[itzul] Jokin Zaitegi Saria
Xabier Mendiguren
xmendiguren a bildua elkar.com
Ast, Aza 25, 12:34:15, CET 2010
XXIV. Jokin Zaitegi Sariketa
Literatura Nobel Sariak euskaratzeko beka 2010
Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Kutxaren
laguntzarekin, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark
literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko,
XXIV. Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute, aurtengo Literaturako
Nobel saridunaren lana itzultzeko erabiliko dena, ondorengo oinarrien
arabera:
1. 2010ean Suediako Akademiak Mario Vargas Llosa idazle peruarrari
eman dio Literaturako Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen
helburua Vargas Llosak idatzitako Pantaleón y las visitadoras
eleberria itzularaztea da.
2. Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har
dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, obraren lehenengo orriak
euskaratu beharko ditu, eta egindako lan horrexen lau kopia bidali
AED Elkartearen egoitzara (Pablo Uranga 4 behea, 20500 Arrasate),
2010eko abenduaren 21a bitartean; ez da itzultzailearen izenik
agerian jarriko, baina bai goiburu bat; itzultzailearen datuak eta
telefonoa gutun-azal itxi baten barruan adieraziko dira, eta sobre
horren azalean goiburu bera errepikatu.
3. Lehen orri horiei dagokien jatorrizko testua antolatzaileek
jarriko dute partehartzaileen esku, hauek eskatu ahala –telefonoz,
idatziz nahiz e-mailez–. Internet bidez ere lortu ahal izango da
testu hori, ondoko helbide honetan:
www.elkarargitaletxea.com/jokinzaitegi
4. Fernando Reyk, Koro Navarrok eta Karlos Zabalak osatutako
epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko
du irabazle 2011ko urtarrilaren amaiera baino lehen.
5. Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi
ahalko da. Kasu horretan, antolatzaileek aukera izango lukete
itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, bekako diru-kopuruaren truke.
6. Era berean, antolatzaileek aukera izango dute itzulpenerako
proposatutako obraren ordez egile beraren beste lan bat hautatzeko,
sariaren erabakia jakinarazi baino lehen, betiere. Lanaren luzeraren
arabera egokituko litzateke sariaren dirua ere.
7. Irabazleak 6.000 euroko saria irabaziko du Pantaleón y las
visitadoras eleberria osorik itzultzeko: diru erdia jakinarazpena
egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan
amaitua 2011ko irailaren 30a baino lehen entregatu beharko du Elkar
argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea
nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren
bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.
8. Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko du
Pantaleón y las visitadoras eleberria euskaraz, eta 2011ko Durangoko
Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko
da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez
baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza. Antolatzaileez gain,
Kutxa babesleak ere dagokion tokia izango du edizioan.
9. Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea
dakar. Berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei
dagokie erabakitzea.
Harremanetarako:
liburuak a bildua elkar.com 943310267
aed a bildua aedelkartea.com 943771228
Sariaren orain arteko historia:
2002 Imre Kertesz: Zoririk ez
Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea
2003 J.M. Coetzee: Lotsaizuna
Itzultzailea: Oskar Arana
2004 Elfriede Jelinek
Itzulpen saria hutsik utzi zen
2005 Harold Pinter: Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk
Itzultzailea: Ińigo Errasti
2006 Orhan Pamuk: Elurra
Itzultzailea: Monika Etxebarria / Fernando Rey
2007 Doris Lessing: Belarra kantari
Itzultzailea: Koro Navarro
2008 J.M.G. Le Clézio: Basamortua
Itzultzailea: Luis Berrizbeitia
2009 Herta Müller: Hatsaren kulunka
Itzultzailea: Ibon Uribarri
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago