[itzul] W-arekin amaitutakoen deklinabidea

Juan Garzia Garmendia juangarzia a bildua gmail.com
Al, Maiatza 17, 16:52:04, CEST 2010


Niri ere zalantza eragin dit galderak.

Interesgarriena Alfontsorena, baina uste dut gehixeago zehaztu
daitezkeela kontu batzuk, eta aukeraren bati buruz eztabaidatu.

Lehenengo eta behin, bada aldea:

W letrari dagokion fonema ezin daiteke, nik ezagutzen ditudan
hizkuntzetan, bokala izan. Y letrari dagokion fonema, aldiz, bai.

Bokalaren balioa duen Y, beraz, I bokalaren pare-parekoa da: grafia
dute alde bakarra: Royal Society(-)n.

Beste bokal baten segidan silaba amaieran doazen W eta Y letren balioa
semibokalarena da; alegia, diptongo baten bokal-bokalaren eranskin
modukoak dira hots horiek:(aw) eta (ay), adibidez. Bokalak balira, ez
lirateke silaba berean irakurriko, beste batean baizik (a-u) eta
(a-i).

Halako diptongoen segidan bokal bat egokitzen bada, berriz, semibokal
hori kontsonate petoa bilakatzen da, grafiak grafia:

aw + a = a-wa   (alaraua)

ay + a = a-ya (gabiraia)

Euskara baturako, -(r)- nahiz -e- epentetikoak sartu behar diren hala
ez erabakitzeko orduan (eta zalantza batzuen ondoren), hautatu zen
(*gau" eta *gai" hitza salbuetsiz, oker ez banago), bokaltzat jotzea
formalki -au eta -ai hitz-amaierak:

zenbait alaraurekin/*alarauekin
hanbeste gabirairentzat/*gabiraientzat

haren alarauan/*alarauean
gabiraian/*gabiraiean

Izen bereziez ari garenez, eta, beraz, epentetikoen kontuari aurre
egin behar zaionez (nahiz ez izan gauza bera izen berezien
deklinabidea eta izen arruntena), zentzuzkoa dirudi irizpide bera
erabiltzea, hots, berdin tratatzea: Bereau eta Aldai, Wroclaw eta
Faraday:

Bereaurentzat, Aldairentzat, Wroclaw-rentzat, Faraday-rentzat.

Eta leku-izenak balira ere, berdin, bokalez amaituen ereduan:

Bereaun/*Bereauen, Aldain/*Aldaien, Wroclaw-n, Faraday-n.

Uste dut baditugula dagoeneko nahikoa salbuespen, eta ez dela komeni
beste bar sartzea, arrazoi sendorik ezean. Marratxorik gabe ere, ez
dirudi alderik dagoenik -ayn eta -awn amaieren  artean: biak zaizkio
ezohiko euskal begiari, baina alternatiba -ain eta -aun egitea
litzateke....

Tira, arrotza arrotz da, grafiaz ere, eta ezin beti hain aise etxekotu.

(Uste dut marratxoaren aldeko beste arrazoi bat dela, halako
kasuetarako bederen, baina ez naiz ausartzen ozen esatera,
badaezpada).



2010/5/17 Elhuyar Fundazioa <elhuyar a bildua gmail.com>:
> Kontu polita atera duzu.
> Nola ahoskatzen den alde batera utzita deklinatzen dut nik uve bikoitza. Hau
> da, W zer da, bokala ala kontsonantea? Kontsonantea, ezta? Beraz,
> kontsonante moduan: Maslowen, Wroclawen, Naypyidawen (eta ez Maslown,
> Wroclawn, Naypyidawn)
>
> Y letraren kasuan, berriz, sistematikoki bokal moduan deklinatzen dut.
> Badakit beharbada ez dela oso koherentea aurreko erabakiarekin, baina,
> hitz-amaieran doala, bokal moduan baino ezin dut irudikatu y grekoa:
>
> Adibideak: Annecy, Bobigny, Canterbury, Chambéry, Évry, Konakry, Grozny,
> Guernesey, Jersey, Le Puy-en-Velay, Midway, Nancy, Port Moresby
>
> Alde horretatik, ezinezkoa gertatzen zait, adibidez, <lehen aldiz jokatuko
> du Super 12ko finala *Canterburyren* aurka> idatzi beharrean, <lehen aldiz
> jokatuko du Super 12ko finala* Canterburyen  *aurka> edo <New
> *Jerseyk*NBAko historiako marka txarrena berdindu du> ez eta <New
> *Jerseyek* NBAko historiako marka txarrena berdindu du> idaztea.
>
> Alfontso Mujika
> Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak
>
> 2010/5/17 Maialen Moreno <maialenmz a bildua yahoo.es>
>
>> Zalantza hau sortu zait:
>>
>> W-arekin amaitzen diren hitzak kontsonantetzat edo bokaltzat hartu behar al
>> dira?
>> Adibidez, Maslow-en ala Maslow-ren esango al genuke?
>>
>> Eta y-rekin amaitzen direnak?
>>
>> Eskerrik asko.
>>
>>
>>
>>
>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago