[itzul] Jentilizioak, izenarekin baldin badoaz, ezkerrean jartzearen arau orokorra

Juan Garzia Garmendia juangarzia a bildua gmail.com
Ast, Ots 16, 20:39:12, CET 2012


Guztiz ados, Xabier, baina uste diat modu sinple batean orokortu
daitekeela nik ere berdin aplikatzen dudan jarraibide hori (beste
jokabidea, batzuen tradizio berrikoa, are sinpleagoa da: izenaren
eskuinean beti):

- KO atzikidunen molde berean erabili -TAR atzizkidunak, hots,
izenlagunen joskeran, izenaren ezkerrean dutela kokagune kanokikoa.
- Ez da debekurik, berez, izenlaguna batzuetan izenondoen kokagunera
ekartzeko, hots, izenaren eskuinera.

Izenlagunak eskuineratze horren arrazoi BAT aipatzen duk, Xabier,
sintagmen banaketari dagokiona: izenaren ezkerraldea "okupatua"
egotea. Ados, baina ez duk bakarra: horrekin loturik, esan beharra
zagok (hire tokaio Alberdik-eta seinalatu bezala) oraingo -TAR
atzizkidun asko (gero eta gehiago) ez direla jada jentilizio petoak:
hamartar, kartesiar... Halako asko, hain zuzen ere, izenondotuta
zaudek zeharo, eta ez dituk erabiltzen sekula izenlaguntzat: *hamartar
zenbakiak.

Bi kokaguneak onartzen dituztenen artean, nire iritziz, bada
bereizkuntza semantiko bat gutxitan erreparatzen zaiona, oro har
izenlagunen eta izenondoen artean ageri denaren isla dena:

Avignongo aitasantua ["zein aitasantu", eskuarki]
Aitasantu Erromakoa [atributu gehitu hutsa, eskuarki]


Bereizkuntza hori eta antzeko beste asko, jakina (aita gurea / gure
aita), neutralizatu egin daitezke testuinguru batzuetan, baina,
bereiztekotan, beti da ezkerretikoa "zein" adierara lerratzen dena,
eskuineko atributibo hutsaren aldean. Alegia, "zein Etxeberri?"
galderari "Sarako Etxeberri" erantzungo genioke, noski, eta ez
"Etxeberri Sarakoa".

Horregatik edo, errazago datoz izenondo kokagunera "zein" adiera
zehaztailean ulertzen ez direnak: auzi kafkatarra...

Nik neuk, ildo horretatik, desberdin samar ulertuko nituzke biok:

a) errusiar/Errusiako ipuinak [argitaratu dituzte] ("zein ipuin",
aukeran; "ipuinetatik errusiar/Errusiako direnak")
b) ipuin errusiarrak [argitaratu dituzte] ("nolakoak" edo, aukeran;
"ipuin batzuk, errusiarrak")

Ñabardura hori, bistan da, abiapuntuan --lehen aukera gisa-- "errusiar
ipuinak" darabilen hiztunarentzat da baliagarri, eta testuinguru
sintaktikoak (eta ez ezkerretiko kargak bakarrik) eta pragmatikoak eta
adjektibo bakoitzaren semantikak badute zerikusia joskera bat ala
bestea erabakitzeko orduan: -KO atzikidunekin bezalatsu, hain zuzen
ere (Manual Devotionezkoa).

-TAR atzizkidunak beti izenondo petoen gisa darabiltzanarentzat, zer
esanik ez, ez da halako bereizkuntzarik.

Azken ohar bat (edo elukubrazio bat), hasita gaudenez, jentilizio
petoez. Tradizioko "Eibartar borrokalaria", "italiar konpositorea"
eta gisako sintagma batzuen kasuan, balegoke analisi sintaktiko
alternatibo bat, teorikoki behintzat: jentilizioa izentzat hartzea. Ez
dut ezagutzen, hala ere, analisi horren aldeko datu edo azterketa
zehatzik, eta bazter dezagun aukera, badugu-eta nahikoa lan bestela
ere.



>        «Arau orokor gisa, izenaren ezkerrean jarriko dugu jentilizioa:
> frantses haizea, ingeles jendea, nafar idazlea, Dominikar Errepublika, eta
> abar.
>
>        Salbuespen gisa, eskuinean jarriko dugu bi kasu hauetan:
>
>           - Pertsona izenen ondoan: Pedro azpeitiarra, Gorvatxov errusiarra,
> Jordaens flandestarra, Maritxu sunbildarra.
>           - Izenak ezkerrean osagarri askotxo duenean: makina bat margolan
> eder egin duen Donostiara ezkondutako pintore estatubatuarra.»
>
>
> Xabier Armendaritz
> AIXE itzulpen eta zerbitzuak
> Biltzar Nagusiak, 11, behea
> 01010 GASTEIZ
>
> Tel.: (+34) 945 174 476
> <aixe a bildua ctv.es>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago