[itzul] Partizipioaz

Elhuyar Fundazioa elhuyar a bildua gmail.com
Ost, Api 28, 09:42:04, CEST 2010


Inork erantzun ez duenez, ez dakit zer pentsatu. Edo itzultzaileok oso garbi
dugu nola jokatu eta galderari zentzugabekeria iritzi diogu, edo ez dugu
garbi nola jokatu eta aliritzira aritzen gara.
Tira, jo dezagun denok lanez lepo gabiltzala, erantzuteko astirik gabe.

Nik uste dut kontua ez dela aditz-izena ala partizipioa modu absolutuan. Kasuak
eta kasuak daude.
Zerrenda baten aurrean "Zer egin behar da?" galdera agertuz gero, uste dut
partizipioa erabiliko genukeela gehienok: "plan bat egin / arazoa zehaztu /
laguntza eskatu..."
Baina zerrenda aurretik dagoena "Egin beharreko lanak" moduko zerbait baldin
bada, uste dut bietara jar litekeela, hau da, aditz-izenak jarriz gero ez
dut uste arazorik dagoenik: "plan bat egitea / arazoa zehaztea / laguntza
eskatzea..." Dena den, denak ekintzak baldin badira, normalena partizipioa
izango litzateke. Hizkera arruntean ere, hala jokatzen dugu, nik uste:
<Mendira abiatu aurretik, hiru gauza egin behar: eguraldiari *erreparatu*,
segapotoa *hartu *eta ogitartekoa ez *ahaztu*>.
Kontua da batzuetan zerrendatzen diren item, elementu edo izenburuak ez
direla ekintzak bakarrik, nahasian agertzen baitira izen-sintagmak eta
ekintzak. Horrelakoetan, nik aditz-izenak (izen-sintagmak, alegia)
erabiltzen ditut, hau da, ez ditut nahasian erabiltzen. Adibidez:

Hauek dira lanak:
- Jarraibideak eskuratzea
- Ordenazioa
- Itzulpena
- Zuzenketa
- Azken testua irakurtzea
- Bezeroari bidaltzea

Eta ez honela:

Hauek dira lanak:
- Jarraibideak eskuratu
- Ordenazioa
- Itzulpena
- Zuzenketa
- Azken testua irakurri
- Bezeroari bidali

Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak


2010/4/26 Itzuliz Itzulpen Zerbitzua <itzuliz a bildua euskalnet.net>

> Kaixo: testuetan halako esaldiak ageri direnean (puntu edo izenburu gisa),
>
> "Elaborar un plan de acción"
> "Identificar las herramientas de gestión"
> ...
>
> nola ematen dituzue? (bietara ikusi dut)
>
> Landu, ala lantzea?
> Zehaztu (identifikatu), ala zehaztea (identifikatzea)?
>
>
> Mila esker
>
> Joxemari
>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago