[itzul] euskararen desafektua

Bittor Hidalgo bittorhidalgo a bildua euskalnet.net
As, Abe 13, 13:36:34, CET 2016


Eskerrik asko Asier erantzuteagatik (eta nireak irakurtzeko izaniko
pazientziagatik). Hemen nire iruzkin eta proposamenak:

1. Bai, garbi, esaldi luzeak bakarrik eragiten dizkigu ordenamendu arazoak.
Eta horiek ditugu eztabaidatu eta konpondu beharrekoak. Horien aldean esaldi
laburrek ez digute arazorik eragiten, nahiz horietan ere baditugun
ordenamendu kontuak aipagarri.

2. Diozu "galdegaia markatzeko modua d[el]a generoak eta aldaerak
ezberdintzeko hizkuntza-ezaugarrietako bat". Eta nik esango dizut baietz. Bi
daudela.

• Alde batetik, euskarazko ohikoa, gure testu klasiko guztiek XX. mendera
arte (salbu Kardaberazek), eta ia orain arte ere Iparraldean (nahiz Hiriart
Urrutirekin eta 'bere' Eskualduna-rekin -1887-1915- gauzak asko hasten diren
aldatzen Iparraldean ere), eta XIX. mendetik ezagutzen ditugun ahozko
euskara guztiek, modu batera antolatzen dute esaldia. Baita zuk jasotzen
Mikel zarateren pasarteak ere. Aditza oro har batere atzeratu gabe esaldian,
nahiz bai maiz(enik) gure aldameneko frantsesak edo espainolak emango
luketen baino 'postu bat edo' atzerago, aditza oro har emanez aurreko beste
osagarri toniko bati erantsia bigarren osagai bezala, eta esaldi luzean
esaldiaren mezuaren pisua (eta balizko galdegaia/galdegaiak) oro har aditz
honen ondorean emanez.

• Bestea, asmakizun hutsa, gure tradizioz eta ahozko euskaraz guztiz
bestelakoa, eta honen interpretazio guztiz oker batek eragina, XX. mendean
(eta batez ere Hegoladean) idatzitako testuek Altubek 1928-9ko Erderismos
liburuan gotortutako ordenamendu arauak jarraikiz idatzitakoak, jakitera,
galdegai 'legea' eta oro har 'aditza posposatzekoa' espainolaren kontrara,
jada aurretik Azkue mende hasieratik bere inguruan predikatzen, praktikatzen
eta eskatzen datorren gisan. Horri erantsi behar, berriro Azkuek, kasuan
Patrizio Antonio Orkaiztegi inkisidorearen laguntza sutsuz, mende hasieratik
zeinismo guztien aurka abiatutako gerraren ondorioak. Azkueren bateko eta
besteko itzalak izango dira Hiriart Urrutiren eta ondorengoen eraginez
zabaltzen hasiko direnak Iparraldean ere, hemen tradizioarekiko haustura
inondik izango ez bada ere Hegoaldean eragingo denaren bortxa berekoa.

3. Zure amaierako argudiatzeak egia absolututzat ematen duzu SOV ote den
euskarazko esaldiaren abiaburua, eta nik esango dizut ezetz, EHUko
establishment guztia gainera botako bazait ere, eta ukatua dudala jada,
besteak beste, 1995tik ere FLVn argitaraturiko «Ohar estatistiko
garrantzitsuak euskararen hitz ordenaren inguru. Euskara S.V.O.?»
artikulutik, sarean ere lasai irakurri dezakezuna gura izanez gero. Euskara
'aditza bigarren' joerako hizkuntza da -V2, verb second-, eta euskaldunoi
betidanik jarri zaigu sudur puntan ematea esaldia «ekitaldia / abenduaren /
3AN izango da» moduan ebaki eta intonatuta, zein «ekitaldia izango da /
abenduaren / 3AN» moduan. Eta zerbaitek etsipena eta desafektua ekarri
balezake, da, gure intelligentsia hil ala biziko teman setatzen denean
euskaldun arruntari sinesarazten bi aukera horietako lehena baino ez duela
berea, eta bestea 'espainola' dela. Gizajo euskaldun espainolduak gu...
Onartu beharko dugu behingoz ordenamendu bata zein bestea direla ezin
gureagoak, eta euskaldun arruntok ez garela espainolagoak bigarren
ordenamendua baldin badarabilgu, hau anatemizatzen eta euskal tradiziotik
lapurtzen saiatzen zarten guztiak baino.

4. Azkenik, esan, galdegai kontuez, eta 'Altuberen' legeez asko hitz egin
litekeela, eta hitz egin behar dela, eta zinez proposatzen dizuet eztabaida
hori zuhur eraikitzea denon artean, alde batean, Altuberen Erderismos
zuzenean, eta nahi baduzu Juan Gartziaren Joskera lantegi eta orainagoko
Esaldiaren antolaera edota Euskaltzaindiaren Hitz-ordena. Erabilera
estrategikoa, eta bestetik nire aipatu Altuberen irakurtzen - Altuberen
azterketan eta nahi baduzu kontrapisuan ere Mitxel Kaltzakortaren Zelan
ordenatu egoki informazioa testuetan edo Prosa komunikagarriago egiten
bezalakoak, eta konparatu batzuen eta besteen proposamenak gure ahozko zein
idatzizko tradizioaren altxorrean, behingoz erabakitzeko 1. Galdegai legea
zertan den, zehatz, halako legerik baldin bada, eta 2. Euskarazko aditzaren
joera pospostibo / atzerakoi hori zertan den, halako joerarik bada.
Bittor, esango nuke uste dudala ideietan bat gatozela, baina uste bat baino
ez da, ematen dituzun adibideetan oinarritua. Ideien esplizitazioan, garbi
dago, ez gatoz bat, batez ere argudio modura esaldien luzera erabiltzen
duzunean beste barik.



Ikurraz eta Euskaldun Bihotzekoak kanpainaren inguruan,
ikusi: www.euskalnet.net/euskaldunbihotzekoak
===========================
Bittor Hidalgo Eizagirre
Buztintxulo 72, behea
20015 Donostia (Gipuzkoa)
Euskal Herria (Espainia -gainezarpenez-)
Tfnoak: 943326855 // 655728290
posta-e: bittorhidalgo a bildua euskalnet.net
===========================

-----Jatorrizko mezua-----
From: LARRINAGA LARRAZABAL, ASIER [mailto:larrinaga_asier a bildua eitb.eus] 
Sent: 2016(e)ko abenduak 13, asteartea 09:42
To: 'ItzuL'
Subject: Re: [itzul] euskararen desafektua

Bittor, esango nuke uste dudala ideietan bat gatozela, baina uste bat baino
ez da, ematen dituzun adibideetan oinarritua. Ideien esplizitazioan, garbi
dago, ez gatoz bat, batez ere argudio modura esaldien luzera erabiltzen
duzunean beste barik.

Galdegaiaren auzi honetan, gakoa testu-estiloa delakoan nago. Testu-genero
batetik bestera, eta hizkuntza-aldaera batetik bestera, galdegaia markatzeko
modua ('agerrarazi' esan nuen aurreko mezu batean) ezberdina izan daiteke.
Bestela esanda, galdegaia markatzeko modua da generoak eta aldaerak
ezberdintzeko hizkuntza-ezaugarrietako bat.

Esate baterako, kontakizunetan, akzioa (pelikulekin loturik ulertzen dugun
adierako akzioa) markatzeko modu bat da aditza (akzioa) esaldiaren buruan
jartzea --bai, behintzat, bere osagarriaren aurretik--. Honela darabiltza
'heldu' eta 'joan' Mikel Zaratek "Txorikumatxoa, beia ta katua" ipuinean
("Ipuin antzeko alegi mingotsak"):

«Eldu da beia txorikumearengana, ta mosu bero gozo bat emoten deutso oni.
Gero, gaińetik igaro ta pekorotz opil bat jaurtitzen deutso. Ez dau jan
txorikumea, ez dau zapaldu..., eta epeletan dago au orain pekorotz artean,
bere burutxoa kanpoan daualarik. Bizkortu egin da, eta poztu, "arerio
ikaragarria" adiskide maitagarri biurtu jakola ikusirik.

Joan da beia. Baińa katu bat agertu da berealaxe pekorotz pilotaren ondoan.
Irribarrez...».

Pasarte horretan, aditz-galdegaia markatzeko beste modu bat ikus daiteke,
'egin'-en bidezkoa: «bizkortu egin da». Kasu horretan, ez dago pelikuletako
akziorik.

Esan dugunaz gainera, testuinguru semantiko-sintaktikoak ere eragina izan
dezake galdegaia markatzeko moduan. Esaterako, osagarri kalifikatiboa aditz
kopulatiboaren aurretik jartzen dugu: «Alkatea gaztea da». Baina perpaus
ekuatiboetan --definizo erakoetan (A = B)--, aditz kopulatiboa jartzen dugu
osagarriaren aurretik: «Alkatea da herria gobernatzen duena».

Esango nuke Garziaren "Joskera lantegi" esplorazio sistematiko bat dela
prosan testuinguru semantiko-sintaktikoak galdegaiaren posizioan duen
eraginaz. Esango nuke --inori erantzuteko edo aurka egiteko asmorik barik--
hizkuntzalari asko behar ditugula horrelako esplorazioak, azterketak eta
ikerketak egiteko, gauzak sistematizatzeko, eta
hiztun/hizkuntza-erabiltzaile arruntontzat ereduak eta jarraibideak
prestatzeko.

Ereduak eta jarraibideak eskaini ezean, «ekitaldia izango da abenduaren 3an»
erako gauzak idatziko ditugu. Abiaburua SOV ordena bada (eta egunokaz izan
den iritzi-truke honetan hori ez du inork ukatu), zelan irits gaitezke
perpaus bat SVO eran ematera? Sudurraren puntan jarri zaigulako? Gogoak eman
digulako? Horrek euskararen desafektua dakar, nik ez dut zalantzarik.


Asier Larrinaga Larrazabal
 
<http://www.eitb.eus/link-banner-email-ezkerra/>
<http://www.eitb.eus/link-banner-email-eskuma/>
 






ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago