[itzul] cartón pluma

Amaia Apalauza amaia.apalauza a bildua gmail.com
Ost, Ots 22, 09:38:16, CET 2012


Egun on:

Material mota bat da, kartelak eta posterrak egiteko erabiltzen dena (FOAM
ere esaten zaio). Poliestirenozko xafla bat izaten da, eta kartoia jartzen
zaio gaineko eta azpiko aldean. Pentsatzen dut "pluma" hori pisuagatik
izango dela, oso arina baita, baina ez nago seguru.

Euskaraz, "kartoi-luma" eta "luma-kartoi" ikusi ditut, eta dudan nago zein
ote den zuzenagoa.

Euskaltermen ez da agertzen, baina badira antzeko batzuk: cartón paja >
lasto-kartoi (lastoz egina baita), cartón piedra > harri-kartoi (uste dut
harri-itxura duen kartoi mota bat dela), cartón yeso > kartoi-igeltsu
(erdian igeltsua, eta kartoia gainean eta azpian).

Iruditzen zait, "luma-kartoi" jarrita, "lumaz osatutako edo egindako
kartoi" edo holako zerbait ulertzen dela, eta ez da zehazki hori. Beste
aukera bat ere bururatu zait; lumak pisu arinari erreferentzia egiten diola
ulerturik, "kartoi arin" edo holako zerbait izan liteke, baina asmatzen ari
naiz. Eta, azkenik, ez daukat argudiorik "kartoi-luma"ren alde egiteko
(baina ezta kontra egiteko ere).

Zer iruditzen zaizue zuei?

Eskerrik asko!

Amaia



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago