[itzul] No cocinado
Xabier Aristegieta
allurritza a bildua gmail.com
Al, Ots 3, 19:47:15, CET 2014
Gogoeta batzuk:
1.- Inork ez du zalantzan jartzen "kozinatu" aditzaren onargarritasuna.
Eztabaidatzen ari garena da "sukaldatu"ren onargarritasuna.
2.- Eta eztabaida hori sortzen da ez inor, kutixia edo irrika personal bat
tarteko, "sukaldatu" hitza hiztunei erabilarazten tematzeagatik (guk
dakigula, behintzat), baizik eta hitz horrek indar handitxoa hartu duelako
hiztunon artean, eta hitz horrekiko jarrera bat hartu beharra egokitzat
iritzi izan delako.
3.- Hori horrela, zer du txarretik "sukaldatu"k? Bi arrazoi aipatu dira:
-- Jadanik badagoela mailegu bat, "kozinatu" (eta, beraz, "sukaldatu"
erabiltzea "kozinatu"ren aurkako nolabaiteko erasoa litzateke, "kozinatu"
erabil ez dadin).
-- "Sukaldatu" gaizki sorturiko aditza dela.
Orotariko Hiztegiak hauxe dio:
kozinatu (VocBN, H), kuzinatu (-iń- Chaho).
Cocinar. "Faire la cuisine, préparer les mets" VocBN. Ogi ta lixua egíten,
kozinátzen, ta gańarákoak. LE Prog 118. Bérze milla zébo kozinatzen dire
luxuriarén sutégian. LE in BOEanm 560.
Eta Hiztegi Batuak:
*kozinatu*, kozina, kozinatzen. *du* ad. 'janariak beroaren bidez prestatu'
Ederki. Lekukotasuna hortxe jasota ageri da. Baina "kozinatu" aspaldiko
mailegua dela esate hutsak badirudi aditzera ematen duela
euskaraz izugarrizko presentzia izan duen hitza dela.
Eta ez dirudi hala denik:
--Alde batetik, hor daude hizpide izan ditugun Googleko neurketak
(aipaturiko gorabeherak gorabehera).
--Orotariko Hiztegiko lekukotasuna ezin esan batere oparoa denik.
--Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoan (Usurbil, 1993) ez da agertu ere egiten.
--Elhuyar Hiztegiaren 2006ko argitalpenean, "cocinar"en begiratuta, hauxe
dio:
*cocinar*. *v.intr*. Janaria prestatu/egin/gertatu/maneatu; kozinatu. *Hoy
cocino yo*: gaur neuk prestatuko dut bazkaria.
Alegia, aukera posible guztietatik azken gisa. Eta adibiderako, beste
aukeraren bat lehenesten du. Eta, interesgarriagoa: euskaratik abiaturiko
bilaketa egitean, zerarekin topo egiten duzu: "kozinatu"k ez dauka
sarrerarik aditz gisa, baizik eta, soilik, izenondo gisa:
*kozinatu*. *izond*. Cocinado. *Plater kozinatua*: plato cocinado.
Tira: "kozinatu" defendatzearen ikuspegitik, aurrerapen bat behintzat bada,
1993ko Hiztegi Entziklopedikoko hutsunetik abiatuta.
--Gaur egun bai; sareko Elhuyar Hiztegian kontsultatuta, hauxe ekartzen
du:
*kozinatu, kozina, kozinatzen **du ad*. *cocinar*
*plater hori askotan kozinatu du etxekoentzat*: ese plato lo ha
cocinado muchas veces para los de casa *plater kozinatua*: plato cocinado
Hain hitz gogoangarria badugu "kozinatu" hori, nekez uler daiteke zeinen
gogo txarrez (itxuraz) ireki dizkion Elhuyarrek bere hiztegiko ateak.
Urteen joanarekin soilik.
Baina, jarrai dezagun:
--*Labayru Hiztegia. Bizkaiera eta Batua (b)uztarturik.
Euskera-gaztelania*. Ez
du "kozinatu"rik jasotzen. Ez aditz gisa, ez izenondo gisa.
--Junes Casenave-Harigileren frantses-euskara hiztegian, "cuisiner"
begiratua, hauxe ageri da: apaintü, adelatü, jatekoa egin. Ez da
"kozinatu"rik agertzen, beraz.
--Euskaltzaindiaren 2012ko Hiztegian... ez da agertzen "kozinatu"rik. Horra
Hiztegi Batuarekiko beste "ez-batetortze" bat.
Horrenbestez, zer ondorioztatu behar dugu? "Sukaldatu" "kozinatu"ren aurka
erabili nahi izan dela, aditzera eman zaigun bezala? Ez ote da justu
kontrakoa izango, "kozinatu"ren lekukotasunen bakana ikusirik? Alegia,
orain "kozinatu" biziberritu nahi dela, hain zuzen ere "sukaldatu"ri bidea
ixteko?
Eta azken kontu bat. Esan da "kozinatu" mailegu bat dela. Ziur? Mailegua,
nondikoa? Gaztelaniazko "cocinar"etikoa? Kontua ez baita batere makala.
Pierre Lhanderen *Dictionnaire Basque-Français*en "kozinatu" agertzen da,
bai... baina "kozina+tu" batura gisa:
**KOZINA* -- 1ş *C*. (A.) cuisine, pičce de la maison. SYN.:
*sukhalde *(...)
*- tu* (H.) cuisiner. SYN.: *aphaindu, adelatü*
Orduan, zein da mailegua? "Kozinatu"? Ala "kozina"? Zeren eta "polita"
izango bailitzateke orain, "sukaldatu= sukalde+tu" egituraren ustezko
okerraz aditzera eman direnak aditzera eman ondoren, deskubritzea ezen
"kozinatu", azken finean, egitura horixe berbera dela: kozina+tu. Ea zer
argudiorekin esan ahalko litzatekeen kozina+tu ondo dagoela eta sukalde+tu,
aldiz, gaizki.
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20140203/65d5ff57/attachment.html>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago