[itzul] euskararen desafektua
LB
luisber12 a bildua gmail.com
Lar, Abe 3, 17:09:57, CET 2016
Gai honetaz inori eskolak emateko ez asmorik eta ez jakitaterik gabe,
ausartzen naiz esatera ados nagoela plazaratzen dituzun lau puntuekin, baina
ez zure beste ideia horrekin, noiz diozun arazoa dela ez dugula jakin izan
puntu horiek ondo gizartzeratzen.
Nire ustez, arazoa sinpleagoa da: Altuberen izurria, edo izurri altubianoa
—gure artean egundaino bezain indartsu eta buruxut dabilena— arrasetik
errautsi ezak gauzka paradero nahasi honetan. Altubek, edo beharbada haren
jarraitzaile sutsuenek (gehi bidea apailatu zioten aurrekari zenbaitek, nola
ziren Larramendi, Arana, Azkue et alia), irizpide ideologiko bat ezarri
diote hizkuntzari, eta haren arabera eraiki nahi izan da gurean joskera
sistema bat lotura gutxi daukana euskera idatziaren tradizio historikoarekin
eta hizkuntza mintzatuaren praxi errealarekin. Oharkabean ala ohartuki,
herensuge izugarri batez erditu zen gure pentsalari arrasaterra, eta munstro
horrek ahotik turrustatzen dituen sugarrek gauzkate inpotentzia sintaktiko
absolutu batean kixkalduak iragan larogeitaka urte honetan.
Lege altubianoen fikzio suizidak desmuntatu arte, ez dago zer eginik.
Euskal tradizio idatziaren askatasun prosodiko-estilistikoa berreskuratu
arte, galduak gara.
Euskeraren izaera eta antolamendu pospositiboa emeki baina fermuki molde
prepositiboetara ekartzeko deliberoa inteligentziaz eta zentzuz besarkatu
arte, jai dugu (ohartu ez zutela besterik egin duela lau mende latineko eta
auzo erromantzeetako baliabide anaforikoak euskara ekarri zituzten idazle
klasikoek, edo, oraintsuago, hizkera zientifikoan preposizio berri andana
bat sortu dutenek eskola eta unibertsitateko beharrizanetarako).
Azkenik, eta aurreko hiru puntuetara azkarrago eta errazago iristeko
estrategia unibertsal gisa, konprenitu arte esaldiak tajutzean behar dugula
saiatu beti mezuak antolatzen halako gisaz non esaldia ulergarria izango den
irakurri ahala, eta ez irakurri ondan, etorkizunak begi gorriak izango ditu
guretzat.
LB
NB: Alperrik da gure etxeko gabeziak maskaratzea esanez areagokoak dituela
auzoak. Diozunean “gaztelaniazko perpausa ere zakarrontzira botatzeko
modukoa” dela, ez diozu egia. Esaldi hori erabat zuzena eta egokia da
gazteleraz, errotik ulergarria delako eta perfektuki betetzen duelako bere
zeregin komunikatiboa. Arazoak ez daude gazteleraz (eta daudenak berek
konponduko dituzte), arazoak euskeraz ditugu, are gazteleraren erabilera
desmasiatuen kalkoz geronek sortuak direnean ere.
_____
De: LARRINAGA LARRAZABAL, ASIER [mailto:larrinaga_asier a bildua eitb.eus]
Enviado el: jueves, 01 de diciembre de 2016 11:05
Para: 'ItzuL'
Asunto: Re: [itzul] euskararen desafektua
Esango nuke nahiko bat gatozela agertu ditugun iritzietan Gilen, Bittor,
Amaia, Xabier eta ni. Iritzi-batasun hori labur azaltzen ere ausartuko naiz.
1. Euskaraz. galdegaia bada.
2. Galdegaia testuinguruak zehazten du (mintzagaia ere bai).
Nik beste ideia hauek erantsiko nituzke iritzi-batasuna hausteko beldurrik
barik.
3. Galdegaia hainbat modutara agerrarazten da: posizioaren bidez, morfema
bidez...
4. Testu-estilo batetik bestera, aldeak egon daitezke galdegaia
agerrarazteko moduan.
Beharbada --hemen dator nire gogoeta--, ez dugu asmatu ideia horiek
transmititzen eta, are txarrago dena, ez dugu behar bezala aztertu zelan
jokatu testu-estilo bakoitzean.
Atzoko esaldietara itzulita, zer abantaila du (a)-k (b)-rekiko? Niretzat,
bat ez.
(a) «Ekitaldia izango da abenduaren 3an, goizeko 11:30ean, Guggenheim Bilbao
Museoko Auditoriumean».
(b) «Ekitaldia abenduaren 3an izango da, goizeko 11:30ean, Guggenheim Bilbao
Museoko Auditoriumean».
Gaztelaniazko esamoldeetatik askatzea dela eta, ez dut ulertzen zergatik
abiatu behar dugun beti gaztelaniatik, are gonbidapen soil bat euskaraz
emateaz ari garenean ere.
(c) «Etortzekoa bazara, eskertuko dizugu baieztatzea 945 018 110 telefonoan
edo helbide elektroniko honetan: hps-sailburuordetza a bildua euskadi.eus».
Perpaus horretan, «etortzekoa bazara» ez da «eskertuko dizugu»-ren
baldintza. «Eskertuko dizugu» horrek ez du inongo zentzurik. Hor,
kortesiazko esamolde bat jarri beharko litzakete: «eskertuko genizuke...».
Dena dela, nik honela ipiniko nuke:
(d) «Etortzekoa bazara, baieztatu, mesedez, 945 018 110 telefonoan edo
helbide elektroniko honetan: hps-sailburuordetza a bildua euskadi.eus».
Beharbada, baten batek nahiago du gaztelaniazko «le agradecemos» esamoldean
katigatu, nahiz eta gaztelaniazko perpausa ere zakarrontzira botatzeko
modukoa izan: «Le agradecemos confirme su asistencia con antelación en el
teléfono 945 018 110 o por correo electrónico:
hps-sailburuordetza a bildua euskadi.eus».
Asier Larrinaga Larrazabal
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20161203/b13fa207/attachment.html>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago