[itzul] Burutu

kixmi kixmi a bildua iservicesmail.com
As, Aza 23, 00:11:48, CET 2010


Baina kontua da nire galderarako "actuaciones"en ordainaren egokitasunak 
muntarik ez duela.
Nire zalantza "burutu" aditzaren ingurukoa da, eta mezuan paratu nuena 
adibidea baino ez zen.
Aski zen suposatzea "ekintzak" testuinguru horretan ongi zetorrela.

Ekintza/egintza/jarduera/aktuazioa edo desnominalizatua jarrita ere, 
nire zalantza ez da aldatzen.
Ez dakit testuingurugabea izango den; orokorragoa, bai, behintzat.

Nik ez nuke ipiniko hori itzultzeko "burutu beharreko 
ekintzak/egintzak/jarduerak/aktuazioak" edo "burutu beharrekoak", ez, 
behintzat, testuinguruak ez badit argi uzten "amaitu"ren adieraren oso 
antzeko bat ematen zaiola gaztelaniazko aditzari.
Hala ere, besteren testuan egin behar nuen aldaketa oinarritzeko, 
hiztegira jo nuen, eta han aurkitu nuen "realizar" eta "llevar a cabo" 
adierak normal-normal ematen zaizkiola (gero ez zait harritzen edonon 
"eguerdian herri bazkaria burutuko da", "bost hitzaldi burutuko dira 
aste kulturalean" eta tankera horretakoak barra-barra irakurtzea; 
burutzeko, lehenik  hasi beharko dira, ala ez?).
Horixek sortu zidan zalantza nik lehen nuen ustearen gainean, eta 
horregatik egin nuen galdera.

Ez dakit itzultzaile batek testuingurua kontuan hartzen duela eta 
hiztegiaren morroi ez dela justifikatzen ibili behar duen.
Hori suposatu beharko litzateke, nik suposatzen dudan bezala erantzuteko 
asmoa duenak aurretik galdera ongi irakurriko duela.

Barkatu hainbeste egunen ondoren kontu hau berrartzeagatik, baina, 
bueno, nik nahi dudana galdetu eta zuek gogoak ematen dizuena erantzun 
(hori argi baino argiago dago).

Ongi izan,

Kixmi






17/11/2010 16:50(e)an, Juan Garzia Garmendia(e)k idatzi zuen:
> Ez "actuaciones" eta ez "realizar" non-nola-zertarako erabiltzen diren
> kontuan hartu gabe jardun behar badugu itzultzaileok, ez du
> erremediorik kontuak .
>
> Alegia, hiztegigilea dagoen egoera destestuingurutua bere egiten badu
> itzultzaileak, ez dago modu onik esateko "nola den euskaraz" ez bata ez
> bestea.
>
> Kentzera omen zindoazen, Kixmi, "bururutu" hori. Ederki, baina zer ipiniko
> zenuen? "Ekintzak egin"? Ala "egintzak egin" nahiz "ekintzei ekin"?
>
> Bestetik: "acción" eta "actuación", biak berdin ote dira "ekintza"?
>
> Eta (egunotako uztatik): "jarduerak egin" sanoago ote da "burutu" kendu
> delako?
>
> Nire ustez, kontu termilogikorik tartean ez denean, "egiteko bidean
> daudenak", "egin beharrekoak"  edo antzeko desnoninalizatu bat da hor
> egokiena. "Actuación" terminologikoa bada, berriz (hirigintzakoa, adibidez),
> "ekintza" baino zerbait markatuagoa behar da (hoberik ezean, demagun,
> "aktuazio" bat), eta horren arabera aukeratu beharko da, gero, makulu-aditza
> ("aktuazio bat egin", demagun).
>
> Bestela, hiztegiak erabaki behar badu guztia, onets dezagun,
> gordin-gordin, hitzez hitzeko itzulpena, eta, prezio berean, zozo-zozo,
> makina bidezkoa. Azken erabakia izango da hori, hala ere, sobera baitago
> orduan itzultzaile garunduna.
>
> Tira: beharbada, antzerkilariek "eman beharreko emanaldiak" (!) izango dira
> "actuaciones" horiek, baina ezin jakin, hiztegi guztiekin ere,
> testuingururik ezean.
>
> Hiztegia, horrela erabilita, itzultzailea bide egokitik desbideratzeko
> tramankulu arriskutsua da. Bonba bat, alegia, umeen eskuan.
>
> Burutu gabeak, baina horra nire burutazioak, nolanahi ere "gure jarduerak
> egiteko beharko diren ekintzak zuzen buru/gauzatuko" direlako esperantza
> etsian..
>
>
> 2010/11/17 kixmi<kixmi a bildua iservicesmail.com>
>
>> Eguerdi on,
>> Testu bat zuzentzea egokitu zait aspaldiko partez, eta "burutu" aditza
>> agertu zait "realizar" aditzaren ordaintzat.
>> Adib.:
>> "/las actuaciones a realizar" --- "//burutu beharreko ekintzak//"/
>>
>> Kentzekotan nengoen, baina ikusi dut Elhuyarren "*llevar a cabo, ejecutar"
>> edo "cumplir" adierak onartzen dizkiola.
>> (edo "realizar": **egin; "burutu", obratu, gauzatu, mamitu, egikaritu**
>> Orain zalantza egiten dut.
>> Amore eman dugu eta erabilera berria onartzen da?
>> Ala irizpide zaharrari (burutu = amaitu) jarraituko diot?
>> Inork laguntzerik badu...
>>
>> Eskerrik asko aldez aurretik
>> *
>>
>>
>
>




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago