[itzul] 1984, hauxe bai jaia...

Ana Morales ana_isa_morales a bildua yahoo.com
Ost, Urr 7, 11:45:04, CEST 2009



Atzo aukera izan nuen Arriaga Antzokiak "1984" antzezlanerako prestatutako esku programa irakurtzeko. Deformazio profesionalaz edo, begia berehala joan zitzaidan lagun izunaren usaina zeukan pasarte batera: 

"Komunikabideak dauzkagu, zeintzuk duela gutxi Estatuaren propagandaren besoa izan baitziren Irakeko gerran, eta ez dirudi gai direnik gobernuko inori leporatzeko jasandako dezepzioaren eta esandako gezurren erantzukizuna". Erderazko testuari begiratu nion eta gauza bera aurkitu nuen: "… no parecen capaces de responsabilizar a nadie del gobierno por la decepción y las mentiras que se han contado al pueblo americano".

Ezin dut ziurtasunez esan, aurrean ez neukalako jatorrizkoa, baina lepoa egingo nuke "dezepzio" hori segurutik ingelesez "deception" izango zela, hau da, engainua edo iruzurra, askotan (gehienetan ez esatearren) txarto itzultzen dena euskarara nahiz gaztelaniara.

Baina hori ez zen ezer izan hurren ikusi nuenaren ondoan. Antzezleen eta rolen zerrendari erreparatu nionean aho bete hortz geratu nintzen. Hemen kopiatuko dut zati bat:

"Cameron Dye    Winston
Leythe Farley     O´Brien
Nathan Kornelis    Festara datorren 1.goa/1er Asistentea a la fiesta
Kaili Hollister    Festara datorren 2.a / 2ºAsistente a la fiesta"


Nire harridurak ez zeukan mugarik. Irudimena asko behartuta ere, ezin nuen imajinatu nola Winston Smith protagonista gizajoari egiten zaizkion tortura psikologiko eta fisikoen erreskada hark festa itxura izan zezakeen inorentzat. Eta metafora gisa krudelegia iruditzen zitzaidan, umorerik ziniko eta beltzena erabilita ere. Baina halako batean argitxo bat piztu zitzaidan: festa hori "party" izango zen jatorrizkoan, jakina. Eta orduan aukera bi zeuden: 

1) edo "Party" izatea, alegia, Alderdia (testuinguruan oso litekeena zena) edo 
2) "party" besterik gabe, hau da, taldea, protagonistaren itaunketan parte hartzen duten pertsonen multzoa.

Gaur goizean 1984-ren fitxa teknikoa bilatu dut Interneten. Hogeita hamar segundo kostatu zait. Hauxe aurkitu dut:

CAST: 
Cameron Dye as Winston
Nathan Kornelis as O'Brien
Justin Zsebe as 1st Party Member
Shana Sosin as 2nd Party Member
V. J. Foster as 3rd Party Member
Steven M. Porter as 4th Part Member 

"1984" obraren bukaeran odola izozteko moduko gogoeta dago hizkuntzaz eta itzulgarritasunaz. Interesgarria da pentsatzea zer esango zuen Orwellek jakingo balu atzo gauean Alderdia, bere obrako Alderdi beldurgarria, "festa" bihurtu zutela Bilbon, 2009an.

ana



      


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago