[itzul] proyecto estrella
o-lertxundi a bildua ivap.es
o-lertxundi a bildua ivap.es
Or, Urt 27, 08:22:09, CET 2012
Egun on,
Azkenean ados ote gaude ba, Koldo? Hein batean behintzat bai.
Ni, zure azalpenaren arabera, traduktologoagoa naiz, askoz,
hizkuntzalari baino. Herri-herriko hizkeraz itzultzearen aldekoa naiz,
erabat.
Alabaina, izar hitzaren erabilera hori egunerokoa denik ezin esan,
nirean ez behintzat. Zenbaten ahotan entzun duzu ba zuk hori? Nik
inorenean ez. Eta egunerokoa izanagatik ere, onargarria denik, hori ere
ezin esan (hainbat adibide ikusi ditugu). Hor dago zure iritziaren eta
nirearen arteko aldea; ulertu dizudanaren arabera, eguneroko kaleko
hizkuntzaren aldekoa zara zu, baita ni ere, baina eguneroko kaleko
hizkuntzaren edozein adierazpideren aldekoa ere bazara zu, eta ni,
berriz, ez.
Hizkuntzan, beste edozertan bezalaxe, eboluzioa naturala da, ezin zaio
berez datorrenari hesirik jarri; baina eboluzioak ekarritakoari bai jar
diezaiokegu, ezta? Batez ere, gure eboluzioa -gure inguruko beste
hizkuntzena ez bezala, edo ez hainbeste- mendekotasunetik datorrelako.
Eta bai, George Cloony zine-izarra izan eta esan daiteke, eta nik neuk
ere kabinan erraz asko emango nuke horren ordaina. Baina izen eta
adjektiboen inguruan ibili dugun sestraren ondoren, niri argi geratu
zait ez direla gauza bera zine(KO) izarra eta proiektu izarra.
"Zuzentasun onargarri bakarra al da zuzentasun linguistikoa, ala
besterik ere egon daiteke?" Jakingo bazenu zenbat eztabaida ibiltzen
ditudan nik gure lantoki honetan itzultzaile askorekin eta, are gehiago,
terminologoekin, zenbat haserre eta zaputz, zuzen eta arauzko diren
"zuzkidura", "ingurumen-izaerako hobetze-helburu", lehengoan aipatutako
"giza baliabideen aldi baterako berresleitze" eta abar ametitu ezin
ditudalako, nahiz ez dakit zeinek ez dakit zer unibertsitatetan edo
argitalpenetan esandakoak izan?
Benetan, jakingo bazenu....
"Nahi baduzue, Udako Unibertsitaterako ikastaro bat antola genezake
honetaz, txantxa-asmorik gabe esanda. Norbaitek hartu nahi erronka?"
Baten batek antolatuz gero, ni presente.
Nik ere badut gogoa, bai, gure itzulkerari buelta eder bat emateko,
premiya ederra dakagu-ta!!!
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago