[itzul] proyecto estrella

Xabier Aristegieta allurritza a bildua gmail.com
Or, Urt 27, 09:28:57, CET 2012


Zeharo ados (ezin adosago) Koldo Bigurik esandakoekin.

Lanpetuta nabil eta, tamalez, ezin dut bidali nik nahi bezain mezu luzerik.

Nire iritziz, euskal itzulpengintzan dauzkagun problemetako bat da
askotan eta askotan zuzenkeriagatik espresio asko euskaratzen ditugula
euskarazko molde estandar eta idorragoetara, haien jatorrizko
espresibitatea koloregabetuz. Eta, kasu honetan, "proiektu gailen"ek
ez du jasotzen "proiektu izar"en esanahi-multzo osoa (ezin dut honetan
asko sakondu, baina "proiektu izar" bat da halako oihartzun sozial bat
duen zerbait; "gailen"ek, ordea, beste eskala baten araberako
punta-puntakotasunaren berri ematen digu, baina ez, berariaz,
oihartzun sozialari dagokionez).

Beste adibide soil bat ematearren (mordo bat jar litezke): euskaraz
"precio exorbitante" nola eman? Ba, Elhuyar hiztegiaren arabera,
"gehiegizko". Eta adibide hau ematen du: "El oro está a precios
exorbitantes/Urrearen prezioa gehiegizkoa da". Esaten ari nintzena:
itzulpen koloregabetua, gatzgabetua.

Eta. Oihana, "zelula ama" esan badaiteke, "proiektu izarra" ere esan
daitekeela argi samar geratu da.

Portzierto, Oihana, zuk aipatu dituzun beste adibide batzuen ustezko
aldrebeskeriaz ere luze mintza gintezke (bai, "giza baliabideen aldi
baterako berresleitze" eta tankera horretakoak). Zeren eta,
itzultzaileoi jatorkeriaren oldarraldia sartzen zaigunean, gauza
baikara eufemismo bakar bat ere zutik ez uzteko: "Residencia para la
Tercera Edad?" "Home for the Elderly?" Zer arraio! Zahar etxe eta
kito! Ez al dira, ba, zaharrak? Eta ildo horretako beste milaka
adibide ere aipa litezke.

Bueno, bukatu beharra dut, ezinbestean. Ondo izan.

o-lertxundi a bildua ivap.es<o-lertxundi a bildua ivap.es> igorleak hau idatzi zuen (2012-01-27):
> Egun on,
>
> Azkenean ados ote gaude ba, Koldo? Hein batean behintzat bai.
>
> Ni, zure azalpenaren arabera, traduktologoagoa naiz, askoz,
> hizkuntzalari baino. Herri-herriko hizkeraz itzultzearen aldekoa naiz,
> erabat.
>
> Alabaina, izar hitzaren erabilera hori egunerokoa denik ezin esan,
> nirean ez behintzat. Zenbaten ahotan entzun duzu ba zuk hori? Nik
> inorenean ez. Eta egunerokoa izanagatik ere, onargarria denik, hori ere
> ezin esan (hainbat adibide ikusi ditugu). Hor dago zure iritziaren eta
> nirearen arteko aldea; ulertu dizudanaren arabera, eguneroko kaleko
> hizkuntzaren aldekoa zara zu, baita ni ere, baina eguneroko kaleko
> hizkuntzaren edozein adierazpideren aldekoa ere bazara zu, eta ni,
> berriz, ez.
>
> Hizkuntzan, beste edozertan bezalaxe, eboluzioa naturala da, ezin zaio
> berez datorrenari hesirik jarri; baina eboluzioak ekarritakoari bai jar
> diezaiokegu, ezta? Batez ere, gure eboluzioa -gure inguruko beste
> hizkuntzena ez bezala, edo ez hainbeste- mendekotasunetik datorrelako.
>
> Eta bai, George Cloony zine-izarra izan eta esan daiteke, eta nik neuk
> ere kabinan erraz asko emango nuke horren ordaina. Baina izen eta
> adjektiboen inguruan ibili dugun sestraren ondoren, niri argi geratu
> zait ez direla gauza bera zine(KO) izarra eta proiektu izarra.
>
>
> "Zuzentasun onargarri bakarra al da zuzentasun linguistikoa, ala
> besterik ere egon daiteke?" Jakingo bazenu zenbat eztabaida ibiltzen
> ditudan nik gure lantoki honetan itzultzaile askorekin eta, are gehiago,
> terminologoekin, zenbat haserre eta zaputz, zuzen eta arauzko diren
> "zuzkidura", "ingurumen-izaerako hobetze-helburu", lehengoan aipatutako
> "giza baliabideen aldi baterako berresleitze" eta abar ametitu ezin
> ditudalako, nahiz ez dakit zeinek ez dakit zer unibertsitatetan edo
> argitalpenetan esandakoak izan?
> Benetan, jakingo bazenu....
>
> "Nahi baduzue, Udako Unibertsitaterako ikastaro bat antola genezake
> honetaz, txantxa-asmorik gabe esanda. Norbaitek hartu nahi erronka?"
> Baten batek antolatuz gero, ni presente.
>
> Nik ere badut gogoa, bai, gure itzulkerari buelta eder bat emateko,
> premiya ederra dakagu-ta!!!
>
>
>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago