[itzul] Aditzaren atzerakarga, buruko min hori
Diez de Ultzurrun, Periko
ultzu a bildua parlamento.eus
Or, Ots 23, 09:02:15, CET 2018
*
Eskerrak batzuek behintzat gauzak argi erraten dituzuen: "ogiari ogi eta arnoari arno"
From: sayago.ja a bildua aju.ej-gv.es [mailto:sayago.ja a bildua aju.ej-gv.es]
Sent: ostirala, 2018.eko otsailak 23 07:46
To: itzul a bildua postaria.com
Subject: Re: [itzul] Aditzaren atzerakarga, buruko min hori
Beti daukagu exajeraziorako joera gauza guztietarako. Ba al dago zorabiatzerainoko testu altubianorik soberan? Egia da. Adibide pila bat dago. Berriaren testua horrelako al da? Nahi ez dugun autogobernu batean indarrak xahutu ditzagun saiatzen ari dira". Nik, benetan, uste dut edozein euskaldun alfabetatuk ulertzen duela arazorik gabe. Ondo dago atzerakargaren gehigikeriak salatzea, baina beldur naiz laster hasiko garela "berandu etorri naiz", eta holako esaldien aurka sutsuki jotzen. "Ez, berandu etorri naiz, ez, altubekeria, ez dago ulertzerik" "Etorri naiz berandu" Hiperkritikoen joera gurea. Laissez faire, ez gaitezen edozein gauzarekin eskandaliza eta topatuko dugu modu bat guztion artean. Eta bestela, Berriaren lana txalogarria.
De: LB [mailto:luisber12 a bildua gmail.com]
Enviado el: viernes, 23 de febrero de 2018 1:47
Para: 'ItzuL'
Asunto: Re: [itzul] Aditzaren atzerakarga, buruko min hori
Galdetzen duzu zergatik BERRIAn ez diren idazten honelako esaldiak:
A) "Saiatzen ari dira indarrak xahutu ditzagun nahi ez dugun autogobernu batean" (Edo: "Saiatzen ari dira xahu ditzagun gure indarrak nahi ez dugun autogobernu batean")
Honelakoak idazteko partez:
B) "Nahi ez dugun autogobernu batean indarrak xahutu ditzagun saiatzen ari dira"
Nire ustez, arrazoia da ez direla idazten A) tankerako esaldiak zeren idatziko balira edonork aise ulertzeko moduko testuak sortuko bailirateke, testu burulehen, progresibo, irakurterraz, indartsu, komunikatibo, IRAKURRI AHALA ULERTZEKOAK, eta, azen ontzeko, erabat gramatikalak. Eta hori ez litzateke gisa.
Zenbat hobeto idaztea testu buruatzenak, regresiboak, antikomunikatiboak, nekosoak, IRAKURRI ONDOREN BAIZIK EZIN ULERTUZKOAK, baina, hori bai, ehuneko ehunean purki eta errotik altubianoak. Badakigu halakoen aurrean irakurleak hankajoku biziari emango diola gure izkribuetatik ihesi, baina prezio garratz horren truke lortzen da garaitza bat ezin aski prezatuzkoa: testu altubiano jator-jatorrak, testu purubak eta persona normal baten burmuinak (zer esan gaztelerazko edo frantsesezko testuak irakurtzen ohitutako persona batenak) nekez baizik ezin prozesatuko dituenak.
Satisfakzio handi horren aldarean erretzen eta kixkaltzen ditugula testu batekin bilatu behar genituzkeen irabazi baliosenak (komunikagarritasuna, argitasuna eta diskursibitatea)? Hor konpon! Gu Altuberen lekaio eta zerbitzari hil artio!
Entzun Euskadi Irratiko albistegiak, manifestazio amaieretako aldarriak, irakurri Hegoaldeko euskal kazetetako artikuluak, Hegoaldeko literatur lanak, jatorrizkoak nahiz itzuliak, Hegoaldeko karrika, eraikin, bus, igogailu, supermerkatu, txoko, elkarte, eskola eta gogora datozkizuen beste edozein leku publiko eta pribatutako kartel, idazki eta oharrak..., hurren denetan agertuko zaigu Altuberen itzal erraldoia indartsu, puxant eta garaile, eta, haren oinetan zerraldo, haren arau absurdo eta suiziden pozoiarekin gorpu bihurturik euskal prosak hainbeste mendez arnasbide izan dituen estrategia behinenak.
Exajeratzen ari naiz? Gauza jakina da ez dela munduan itsu handiagorik ikusi nahi ez duena baino. Hona hemen nola hasten den gure literaturako lan bat, bere obraren kalitate gaitzaz laudorio eta goresmen bizienak baino merezi ez dituen egile handi baten lumatik sortua:
"Bizkarrezurreko ziztadak sortarazi zion izerdi hotzarekin batera aspalditik erregutua zuen onarpenaren poza korapilatu zitzaion Tomaxi telefonoa hartu eta Extebanen ahots zakarra entzun zuenean bestekaltean."
Hori, euskera kaxkar aurrealtubianoan, hauxe litzateke:
"Tomaxek telefonoa hartu zuenean Extebanen ahots zakarra entzun zuen bestekaldean, eta hura entzutean elkarrekin korapilatu zitzaizkion bizkarreko ziztadak sortarazitako izerdi hotza eta aspalditik erregutua zuen onarpenaren poza".
Lehen esaldia jasoa, dotorea eta osoki altubianoa da, baina arrunt ulerkaitza lehen irakurrian (niretzat behintzat); bigarrena apala da, xinplea eta pedigri sintaktiko handirik gabea, baina iturriko ura bezain gardena. Eta bien artean lehena aukeratu behar egileak, jakinki-eta ez dagoela giza burmuinik hainbeste hitzeko sekuentzia bat prozesa dezakeenik aditza agertzen den arteko tarte infinitu horretan?
Itzulpen batetik aliritzira hartutako adibide bat:
"Beinke: ordu biak jota, informazioa lehertu egin zen: UMPk, UDIk eta PSk gobernu-hitzarmen bat eratzeko elkar-hartu, "fronte errepublikar zabala", eta Anaiarte Musulmanaren hautagaiarekin bat egin zuten."
Egongo da esaldi horretan arazorik ikusten ez duenik, jakina. Funtsean, hain ohituta gaude Altuberen arauez mañotaturik bizitzen non normaltzat jotzen ditugun irakurketa erraztera barik dorpetzera eta zailtzera datozten estrategia guztiak, "jatorragoak" eta "zuzenagoak" direlakoan. Bizkitartean, A.a. (Altube aurreko) garaian, esaldi hori honela emanen zukeen edozein euskal itzultzailek lasai asko:
"Baiki: ordu biak jotzearekin informazioa lehertu zen: UMPk, UDIk eta PSk elkar hartu zuten gobernu-hitzarmen bat eratzeko -"fronte errepublikar zabala"-, eta bat egin zuten Anaiarte Musulmanaren hautagaiarekin."
Alde txikia batetik bestera? Errepika bedi lehen esaldiaren estrategia buruatzena 500 edo 1000 aldiz liburu batean, eta hausnartu gero zein bidetatik hartzen ahal duen euskal irakurle batek plazer gehiago eta burukomin gutxiago.
Adibide bi baino ez dira, DENON testuekin infinizioraino emenda daitezkeenak.
Miraria ez baita nola egon daitekeen hainbeste jende gutartean A eta B moldeetako esaldiak aukeran izanik itsutuki eta sistematikoki lerratua B tankerako sintaxira, baizik eta nola egon daitekeen halako isiltasun -Konplizitate? Soraiotasun?- kolektibo sinestezin bat praktika aberrante horiei ezikusi egitera deliberatua, kasik zinhartua.
LB.
________________________________
De: Xabier Aristegieta [mailto:allurritza a bildua gmail.com]
Enviado el: miércoles, 21 de febrero de 2018 16:11
Para: ItzuL
Asunto: [itzul] Aditzaren atzerakarga, buruko min hori
Atzoko BERRIAren azalean, letra potoloetan, CUPeko Mireia Boya-ren adierazpen batzuk honela euskaratuta agertzen dira:
"Nahi ez dugun autogobernu batean indarrak xahutu ditzagun saiatzen ari dira"
Bi galdera bururatzen zaizkit:
1.-Txarretik zer ote zukeen, horrela itzuli balute?:
"Saiatzen ari dira nahi ez dugun autogobernu batean indarrak xahutu ditzagun".
Eta hori, beste hau ez proposatzeagatik:
"Saiatzen ari dira indarrak xahutu ditzagun nahi ez dugun autogobernu batean"
2.- Aurreko biak ez al dira askoz ere ulergarriagoak eta, horrexegatik, erabiliagoak, BERRIAko esaldia baino?
Eta hirugarren galdera bat:
3.- Inork esaten al zuen Altuberen eragina gaindituta daukagula?
Xabier Aristegieta
[https://ipmcdn.avast.com/images/icons/icon-envelope-tick-green-avg-v1.png]<http://www.avg.com/email-signature?utm_medium=email&utm_source=link&utm_campaign=sig-email&utm_content=emailclient>
Libre de virus. www.avg.com<http://www.avg.com/email-signature?utm_medium=email&utm_source=link&utm_campaign=sig-email&utm_content=emailclient>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20180223/4b129534/attachment-0001.html>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago