[itzul] proyecto estrella
Koldo Biguri
kbiguri a bildua yahoo.es
Ost, Urt 25, 20:08:01, CET 2012
Eztabaida oso interesgarria da, benetan, itzulpena eta zuzentasuna ulertzeko ditugun modu desberdinei dagokielako, kasu jakin baten aitzakiarekin.
Hasteko, gogoetatxo bat: ezin da konparatu kalko semantiko bat oker gramatikal nabarmenekin, eman diren argudio batzuetan egin diren bezala; akats gramatikalak garbi dago akatsak direla, baina nork eta zein irizpideren arabera erabakitzen da halako kalko semantiko bat akatsa dela eta ez dela "zuzena"?
A, bai! Hizkuntzalari edo filologo errespetagarriek esaten dute irizpidea izan behar duela halako hitz edo esamoldea mailegatzea onargarriagoa dela "nazioartekoa" denean (zenbat nazioren artekoa? Nork daki, ingelesez eta beste lau-bost-sei hizkuntzaz aparte, nola esaten diren kritikatzen diren baliabide semantikoak?), eta ez dela onargarria bakar-bakarrik gure beste hizkuntza ere baden horretan bakarrik esaten bada (esaten badugu, alegia): alegia, "kirofanoa" ezin da erabili erdaratik hartutako mailegua delako (nahiz eta euskaldunen ahotan beste hitzik egon ez), eta "ebakuntza-gela" edo horrelako zerbait erabili behar dugu, gureak ez diren beste nazioarteko hizkuntza horietan hala esaten dutelako. Bitartean, biba eskizofrenia linguistikoa!
Alegia, itzultzaileak gara, bai; baina gure jarduera ikertzen duen zientziak esaten duena albo batera utz dezagun (alegia, Helburuko Testuaren naturaltasuna eta, ondorioz, ulergarritasuna hobetsi behar dela, zuzenak diren baliokidetasun posibleen artetik), eta beti bezala txintxo-txintxo men egin diezaiegun gure hizkuntzalariek eta filologo ugariek beraien zientziaren abiapuntuetatik ezarritako irizpideei bakarrik.
Kasu konkretu honetara etorriz, berdin da Googlen adibide mordotan topatzen bada ere "proiektu izarra" esapidea, gure egunkari eta aldizkaririk ospetsu edo entzutetsuenetan: erdaraz bakarrik erabiltzen den kalkoa denez, zaborrontzira; baina erdaraz eta ingelesez erabiliko balitz, orduan aurrera.
Ba, kasu horretan, erabil dezagun "proiektu enblematikoa", ingelesez "emblematic project" eta erdaraz "proyecto emblemático" erabiltzen delako. Edo, bestela, begiratu Eurodicautomen, adibidez, eta hara zer topatuko dugun:
INDUSTRIA, Unión Europea, Ciencias naturales y aplicadas [EP] Ficha completa
ES proyecto "Flagship"
proyecto estrella
DA flagskibsprojekt
DE Leuchtturmprojekt
richtungsweisende Programme
EL πρωτοπόρο σχέδιο
έργο flagship
EN flagship project
FR projet vedette
projet phare
IT progetto trainante
progetto "portabandiera"
MT proġett 'flagship'
NL "vlaggeschip"-project
PT projecto principal
Aukeratu, orduan, nazioartekotasuna:
Proiektu itsasargia (faroa?), frantsesez, alemanieraz bezala.
Proiektu banderaeramalea (ikurrineramalea?), italieraz bezala.
Proiektu itsasontzi nagusia, frantsesez eta ingelesez eta beste hizkuntza germanikoek bezala.
Proiektu nagusia, portugesez bezala.
Proiektu txapelduna (grekerazkoak hori esan nahi du).
Marrazki bizidunetan bezala, "oso jostagarria", ez?
Eta, bide batez, Orotariko Hiztegian ez da falta "izar" hitza antzeko zentzuan: "Zu zara nire izarra", "Izarren artean izar Baigorriko andreak", "Andere espos maitagarria, gure etxeko izarra". Hain urruti ikusten duzue hortik "gure proiektu izarra"?
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago