[itzul] euskararen desafektua

LARRINAGA LARRAZABAL, ASIER larrinaga_asier a bildua eitb.eus
As, Abe 13, 09:42:11, CET 2016


Bittor, esango nuke uste dudala ideietan bat gatozela, baina uste bat baino ez da, ematen dituzun adibideetan oinarritua. Ideien esplizitazioan, garbi dago, ez gatoz bat, batez ere argudio modura esaldien luzera erabiltzen duzunean beste barik.

Galdegaiaren auzi honetan, gakoa testu-estiloa delakoan nago. Testu-genero batetik bestera, eta hizkuntza-aldaera batetik bestera, galdegaia markatzeko modua ('agerrarazi' esan nuen aurreko mezu batean) ezberdina izan daiteke. Bestela esanda, galdegaia markatzeko modua da generoak eta aldaerak ezberdintzeko hizkuntza-ezaugarrietako bat.

Esate baterako, kontakizunetan, akzioa (pelikulekin loturik ulertzen dugun adierako akzioa) markatzeko modu bat da aditza (akzioa) esaldiaren buruan jartzea --bai, behintzat, bere osagarriaren aurretik--. Honela darabiltza 'heldu' eta 'joan' Mikel Zaratek "Txorikumatxoa, beia ta katua" ipuinean ("Ipuin antzeko alegi mingotsak"):

«Eldu da beia txorikumearengana, ta mosu bero gozo bat emoten deutso oni. Gero, gaińetik igaro ta pekorotz opil bat jaurtitzen deutso. Ez dau jan txorikumea, ez dau zapaldu..., eta epeletan dago au orain pekorotz artean, bere burutxoa kanpoan daualarik. Bizkortu egin da, eta poztu, "arerio ikaragarria" adiskide maitagarri biurtu jakola ikusirik.

Joan da beia. Baińa katu bat agertu da berealaxe pekorotz pilotaren ondoan. Irribarrez...».

Pasarte horretan, aditz-galdegaia markatzeko beste modu bat ikus daiteke, 'egin'-en bidezkoa: «bizkortu egin da». Kasu horretan, ez dago pelikuletako akziorik.

Esan dugunaz gainera, testuinguru semantiko-sintaktikoak ere eragina izan dezake galdegaia markatzeko moduan. Esaterako, osagarri kalifikatiboa aditz kopulatiboaren aurretik jartzen dugu: «Alkatea gaztea da». Baina perpaus ekuatiboetan --definizo erakoetan (A = B)--, aditz kopulatiboa jartzen dugu osagarriaren aurretik: «Alkatea da herria gobernatzen duena».

Esango nuke Garziaren "Joskera lantegi" esplorazio sistematiko bat dela prosan testuinguru semantiko-sintaktikoak galdegaiaren posizioan duen eraginaz. Esango nuke --inori erantzuteko edo aurka egiteko asmorik barik-- hizkuntzalari asko behar ditugula horrelako esplorazioak, azterketak eta ikerketak egiteko, gauzak sistematizatzeko, eta hiztun/hizkuntza-erabiltzaile arruntontzat ereduak eta jarraibideak prestatzeko.

Ereduak eta jarraibideak eskaini ezean, «ekitaldia izango da abenduaren 3an» erako gauzak idatziko ditugu. Abiaburua SOV ordena bada (eta egunokaz izan den iritzi-truke honetan hori ez du inork ukatu), zelan irits gaitezke perpaus bat SVO eran ematera? Sudurraren puntan jarri zaigulako? Gogoak eman digulako? Horrek euskararen desafektua dakar, nik ez dut zalantzarik.


Asier Larrinaga Larrazabal
 
<http://www.eitb.eus/link-banner-email-ezkerra/>
<http://www.eitb.eus/link-banner-email-eskuma/>
 





ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago