[itzul] Txomin Arratibel hil zaigu

Ritxi Lizartza ritxi a bildua maramara.net
As, Mar 17, 10:23:48, CET 2015


Larunbatean, martxoak 14 zituela, hil zen Txomin Arratibel itzultzailea,
gaixotasun luze eta txar baten ondorioz. Gaixotasunaren aurreko azkeneko
urteak gurekin egin zituen, eta nolako profesionala zen erakutsi zigun.
Pertsona bikaina joan zaigu. Gure egiten dugu Karlos del Olmok Txominen
gainean idatzitakoa eta lerrotara ekarri nahi genuke. Zilegi bekigu bertan
jartzea.

 

Ritxi Lizartza

maramara* taldea

 


Txomin Arratibel gogoan


Karlos Del Olmo |  <mailto:bulegoa a bildua eizie.org> bulegoa a bildua eizie.org | 2015-03-17

Beste telefono zenbaki bat ezabatu behar zerrendatik, beste helbide
elektroniko bat aurkibidetik betiko kendu behar
, nork desagerraraziko,
ordea, erraietan geratu zaigun hutsunea? Lanbideaz, zaletasun batzuez eta
EIZIE elkarteaz gain, beste lotura bat ere bagenuen bion artean: haren
seme-alabak eta gure semea txikitan hondartzan elkarrekin jolastuak ziren,
gerokoan inoiz edo behin Txominekin mendira joanak
, bion semeak surf
zaletasunean erkide dira, gurasoek ere seme-alabon etorkizunarenganako kezka
partekatu dugun legez.

EIZIE elkartean ezagutu nuen Txomin, borondatezko hainbat neke eta lanetan,
batez ere ikus-entzunezkoen inguruan eraturiko batzordean, lantalde hura
hilzorian zegoelarik ere Txomin Arratibelek halako maitea zuen
itzulpengintza mota hura bera desagertzen ari izanaren ondorioz, euskarara
gero eta gutxiago bikoitzen zelako, gero eta txarrago ordaintzen zutelako
lan gaitz hori, interesik eza besterik ez zutelako erakusten erakundeek

Eta, hori guztia gorabehera, halere, ez zuen galtzen noiz edo noiz lan mota
hori berriro ere piztuko zelako esperantza.

Batez ere ingelesa, gaztelania eta euskara zituen laneko hizkuntza, eta
itzulpengintza, interpretazioa eta zuzenketa jorratu zituen; lan batzuk,
distira handikoak, beste batzuk, ordea, egunerokoagoak baina ez hutsalagoak;
dena dela, guztietan profesional arduratsua eta fina zela erakutsi zuen.

Senezeko artikulu batean, “Euskarazko Bikoizketa-Topaketa”, Ińaki
Zubizarretak ondokoa zioen: “Atzen baina ez hutsen, (Last but not least:
`Azken baina ez hutsen’, irakurria diot K. Mitxelenari) datorren urtean
(2009) beteko dira 25 urte itzultzaile-egokitzaileak lanean hasi zirela gure
artean. Ez ote da garaia Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Sariak eurentzat ere
zabal daitezen? Hogeita bost urtean isilean jardunda gero, ez ote da ordua
gure gizarteak esker ona azal diezaien? Gure esker ona hemen
itzultzaile-egokitzaileei: Lehengoei: Maria Jose Kerejeta, Lurdes Ońederra,
Asun Garikano (
), Xabier Mendiguren, Pello Zabaleta, Nerea Lete, Joserramon
Zubimendi, Joan Mari Irigoien, Jesus Mari Lasa, Josean Insausti, Irene
Aldasoro, Txomin Arratibel, Nieves Odriozola, Koro Zumalabe, Amaia Olkotz,
Juan Mari Mendizabal
”.

Beranduegi letorke horrelako ohorezko sari bat Txominentzat, baina gure
elkarteak eta itzultzaile guztiek geure esker onaren saria eta omenaldia zor
dizkiegu, denoi, baina, batez ere, joan berri denari.

Itzul posta zerrendan ere parte hartu du Txomin Arratibelek, beti-beti
gizabidetsu bezain jakintsu eta laguntzeko gertu.

Dena dela, hor ditugu, haren lanaren lekuko eta ondare, hainbat
ikus-entzunezko, eta, idatzizkoetan, lan gogoangarri bat, Literatura
Unibertsala bilduman 2005.ean plazaratu zuen Jean Rhys-en Sargazo itsaso
zabala, non Txomin ederto batean moldatu zen jatorrizko lanaren zailtasun
ukaezina euskaraz natural-natural ordaintzeko. Aukera ezin hobea dugu
egokiera goibel hau berriro ere itzultzeko Sargazo itsaso zabalera Txominen
eskutik: “Deabrua mundu honetako nagusia —erantzun zuen Godfreyk—, baina
mundu hau ez luzaroko, gizon hilkorrarentzat”.

 

 

 

-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20150317/fcaa75ac/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago