eta Santurtzin (Bizkaia).

3. _Subjektu bakarrak_ (singular edo pluralak), bana, bina, ..., 
_objektu mota desberdin_ banatzen ditu (berak txartzat eman nahiko 
segidako esaldian bezala):

o Atzelari eta aurrelari bana behar dugu taldean.

A. 1 motako esaldien inguru, aipatu, Patxi Goenagaren Gramatika Bideetan 
(85eko argitalpena _zuzendua eta osatua_). 90. orrialdean jasotzen du 
segidako adibide parekoa:

o Hark bina liburu erosi ditu liburudenda guztietan

Eta dio: "Distributibo hauek agertu ahal izateko 
 behar dugu beste 
[*izen] sintagmaren bat, distributiboa daraman [*izen] sintagmarekin 
nolabait erlazionatua, plurala dena." Eta argitzen: "Honen 
gramatikaltasunaren arrazoia bistan dagoela uste dut; liburu horiek 
/denda guztietan/ (beraz, denda batean baino gehiagotan) erosi dituenez, 
eta /bakoitzean bi/ erosi dituenez, bidezkoa da (eta beharrezko ere bai) 
distributiboa sartzea.

Beraz, pluraltasun erlazioa distributiboekin ez da bakarrik subjektuena, 
nahiz hori izan arruntena hizkuntzaren erabileran.

B. Horrela ere Patxik txartzat ematen duen 3. saileko adibide motan ere, 
nahiz bitxiagoa izan. Hau da pluraltasuna egon liteke objektu motetan 
ere. Ikusi bestela Patxiren adibidearen guztiz pareko den Nemesio 
Etxanizen segidakoa (OEH IIIn jasoa, 1989, 821, /bana/ sarrera):

o Andrea ta seme-alaba bana ditukela, diok. (NEtx Nola 22.)

[o Atzelari eta aurrelari bana behar dugu taldean.]

C. Distributiboen pluraltasuna banatu liteke subjektuetan eta beste 
sintagmetan ere batera (lekuzko inesiboak izan, edo beste):

o Langile bana hil d(ir)a Gasteizen, Arminonen (Araban) 
[Armiñon-Araban], ...

Laburtzeko, ez dirudi banatzaileek batere mugarik dutenik errealitate 
pluralen batekin lotu litezkeen bitartean, izan hau subjektu, objektu, 
datibo (oso maiz), leku, edo zernahi, /portu bakoitzean neska bana duen 
marinelaren antzera/. Edota /herri bakoitzetik ekarri dut nik 
oroitzapenen bat/.

Orotarikoan begiratuta (III, 1989, 820-1,/ bana/ sarrera -orain dela 
beraz ja 20 urte argitaratua-), egia da adibide gehienak subjektu 
pluraletakoak direla eta banatutakoak objektuak (eta hori izanen dela 
hizkuntzaren errealitate ohikoena), baina badira ere bestelakoak (eta 
uste dut ohitura hartu behar dugula daukagun tresna hoberenari 
begiratzeko, OEHa diot, zernahiren gaineko juzku eta teorizazioak egiten 
hasteko -edota gero eta hobeak izan diren Euskal Gramatika Lehen 
Urratsak aleei-). Segidan bildu dittut bertatik pluraltasuna datiboari 
(maiz) edo beste sintagmaren bati lotuta ageri diren adibide batzuk 
(gehienak) (eta beste asko ere topatu litezke Euskaltzaindiak ikerlarien 
artean eskaerara banatu ohi duen OEH-ko Testu Corpusa corpusean):

[Azken aurreko oharra: Laxaro Azkunen HUSNAren gainean galdetzen zuen, 
eta egia da, begiratuta, ez dudala tradiziozko adibiderik aurkitu (eta 
ezta ere apenas Euskal Prosa Gaur edo XX. Mendeko Eskararen Corpus 
Estatistikoan ere), baina Euskal Gramatika Lehen Urratsak-I-ek espres 
dio (216 or.): "Bestalde, partiduetan eta, markagailuak 0-0 adierazten 
duenean "husna" (edo "huts" eta "huts") esan ohi da." Eta niri ere, egia 
esan, tradizio handirik gabeko izanda ere ez zait gaizki aurkitua (ben 
trovato) iruditzen -EGLU-Ieko Gramatika Batzordeari ere ez bezala 
dirudienez nolanahi-.]

Adibide zenbait (datiboa dutenak distribuziorako plural):

o Zer jazoko litxakegu bizkaitarrai aztu eragingo baleusku euskeria, ta 
erri bakotxekuai iraatsi beste berbeta barri bana, erri baten bakarrik 
isten dabela lengo euskeria. (J.A. Mogel)

o Pasatuzué Jesús ónak pasioarén trágo latz samiñgúra, eta bereéi 
ematendióte urrupattobána. (Lizarraga Elkanokoa)

o Eiztari biai eman omen zien Markesak bazkaria bere maiean eta zortzi 
dukateko bana etxerako. (Iztueta)

o Eta serios harturik eskuetan ostria, / Hastekotzat iretsten du hunen 
mami guria / Koxkotarik bana gero demaie partideri. (Goihetxe)

o Ikhusten zituen guzieri Piarresek ematen zioten bertsu bana, zakizkan 
aire guzietan. (Elizanburu)

o Yezarri ta txikerdi bana ardao zuri garbituta, eskekuak agindu eban 
ekarteko maira txorixo egosi bana. (Kirikiño)

o Oherat gabe, gaupean eta ixil ixila / Musu bana emaiteko bazoazi 
gelaz-gela. (Iratzeder)

o Biok errikoseme goragarriak, eta gure erriak zor andi bana 
dautsenak...! (Erkiaga)

Beste sintagmaren bat dutenak distribuziorako plural:

o Iainkoaren ohoretako kantak orenen gisa. Asteko egun guztietako bana 
(tít.). (Etxeberri Ziburukoa)

o Hartarakotz harzazue arruta eta kamarmilla, ahur bana, eta hek ungi 
iragiturik pinta erdi bat arnotan. (Dasanza) [Da: /harzazue bakoitzetik 
ahur bana/; eta ez /harzazue bakoitzak ahur bana/.]

o Zeren ezbaitute akhabantza bana baizik, hala nominatibo 
singularrekoan, nola pluralekoan. (Etxeberri Sarakoa)

o Lurrean lau-oinka dabiltzan abere edo animalietatik, ta aidean egatzen 
diran egaztietatik pare bana. (Ubillos)

o Ardijabe batek bere artaldeari ifinten diozka ezagungarri, belarri 
bietan Pitzatu bana. [...] Belarri bietan Txulo bana. Eskuiko belarrian 
bakarrik Txulo bat. (Iztueta)

o Bisitetan dira altaraak Aita guria banagaz. (Uriarte) [hau da, 
/bakoitzean kantatuz Aita Gure bana/.]

o Erosi ditut hamar ardi, urthe banakoetarik. (Duvoisin)

o Mailu-baheak daduzkak esku banan. (Mirande)

Ondo izan

Bittor

Patxi Petrirena(e)k dio:
> Barkatu lehengo egunean "amua bota" eta gero arrantzari kasu handirik 
> ez egiteagatik (kasu egin nion, baina...). Zertxobait gehiago 
> aurreratuko dut gaur, datu eta iritzi gehiagoren berri izateko asmotan.
>
> Jarri nituen bi adibideetatik, bat 'arraroa' zen niretzat ("Ezker 
> abertzaleak bina ordezkari lortu ditu Arratian eta Bilbon, eta bana 
> Enkarterrian, Busturialdean eta Durangon"). Bi erantzunetatik 
> (eskerrik asko, Laxaro eta Bittor), bat nire irudipenarekin bat etorri 
> zen, eta besteak, berriz, guztiz normaltzat jo zuen esaldia. Nire 
> jakinminak bere horretan segitzen du, beraz.
>
> Uste dut beste adibide pare batek lagunduko digula zalantza argitzen. 
> "Urliak eta Sandiak sari bana lortu dute Bartzelonan" bezain arrunta 
> eta tatxagabea da "Urliak sari bana lortu du Bartzelonan eta 
> Madrilen"? Eta "Idiakezek eta Katalin Erausok kale bana dute 
> Donostian" bezain egokia da "Errege-Erregina Katolikoek kale bana dute 
> Donostian eta Gasteizen" (ezin ukatu bigarren horri grazia handiagoa 
> behintzat atera dakiokeela...)?
>
> Hortik aurrera, ausartzen naiz esatera gaur egun irakurtzen ditugun 
> zenbait esalditan nabarmen samarra dela hutsegitea:
>
> - Altsasuko eta Lekunberriko gazte bana hil dira istripuan.
> - Lau langile zendu dira: bana //Gasteizen, Armiñonen (Araba), Bilbon 
> eta Santurtzin (Bizkaia).
> - Atzelari eta aurrelari bana behar dugu taldean. --Bale, hau asmatua 
> da ;-) --
>
> Egin kosk.
>
> Patxi
>
>
>
>
>
>
>
> Bittor Hidalgo(e)k dio:
>> Niretzako biak dituk onak, batere zalantzarik gabe.
>>
>> Bittor
>>
>> Patxi Petrirena(e)k dio:
>>> Arratsalde on:
>>>
>>> Jakinmina piztu zait (edo berpiztu) 'bana', 'bina' eta halakoen 
>>> erabilera baten inguruan. Labur-labur planeatuko dut nire kezka. 
>>> Googlen "bina ordezkari" bilatuta, lehenbiziko bi adibideetatik bat 
>>> zuzena eta bestea okerra dira, nire ustez, baina nik okertzat 
>>> daukadan horren antzeko asko ikusten ditut han-hemen. Zuen iritzi 
>>> eta ekarpenen zain... Mila esker.
>>>
>>> Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Lan eta Gizarte 
>>> Segurantza Sailak bina ordezkari izango dituzte.
>>>
>>> Ezker abertzaleak bina ordezkari lortu ditu Arratian eta Bilbon, eta 
>>> bana Enkarterrian, Busturialdean eta Durangon.
>>>
>>>
>>> Patxi
>>>
>>
>> ------------------------------------------------------------------------
>>
>>
>> No virus found in this incoming message.
>> Checked by AVG - http://www.avg.com Version: 8.0.176 / Virus 
>> Database: 270.10.12/1910 - Release Date: 2009/01/22 18:28
>>
>

-- 
=============================
Bittor Hidalgo Eizagirre
Gaztelu kalea, 25, 4.A
20013 Donostia (Gipuzkoa)
Euskal Herria (Espainia -gainezarpenez-)
Tfnoak: 943326855 // 655728290
posta-e: bittorhidalgo a bildua euskalnet.net
=============================




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago