[itzul] W-arekin amaitutakoen deklinabidea
Elhuyar Fundazioa
elhuyar a bildua gmail.com
As, Maiatza 18, 10:00:33, CEST 2010
Ulertzen dut Juanen azalpena. Elhuyarren behin baino gehiagotan atera zaigun
gaia da (gai zikliko samarra, ez baitiogu erantzun beterik eman, egia esan).
Uste dut, dena den, komeni zaigula ondo zehaztea zer eredu orokor nahi/behar
dugun (eta gero ikusiko dugu ea salbuespenik egitea komeni den ala ez).
Alegia, kanpoko hitzak deklinatzeko orduan (idazteko orduan), zeri
erreparatu behar diogu? Hotsari ala letrari? Eredu "fonologikoa" ala eredu
"grafikoa" erabiliko dugu deklinabide-atzizkia idazteko orduan?
Eredu "fonologikoa": hotsa da oinarria, eta hotsa hartu behar da kontuan,
idatziz, deklinatzeko. Nolabait esateko, "ahoskatzen dugun bezala" idatziko
dugu dagokion deklinabide-atzizkiaren forma. Horrek esan nahi luke, hasteko,
denok berdin hitz egiten dugula, eta badakigu hori ez dela horrela. Esan
dezagun, orduan, zehaztearren, denok "ahoskatu beharko genukeen bezala".
Eredu horrek badu abantaila bat handia: ahozkoa eta idatzizkoa elkarren
elkarren isla dira, eta hori beti da ona. Badu desabantailarik, abantaila
baino handiagoa: denok jakin behar genuke nola ahoskatu kanpoko hitzak.
Gainera, moldaketa hori deklinabide-atzizkiari bakarrik legokioke, ez
hitzaren beraren idazkerari. Ikus dezagun adibideekin:
Google [ahoz: gugel].
NOREN kasuan: [ahoz: gugelen]. Idatziz: Googelen? Googleen? Google-en?
Shakespeare [ahoz: xespir]
NOREN kasuan: [ahoz: xespirren]. Idatziz: Shakespeare(-)en? Shakespearren?
Eredu "fonologikoa", garbi dago, arazoak ematen ditu. Horregatik, inon
araututa ez badago ere, gehienok (denok?) beste eredua erabiltzen dugu:
eredu "grafikoa".
Eredu "grafikoa": letra da oinarria, eta letra hartu behar da kontuan,
idatziz, deklinatzeko. Nolabait esateko, "euskal hitzak deklinatzen ditugun
bezala". Eredu horrek badu abantaila bat: ez da beharrezkoa jakitea hitza
nola ahoskatzen den. Eta desabantaila nabarmen bat ere badu: hitz
deklinatuaren forma, batzuetan (ez gutxitan), urrun dago ahozkotik.
Adibideak:
Google [ahoz: gugel].
NOREN kasuan: [ahoz: gugelen]. Idatziz: Google(-)ren
Shakespeare [ahoz: xespir]
NOREN kasuan: [ahoz: xespirren]. Idatziz: Shakespeare(-)ren
Euskaltzaindiak berak, arau moduan ez bada ere, eredu "grafiko" hori iradoki
du argitaratu duen azken gomendioan (158. araua: Kanpoko leku-izenak
euskaraz ahoskatzeko gomendioa). Honela dio:
<<<<<<<<<<<<<<<<<<<<
(...) Idatzizkoan, idatzizkoari erreparatuta ezarriz deklinabide-atzizkia,
hau da, azken letra kontsonantea bada, kontsonantez amaitutako hitzak bezala
deklinatuz; azken letra bokala bada, bokalez amaitutako hitzak bezala
deklinatuz. Adibidez:
*Yorkshire: Yorkshireren, Yorkshiren, Yorkshireko*...
*Creuse*: *Creuseko*, *Creusen*...
*Calais: Calaisen, Calais(e)ko, Calaisi...*
*Nīmes : Nīmes(e)ko*, *Nīmesen*, *Nīmesi...*
*Versailles: Versailles(e)ko*, *Versaillesen...*
*Limoges*: *Limoges(e) ko*, *Limogesen*...
B) Ahoskatzekoan, ahoskerari erreparatuta ezarri behar da
deklinabide-atzizkia. Adibidez:
*Yorkshire *<jorksair>:
*Yorkshireren *<jorksairr*en*>, *Yorkshiren *<jorksair*ren*>, *Yorkshireko *
<jorksair*reko*>...
*Creuse *<kreus>:
*Creuseko *<kreus(*e*)*ko*>2, *Creusen *<kreus*en*>...
*Calais *<kale>:
*Calaisen *<kale*n*>, *Calais(e)ko *<kale*ko*>, *Calaisi *<kale*ri*>...
*Nīmes *<nim>:
*Nīmes(e)ko *<nim*eko*>, *Nīmesen *<nimen>, *Nīmesi *<nim*i*>
*Versailles *<versail>:
*Versailles(e)ko *<versail*eko*>, *Versaillesen *<versail*en*>...
*Limoges *<limoʒ>:
*Limoges(e) ko *<limoʒ(*e*)*ko*>:, *Limogesen *<limoʒ*en*>...
<<<<<<<<<<<<<<<<<<<<<
Azalpen hori guztia ez da Juani erantzuteko, jakina (Juanek ere
Shakespeare(-)ren idazten du). Azalpen orokor bat da, esku artean dugun
gaiaren esparru orokorra zein den denok garbi izan dezagun.
Beraz, eredu "grafikoa" erabiltzen badugu, formulatu dezagun eredu hori
aplikatzeko prozedura. Hona hemen aukera bat:
-Euskal hitzak bezala deklinatu behar badugu, har dezagun euskal alfabetoa
eta esan dezagun zein diren bokalak eta zein kontsonanteak, eta horren
arabera deklinatu.
Prozedura sinple (sinplista? sinple bezain praktikoa behintzat bai), V letra
kontsonantea da, eta W letra ere kontsonantea da. Beraz, kontsonante gisa
deklinatu. Nik hori proposatu dut. Hori ez bada, fonemak aztertzen hasi
behar dugu, hau da, beste eredurantz (eredu "fonologikorantz") egin behar
dugu. Eta hor has litezke arazoak:
Juanek dio logikoa dirudiela <Wroclaw-rentzat> idaztea, hau da, bokalez
amaitutako hiztzat (edo hitz-tzat?) jotzea. Euskaraz ez dugu W letraz
amaitutako hitzik; beraz, kanpoan bilatu beharko dugu W kontsonantetzat ez
eta bokaltzat hartzeko argudioa. Eta horrek balio du hizkuntza batzuetan
(galeseraz /u/ garbi-garbia, ingelesez hor nonbait), eta beste batzuetan ez:
alemanez /v/ da. Polonieraz, adibidez, [frotsuaf] ahoskatzen da Wroclaw
hiria (gutxi gorabehera. Inork entzun nahi badu, hemen:
http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/b/bf/Wroclaw.ogg), hau da, W
hori gure F letra bezalakoa da . Beraz, bai <Wroclaw-rentzat> eta bai
<Wroclaw-entzat> urrun daude, oso, jatorrizkotik.
Juanek <w(-)ren> eta ez <w(-)en> proposatzeko erabili duen argudioari ez
diot nik logika kentzen. Bakarrik esaten dut nire sistema (sinplista?)
horretan ikasi beharreko beste puntu bat, salbuespen bat, sartzen duela, eta
irizpide kultu bat —nolabait esateko— sartzen duela (W semibokalaren
kontua). Eta eredu "grafikoa" zerbait guztiz konbentzionala denez, hobe
litzateke salbuespenak ahalik eta gutxien izatea.
Hor ditugu, ondoan, V letraz amaitzen diren kanpoko leku- eta pertsona-izen
asko, batez ere izen eslaviarretan (Andreiev, Brezhnev, Gorbatxov, Kharkiv,
Khrustxov, Kiev, Koroliov, Kuibyxev, Lviv, Medvedev, Molotov, Mykolaiv,
Nuriev, Parvanov, Plovdiv , Rimski-Korsakov , Sakharov, Saratov, Stoitxkov,
Txekhov, Txkalov, Ulianov, Ustinov, Zhdanov, Zhivkov). Horrelako izenetan,
ez dut uste inork proposatuko duenik bokalez bukatutako izen gisa
deklinatzea (Kiev(-)n?; Txekhov(-)ren?); kontsonantez bukatutako izen gisa
deklinatzea izango da zentzuzkoena eredu "grafikoan": (Kiev(-)en;
Txekhov(-)en). Alde horretatik, eredu "grafiko" horretan uve bikoitza eta
uvea berdin kontsideratzea iruditzen zait errazena. Hor ikusten dut nik
eragozpentxoa, ez beste inon. V salbuespena ez izatea, eta W salbuespena
izatea.
Laburrago esatea neukan, egia esateko. Barkatuko didazue.
Ez da hor agortzen gaia. Beste batean pentsatu beharko dugu zer egin H
letraz amaitzen direnekin.
Alfontso
------------------------------------------
2010/5/17 Juan Garzia Garmendia <juangarzia a bildua gmail.com>
> Niri ere zalantza eragin dit galderak.
>
> Interesgarriena Alfontsorena, baina uste dut gehixeago zehaztu
> daitezkeela kontu batzuk, eta aukeraren bati buruz eztabaidatu.
>
> Lehenengo eta behin, bada aldea:
>
> W letrari dagokion fonema ezin daiteke, nik ezagutzen ditudan
> hizkuntzetan, bokala izan. Y letrari dagokion fonema, aldiz, bai.
>
> Bokalaren balioa duen Y, beraz, I bokalaren pare-parekoa da: grafia
> dute alde bakarra: Royal Society(-)n.
>
> Beste bokal baten segidan silaba amaieran doazen W eta Y letren balioa
> semibokalarena da; alegia, diptongo baten bokal-bokalaren eranskin
> modukoak dira hots horiek:(aw) eta (ay), adibidez. Bokalak balira, ez
> lirateke silaba berean irakurriko, beste batean baizik (a-u) eta
> (a-i).
>
> Halako diptongoen segidan bokal bat egokitzen bada, berriz, semibokal
> hori kontsonate petoa bilakatzen da, grafiak grafia:
>
> aw + a = a-wa (alaraua)
>
> ay + a = a-ya (gabiraia)
>
> Euskara baturako, -(r)- nahiz -e- epentetikoak sartu behar diren hala
> ez erabakitzeko orduan (eta zalantza batzuen ondoren), hautatu zen
> (*gau" eta *gai" hitza salbuetsiz, oker ez banago), bokaltzat jotzea
> formalki -au eta -ai hitz-amaierak:
>
> zenbait alaraurekin/*alarauekin
> hanbeste gabirairentzat/*gabiraientzat
>
> haren alarauan/*alarauean
> gabiraian/*gabiraiean
>
> Izen bereziez ari garenez, eta, beraz, epentetikoen kontuari aurre
> egin behar zaionez (nahiz ez izan gauza bera izen berezien
> deklinabidea eta izen arruntena), zentzuzkoa dirudi irizpide bera
> erabiltzea, hots, berdin tratatzea: Bereau eta Aldai, Wroclaw eta
> Faraday:
>
> Bereaurentzat, Aldairentzat, Wroclaw-rentzat, Faraday-rentzat.
>
> Eta leku-izenak balira ere, berdin, bokalez amaituen ereduan:
>
> Bereaun/*Bereauen, Aldain/*Aldaien, Wroclaw-n, Faraday-n.
>
> Uste dut baditugula dagoeneko nahikoa salbuespen, eta ez dela komeni
> beste bar sartzea, arrazoi sendorik ezean. Marratxorik gabe ere, ez
> dirudi alderik dagoenik -ayn eta -awn amaieren artean: biak zaizkio
> ezohiko euskal begiari, baina alternatiba -ain eta -aun egitea
> litzateke....
>
> Tira, arrotza arrotz da, grafiaz ere, eta ezin beti hain aise etxekotu.
>
> (Uste dut marratxoaren aldeko beste arrazoi bat dela, halako
> kasuetarako bederen, baina ez naiz ausartzen ozen esatera,
> badaezpada).
>
>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago