[itzul] Sei hilabeteko aurrerapenEz? aurrerapenAz?

Juan Garzia Garmendia juangarzia a bildua gmail.com
Ast, Urt 13, 20:53:25, CET 2011


Ur handitan (ur handian?) sartzea da, baina nadin murgil ni ere.

Adjektiboa agertzeak ez du eraginik zuzenean. Bai, ordea, zeharka,
adjektibatzen dugunean nolabait zehazten ari ohi baikara izen soil
zehaztugabeagoa.

Mugagabea (zenbatzailerik gabeko sintagma "biluzi"etan), egoki denean,
erreferentearen espezifikotasunik ezarekin loturik egoten da: eguzkian
(espezifikoa semantikaz, mugatua sintaxiz) / eguzkitan (inespezifikoa
semantikaz, mugagabea sintaxiz), eta berdin likido eta gisakoekin:
ardotan/ardoan zein ardoz/ardoaz.

Jakina, IS biluzien aukerarik ez dago kasu guztietan: "*ardorekin".

Beste muturrean, -Z atzizkiarekin (ez hainbeste inesiboarekin), oso
emankorra da joskera hori. Kontuan hartu behar da aski adiera abstratuko
sintagmak eratzen dituela atzizki horrek, ez baita, gehienetan
"instrumental" garbia esanahia, moduzkoa baizik: gogoz (gogo biziz), buruz
(buru argiz)...

Hala, askotan izaten dugu honela kontraste edo disimetria:

BURUAREKIN (dotoreago edo: BURUAZ): zerekin (zerez), "tresna" edo baliabide
espezifiko batekin/batez (burua: espezifikoa, nahiz generikoki erabili)

BURUZ: nola, erreferente inespezifikoz (esanahia esanahi: buruz erori /
buruz ikasi)


Eta berdintsu:

sei hilabeteko atzerapenarekin/atzerapenaz (zenbateko
atzerapenarekin/atzerapenaz)

sei hilabeteko atzerapenez (nola)

Atzerapena, nolanahi ere, hor, ez da egiaz zehaztua, mugatzailea "bat"en
esanahi berekoa baita erabilera horretan (egokia dirudi, estilo batean):

sei hilabeteko atzerapen (luzagarri) batekin/batez

"Bat" zehaztugabea zein (haren baliokide izan daitekeen) "-a" mugatzailea
erabili, ohiko izen sintagma determinatua dugu. Halakorik gabe, berriz, izen
sintagma "biluzi" determinanterik gabe, inespezifikotasun horrengatik NOLA
adierako zer askotarikoetarako aukera-aukerakoa:

(Carrrarako / ehun kiloko) harriz egina (bide batez, "harriz" horretan,
"harri" ez da ez singular ez plurala, inespezifikoa baita guztiz, numerorik
ere gabea)
kolorez (kolore biziz)

Jakina, zentzu espezifikoak besterik eskatuko du:

zuk ekarritako harriaz/harriez egina

haren koloreaz (kolore biziaz) harriturik

Ez da nahastu behar (in)espezifikotasuna (semantikoa) eta determinazioa
(gramatikala), eta, bestalde, euskalki-gorabeherez gainera
("sentimendurekin" zuzena da Iparraldean),(deklinabideko) kasu bakoitza da
(ia) kasu bat:

nire ustez
nire ustean
nire ustetan




2011/1/13 Rey Escalera, Fernando (Itzultzailea:NAO/BON) <
fernando.rey.escalera a bildua cfnavarra.es>

> Nik ere zuk bezala pentsatzen dut, "aurrerapenaz" beharko lukeela
> (portzierto, norekin kasua erabiliz gero, ez genuke dudarik izanen segur
> aski; "sei hilabeteko aurrerapenarekin", ez "sei hilabeteko aurrerapenekin"
> jakina).
> Ez dakit "aurrerapenez" gramatikala ote den, baina, adjektiboa duenez,
> singularra behar duela iruditzen zait.
>
> "Ur" edo "Su" hitzarekin berdin gertatzen dela iruditzen zait.
> Uretan sartu dut (urean ere esaten da, ekialdean gehienbat, eta ongi dago,
> baina tira...).
> Baina "ur beroan", eta ez "ur berotan".
> "Sutan" jarri, baina "su motelean" edo "su bizian", edo "hango suan".
>
> Nik hala egiten dut, baina seguruena badira bestelako erabilerak ere. Zeren
> "suerte handiz" esaten da, edo "atsegin handiz". Eta ez gara hasiko esaten
> horiek ez direla esan, ezta?
>
> Bueno. Ez dakit deus ere argitu dudan, edo igual ilundu.
> Ongi bizi.
> Fernando



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago