[itzul] W-arekin amaitutakoen deklinabidea

jon-agirre a bildua ej-gv.es jon-agirre a bildua ej-gv.es
Ast, Maiatza 20, 09:57:53, CEST 2010


(Atzo bidali nuen mezu hau, Juani erantzunez, eta zeinu bereziak sartu nituelako gehiegizko pisua zeukanez ez zen iritsi. Kendu egin diot zeinuren bat eta amaiera, ea horrela heltzen den.)

Eragozpena ulertzen dizut, Juan, eta bat nator eragozpena dela. Baina h amaieraren kasua bera da: 'Jeremiahek' idatzi eta <Jeremiak> ahoskatu behar genuke, lasai edo. Alegia, arazo bera dela hori eta ‘Trinityek’ idatzi eta <Trinitik> ahoskatzea. Bestela, zuzendu nahian okertu egingo genuke, eta, salbuespenetan hasiz gero, nahaspila handiagoa sortu, gainera, salbuespen batek beste bat erakarriko ligukeelako. Iradokitako irtenbidea erosoa da, xinplea, koherentea, kodean-kodean (idatzian edo ahozkoan) emaitza arrarorik emango ez duena, kode aldaketan (idatzitik ahozkora, irakurketan, alegia) irakurleari begi-bizkortasuna eskatzen diona (hori bai), baina ez idazleari ez hizlariari arazorik emango ez diona, nahiz eta ohitzea falta zaigun (arauak berak ere ez dauka urtebete, eman denbora denborari).

Bestalde, ahoskerari buruz, 'Google' <gugəl> edo <gug-l> ahoskatzea ederto dago (bikainerako), baina euskaraz badago txukun-txukun <google> ahoskatzea, ingelesezko bokalen euskarazko ahoskera arautu gabe dagoelako (cf. 153. arauan “Bokalak ez dira sartu, kasuistika konplexua delako”).

Bestalderago, aipatu dituzun <a-wa> erdi-kontsonante horiek leku batzuetan <aμ-a> erdi-bokal ahoskatzen dira. ‘Ardaoa’ ahoskatzeko entzuna dut <ar-da-ba>, eta <ar-da-gωa> gehiegizkoa ere bai (beharbada iradokitzen duena esan nahi zuen <ardagua> ahoskatu zuen horrek), baina <ar-dau-a> edo <ar-dau-e> ere entzuten da barra-barra. Berdin <a-ja> diozuna, <ai-a> erdi-bokalez ahoskatzea ere badagoela, hau da ‘jaia’ <ja-ja> edo <xa-ja> baina <jai-a> edo <ʒai-ʒe> ere entzuten da zabal-zabal.

Bestaldeekin amaitzearren, nire mezuan Euskaltzaindiaren arautik kopiatutako Yorkshireren <jorsair> ahoskera ez dator bat (lapsus regulae) arau berean ematen duen arauarekin (<jorkxair> behar bailuke):

“sh, Yorkshire, <x> (horixe, pixka, xagua)”.

Jon Agirre

P. s.: ez dakit sartu ditudan zeinu bereziak ondo agertuko diren, baina ziur nago zuen prestutasunak osatuko dituela teknologiaren ezinak.


-----Jatorrizko mezua-----
Nork: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com] Noren izenean: Juan Garzia Garmendia
Bidaltze-data: asteazkena, 2010.eko maiatzak 19 12:03
Nori: ItzuL
Gaia: Re: [itzul] W-arekin amaitutakoen deklinabidea

Ados arauan, baina aplikazioan...

Kasurik garbiena baino ez aipatzearren (letrei berezko
kontsonate-bokal etiketa jartzearena alde batera utzita ere), non
idatzita dago "Trinity" hitzean Y kontsonantea dela? Zer zentzu luke
zentzugabekeria horretan oinarritutako arau batek: *Trinity-en* (NON
zein NOREN)?

(Hala ere, *dura sed lex*, garbi balego hala arautu dela,
adostasunaren izenean, zapotzar hori ere irentsi beharko).


2010/5/19  <jon-agirre a bildua ej-gv.es>:
> Ahozkoa eta idatzia ez bereizteak, beste arlo batzuetan bezala (tokian tokiko aldaeren estandarizazio ahaleginetan, besteak beste), hemen ere arazoak sortzen dizkigu. Nire iritziz, idazterakoan azken letra (ez fonema) kontsonantea ala bokala den begiratu behar da, modu batera edo bestera deklinatzeko. Ahozkoan, ostera, azken fonema (ez letra) zein den hartu beharko da kontuan.
>
> Gainera, iruditzen zait horixe ondoriozta daitekeela Euskaltzaindiak eman dituen azken arauetatik (158. araua: Kanpoko leku-izenak euskaraz ahoskatzeko irizpideak. Euskaltzaindiaren gomendioa):
>
> "3. Deklinabidea eta ahoskera
> Kanpoko leku-izen baten idazkera eta ahoskera bat ez datozenean eta izena deklinatu behar
> denean, honela joka daiteke deklinabide-atzizkia eransteko orduan:
>
> A) Idatzizkoan, idatzizkoari erreparatuta ezarriz deklinabide-atzizkia, hau da, azken letra
> kontsonantea bada, kontsonantez amaitutako hitzak bezala deklinatuz; azken letra bokala bada,
> bokalez amaitutako hitzak bezala deklinatuz. Adibidez:
> Yorkshire: Yorkshireren, Yorkshiren, Yorkshireko...
> Creuse: Creuseko, Creusen...
> Calais: Calaisen, Calais(e)ko, Calaisi...
> Nīmes : Nīmes(e)ko, Nīmesen, Nīmesi...
> Versailles: Versailles(e)ko, Versaillesen...
> Limoges: Limoges(e) ko, Limogesen...
>
> B) Ahoskatzekoan, ahoskerari erreparatuta ezarri behar da deklinabide-atzizkia. Adibidez:
> Yorkshire <jorksair>:
> Yorkshireren <jorksairren>, Yorkshiren <jorksairren>, Yorkshireko <jorksairreko>...
> Creuse <kreus>:
> Creuseko <kreus(e)ko>2, Creusen <kreusen>...
> Calais <kale>:
> Calaisen <kalen>, Calais(e)ko <kaleko>, Calaisi <kaleri>...
> Nīmes <nim>:
> Nīmes(e)ko <nimeko>, Nīmesen <nimen>, Nīmesi <nimi>
> Versailles <versail>:
> Versailles(e)ko <versaileko>, Versaillesen <versailen>...
 (...)



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago