[itzul] Aditzaren atzerakarga, buruko min hori

LB luisber12 a bildua gmail.com
Or, Ots 23, 01:46:45, CET 2018


 

Galdetzen duzu zergatik BERRIAn ez diren idazten honelako esaldiak:

 

A)   "Saiatzen ari dira indarrak xahutu ditzagun nahi ez dugun autogobernu
batean" (Edo: “Saiatzen ari dira xahu ditzagun gure indarrak nahi ez dugun
autogobernu batean”)

 

Honelakoak idazteko partez:

 

B)    "Nahi ez dugun autogobernu batean indarrak xahutu ditzagun saiatzen
ari dira"

 

Nire ustez, arrazoia da ez direla idazten A) tankerako esaldiak zeren
idatziko balira edonork aise ulertzeko moduko testuak sortuko bailirateke,
testu burulehen, progresibo, irakurterraz, indartsu, komunikatibo, IRAKURRI
AHALA ULERTZEKOAK, eta, azen ontzeko, erabat gramatikalak. Eta hori ez
litzateke gisa.

 

Zenbat hobeto idaztea testu buruatzenak, regresiboak, antikomunikatiboak,
nekosoak, IRAKURRI ONDOREN BAIZIK EZIN ULERTUZKOAK, baina, hori bai, ehuneko
ehunean purki eta errotik altubianoak. Badakigu halakoen aurrean irakurleak
hankajoku biziari emango diola gure izkribuetatik ihesi, baina prezio
garratz horren truke lortzen da garaitza bat ezin aski prezatuzkoa: testu
altubiano jator-jatorrak, testu purubak eta persona normal baten burmuinak
(zer esan gaztelerazko edo frantsesezko testuak irakurtzen ohitutako persona
batenak) nekez baizik ezin prozesatuko dituenak.

 

Satisfakzio handi horren aldarean erretzen eta kixkaltzen ditugula testu
batekin bilatu behar genituzkeen irabazi baliosenak (komunikagarritasuna,
argitasuna eta diskursibitatea)? Hor konpon! Gu Altuberen lekaio eta
zerbitzari hil artio!

 

Entzun Euskadi Irratiko albistegiak, manifestazio amaieretako aldarriak,
irakurri Hegoaldeko euskal kazetetako artikuluak, Hegoaldeko literatur
lanak, jatorrizkoak nahiz itzuliak, Hegoaldeko karrika, eraikin, bus,
igogailu, supermerkatu, txoko, elkarte, eskola  eta gogora datozkizuen beste
edozein leku publiko eta pribatutako kartel, idazki eta oharrak..., hurren
denetan agertuko zaigu Altuberen itzal erraldoia indartsu, puxant eta
garaile, eta, haren oinetan zerraldo, haren arau absurdo eta suiziden
pozoiarekin gorpu bihurturik euskal prosak hainbeste mendez arnasbide izan
dituen estrategia behinenak.

 

Exajeratzen ari naiz? Gauza jakina da ez dela munduan itsu handiagorik ikusi
nahi ez duena baino. Hona hemen nola hasten den gure literaturako lan bat,
bere obraren kalitate gaitzaz laudorio eta goresmen bizienak baino merezi ez
dituen egile handi baten lumatik sortua:

 

“Bizkarrezurreko ziztadak sortarazi zion izerdi hotzarekin batera aspalditik
erregutua zuen onarpenaren poza korapilatu zitzaion Tomaxi telefonoa hartu
eta Extebanen ahots zakarra entzun zuenean bestekaltean.”

 

Hori, euskera kaxkar aurrealtubianoan, hauxe litzateke:

 

“Tomaxek telefonoa hartu zuenean Extebanen ahots zakarra entzun zuen
bestekaldean, eta hura entzutean elkarrekin korapilatu zitzaizkion
bizkarreko ziztadak sortarazitako izerdi hotza eta aspalditik erregutua zuen
onarpenaren poza”.

 

Lehen esaldia jasoa, dotorea eta osoki altubianoa da, baina arrunt
ulerkaitza lehen irakurrian (niretzat behintzat); bigarrena apala da,
xinplea eta pedigri sintaktiko handirik gabea, baina iturriko ura bezain
gardena. Eta bien artean lehena aukeratu behar egileak, jakinki-eta ez
dagoela giza burmuinik hainbeste hitzeko sekuentzia bat prozesa dezakeenik
aditza agertzen den arteko tarte infinitu horretan?

 

Itzulpen batetik aliritzira hartutako adibide bat:

 

“Beinke: ordu biak jota, informazioa lehertu egin zen: UMPk, UDIk eta PSk
gobernu-hitzarmen bat eratzeko elkar-hartu, “fronte errepublikar zabala”,
eta Anaiarte Musulmanaren hautagaiarekin bat egin zuten.”

 

Egongo da esaldi horretan arazorik ikusten ez duenik, jakina. Funtsean, hain
ohituta gaude Altuberen arauez mañotaturik bizitzen non normaltzat jotzen
ditugun irakurketa erraztera barik dorpetzera eta zailtzera datozten
estrategia guztiak, “jatorragoak” eta “zuzenagoak” direlakoan. Bizkitartean,
A.a. (Altube aurreko) garaian, esaldi hori honela emanen zukeen edozein
euskal itzultzailek lasai asko:

 

“Baiki: ordu biak jotzearekin informazioa lehertu zen: UMPk, UDIk eta PSk
elkar hartu zuten gobernu-hitzarmen bat eratzeko —“fronte errepublikar
zabala”—, eta bat egin zuten Anaiarte Musulmanaren hautagaiarekin.”

 

Alde txikia batetik bestera?  Errepika bedi lehen esaldiaren estrategia
buruatzena 500 edo 1000 aldiz liburu batean, eta hausnartu gero zein
bidetatik hartzen ahal duen euskal irakurle batek plazer gehiago eta
burukomin gutxiago. 

 

Adibide bi baino ez dira, DENON testuekin infinizioraino emenda
daitezkeenak.

 

Miraria ez baita nola egon daitekeen hainbeste jende gutartean A eta B
moldeetako esaldiak aukeran izanik itsutuki eta sistematikoki lerratua B
tankerako sintaxira, baizik eta nola egon daitekeen halako isiltasun
–Konplizitate?  Soraiotasun?– kolektibo sinestezin bat praktika aberrante
horiei ezikusi egitera deliberatua, kasik zinhartua.

 

 

LB. 

 

 

 

  _____  

De: Xabier Aristegieta [mailto:allurritza a bildua gmail.com] 
Enviado el: miércoles, 21 de febrero de 2018 16:11
Para: ItzuL
Asunto: [itzul] Aditzaren atzerakarga, buruko min hori

 

Atzoko BERRIAren azalean, letra potoloetan, CUPeko Mireia Boya-ren
adierazpen batzuk honela euskaratuta agertzen dira:

 

"Nahi ez dugun autogobernu batean indarrak xahutu ditzagun saiatzen ari
dira"

 

Bi galdera bururatzen zaizkit:

 

1.-Txarretik zer ote zukeen, horrela itzuli balute?:

 

"Saiatzen ari dira nahi ez dugun autogobernu batean indarrak xahutu
ditzagun". 

 

Eta hori, beste hau ez proposatzeagatik:

 

"Saiatzen ari dira indarrak xahutu ditzagun nahi ez dugun autogobernu
batean"

 

2.- Aurreko biak ez al dira askoz ere ulergarriagoak eta, horrexegatik,
erabiliagoak, BERRIAko esaldia baino?

 

Eta hirugarren galdera bat:

 

3.- Inork esaten al zuen Altuberen eragina gaindituta daukagula?

 

 

Xabier Aristegieta

 

 

 

 

 


 
<http://www.avg.com/email-signature?utm_medium=email&utm_source=link&utm_cam
paign=sig-email&utm_content=emailclient> 

Libre de virus.
<http://www.avg.com/email-signature?utm_medium=email&utm_source=link&utm_cam
paign=sig-email&utm_content=emailclient> www.avg.com 



-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20180223/17156816/attachment-0001.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago