[itzul] Instrucción / Jarraibidea / Instrukzioa / Jarraibideak
Agirre Garai, Jon
jon-agirre a bildua euskadi.eus
Or, Ots 16, 10:40:45, CET 2018
Gure lege-arauetan hierarkia bat dago: legea Legebiltzarrak, dekretua Gobernu Kontseiluak, agindua sailburuak, ebazpena zuzendariak. Horren hurrengo, gurean badago beste bat, legea, dekretua eta agindua ez bezala, eta ebazpena bezala, aldizkari ofizialean argitaratzen ez dena, eta zuzendariak izenpetzen duena; formalki funtzionarioei zuzenduta dago, eta sektore edo arlo bati eragiten dioten prozedurak edo gauzak nola egin behar diren edo zein irizpiderekin egin behar diren zehazten edo agintzen du. Gero, askotan, horrek berak kanpora begira zirkular forma hartzen du.
Gaztelaniaz instrucción esaten zaio, eta euskaraz ikusita daukat instrukzioa, baina instrukzioa soldadutzakoa eta auzitegikoa da:
instrukzio 1 iz. Mil. Beren zereginetan trebatzeko, armadako kideek jasotzen duten prestakuntza. XIX. mendean instrukzioa Frantziako akademia militarretan egin zuten zuberotar gazteak.
2 iz. Zuz. Auzi batean zerikusirik izan dezaketen eta epaiketa egin eta epaia eman ahal izateko behar diren elementuak biltzeko prozesua. Ik. zuzemen. Salaketa horien harira irekitako instrukzioan. Instrukzioan parte hartu duten guardia zibilak. Garzonek zuzenduriko instrukzioa. Instrukzio epailearen aurrean inolako lekukorik gabe agertu zen.
Eta jarraibide izan liteke bestea, baina pluralean du esanahi honi hurbiltzen zaiona:
jarraibide 1 iz. Jarraitzekoa edo imitatzekoa izan daitekeela uste den egite edo jokaera. Jarraibidea eman dizuet, nik zuei egin dizuedana zuek ere egin dezazuen. Kontu horretan Tolosa ipiniko dizuet ikasbide eta jarraibidetzat. Horra guretzat jarraibidea. || Jarraibide txarra, gaiztoa.
2 iz. Eredua. Ik. etsenplu. Erdara jarraibide gisa hartu.
3 iz. pl. Zerbait lortzeko edo gauzatzeko jarraitu beharreko bide edo arau orokorrak. Apezpikuak jarraibide moralak ematen ditu; gero, katoliko bakoitza libre da nahi duena erabakitzeko. Immigrazio politikari dagokionez, kezkaz ikusten ditu elkarteak Europaren jarraibideak.
Baliteke lehen esanahitik ere erabilgarria izatea. Jarraibideak (imitatzekoa den jokaerak) jarraibideak (jarraitu beharreko arauak) dauzka barruan, eta, hortik, erabaki edo barne agindu horri jarraibidea deitzea (singularrean) ondo deritzozue?
Jon
[https://posta.elkarlan.euskadi.eus/disclaimer/marca_outlook_generico.jpg]<http://www.euskadi.net>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20180216/1d9cff88/attachment.html>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago