[itzul] marratxoa lerro amaieran

Xabier Mendiguren xmendiguren a bildua elkar.com
Al, Eka 7, 15:51:26, CEST 2010


Hau ez da berez itzulpen arazoa, baina bai testu-zuzentzearena, testu  
txukundu hori paper inprimatuan ateratzeko denean:

Marratxoz idazten dugun zerbaitetan (demagun, realzale pozpuztuen  
omenez, txuri-urdin), marratxoa justu lerro amaieran egokitzen  
denean, bi jokabide erabiltzen dira:

-batzuek, marra bakarra ipintzen dute, lerro amaierakoa.

-bestetzuek, marra bi: lerro amaieran bata, eta hurrengoaren hasieran  
bestea.

Joera horietako bakoitzak ditu bere zaleak, bere alde on eta txarrak.  
Bateratzea ona izango zela eta noizbait etorriko zela pentsatzen nuen  
nik, baina horra non sortu den hirugarren aukera bat:

-lerro amaieran marratxorik ez, eta hurrengo lerro hasieran bai.

Azken hau, oker ez banago, Indesign programaren osagarri batek ekarri  
du; batzuek uste dutenez deskuido bat izan da, baina beste zenbaitek  
uste du proposamen serioa dela, eta are ona ere.

Itzul zerrenda honetan ez diogu behin betiko irtenbidea emango  
arazoari, baina iritzi-trukea ez da, agian, kalterako izango.

X.



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago