[itzul] Aditzaren atzerakarga, buruko min hori

Agirre Garai, Jon jon-agirre a bildua euskadi.eus
Al, Ots 26, 10:48:09, CET 2018


Proposatu dituzun idazkera hobetu biek bete egiten dute, bada, galdegaiaren legea.  Zuk hau proposatu duzu: "Tomaxek telefonoa hartu zuenean Extebanen ahots zakarra entzun zuen bestekaldean, eta hura entzutean elkarrekin korapilatu zitzaizkion bizkarreko ziztadak sortarazitako izerdi hotza eta aspalditik erregutua zuen onarpenaren poza." Hau da, "...telefonoa hartu...", "...ahots zakarra entzun...", "...hura entzutean..." eta "...elkarrekin korapilatu...".

Jatorrizkoaren akatsa puntuazioa da, bestela, ulertu ulertzen da: "Bizkarrezurreko ziztadak sortarazi zion izerdi hotzarekin batera, aspalditik erregutua zuen onarpenaren poza korapilatu zitzaion Tomaxi, telefonoa hartu eta Extebanen ahots zakarra entzun zuenean bestekaltean".

Bigarren proposamenean berdin. Zuk nahiago zenuke: "UMPk, UDIk eta PSk elkar hartu zuten gobernu-hitzarmen bat eratzeko -"fronte errepublikar zabala"-, eta bat egin zuten Anaiarte Musulmanaren hautagaiarekin". Hau da, "...elkar hartu...", "...hitzarmen bat eratzeko..." eta "...bat egin...". Lehen partean, ostera, ez da gauza bera "...informazioa lehertu egin zen" eta "...informazioa lehertu zen". Denotazio bera izanik ere, konnotazio desberdinak dituzte esaldi biek, "informazioa" mintzagai izatetik (zertaz ari garen ezaguna da lehen kasuan, informazioarekin zer gertatuko zain geunden) galdegai izatera pasatu duzu (informazioa lehertu zela dioskuzu, beste zerbait leher zitekeela uste genezakeenoi).

Beraz, Altube zenak bedeinkatuko lizkizukeen esaldiak sortu dituzu, ustez haren kontra zenbiltzala. Ai ene! Kutsatu ote zara? :) Txantxak aparte, ez dut uste erdeinuzko "altubiano" adjektiboa behar dugunik elkarri harrika egiteko. Egia da batzuek galdegaiaren kontua txarto ulertu eta "aditza atzean" jarri behar dela uste dutela (oker). Kontua ez da hori, galdegaia "aditzaren aurretxoan" jarri behar dela baino, salbuespenak (gutxi) salbuespen.

Jon



From: LB [mailto:luisber12 a bildua gmail.com]
Sent: ostirala, 2018.eko otsailak 23 01:47
To: 'ItzuL'
Subject: Re: [itzul] Aditzaren atzerakarga, buruko min hori


Galdetzen duzu zergatik BERRIAn ez diren idazten honelako esaldiak:


A)    "Saiatzen ari dira indarrak xahutu ditzagun nahi ez dugun autogobernu batean" (Edo: "Saiatzen ari dira xahu ditzagun gure indarrak nahi ez dugun autogobernu batean")

Honelakoak idazteko partez:


B)    "Nahi ez dugun autogobernu batean indarrak xahutu ditzagun saiatzen ari dira"

Nire ustez, arrazoia da ez direla idazten A) tankerako esaldiak zeren idatziko balira edonork aise ulertzeko moduko testuak sortuko bailirateke, testu burulehen, progresibo, irakurterraz, indartsu, komunikatibo, IRAKURRI AHALA ULERTZEKOAK, eta, azen ontzeko, erabat gramatikalak. Eta hori ez litzateke gisa.

Zenbat hobeto idaztea testu buruatzenak, regresiboak, antikomunikatiboak, nekosoak, IRAKURRI ONDOREN BAIZIK EZIN ULERTUZKOAK, baina, hori bai, ehuneko ehunean purki eta errotik altubianoak. Badakigu halakoen aurrean irakurleak hankajoku biziari emango diola gure izkribuetatik ihesi, baina prezio garratz horren truke lortzen da garaitza bat ezin aski prezatuzkoa: testu altubiano jator-jatorrak, testu purubak eta persona normal baten burmuinak (zer esan gaztelerazko edo frantsesezko testuak irakurtzen ohitutako persona batenak) nekez baizik ezin prozesatuko dituenak.

Satisfakzio handi horren aldarean erretzen eta kixkaltzen ditugula testu batekin bilatu behar genituzkeen irabazi baliosenak (komunikagarritasuna, argitasuna eta diskursibitatea)? Hor konpon! Gu Altuberen lekaio eta zerbitzari hil artio!

Entzun Euskadi Irratiko albistegiak, manifestazio amaieretako aldarriak, irakurri Hegoaldeko euskal kazetetako artikuluak, Hegoaldeko literatur lanak, jatorrizkoak nahiz itzuliak, Hegoaldeko karrika, eraikin, bus, igogailu, supermerkatu, txoko, elkarte, eskola  eta gogora datozkizuen beste edozein leku publiko eta pribatutako kartel, idazki eta oharrak..., hurren denetan agertuko zaigu Altuberen itzal erraldoia indartsu, puxant eta garaile, eta, haren oinetan zerraldo, haren arau absurdo eta suiziden pozoiarekin gorpu bihurturik euskal prosak hainbeste mendez arnasbide izan dituen estrategia behinenak.

Exajeratzen ari naiz? Gauza jakina da ez dela munduan itsu handiagorik ikusi nahi ez duena baino. Hona hemen nola hasten den gure literaturako lan bat, bere obraren kalitate gaitzaz laudorio eta goresmen bizienak baino merezi ez dituen egile handi baten lumatik sortua:

"Bizkarrezurreko ziztadak sortarazi zion izerdi hotzarekin batera aspalditik erregutua zuen onarpenaren poza korapilatu zitzaion Tomaxi telefonoa hartu eta Extebanen ahots zakarra entzun zuenean bestekaltean."

Hori, euskera kaxkar aurrealtubianoan, hauxe litzateke:

"Tomaxek telefonoa hartu zuenean Extebanen ahots zakarra entzun zuen bestekaldean, eta hura entzutean elkarrekin korapilatu zitzaizkion bizkarreko ziztadak sortarazitako izerdi hotza eta aspalditik erregutua zuen onarpenaren poza".

Lehen esaldia jasoa, dotorea eta osoki altubianoa da, baina arrunt ulerkaitza lehen irakurrian (niretzat behintzat); bigarrena apala da, xinplea eta pedigri sintaktiko handirik gabea, baina iturriko ura bezain gardena. Eta bien artean lehena aukeratu behar egileak, jakinki-eta ez dagoela giza burmuinik hainbeste hitzeko sekuentzia bat prozesa dezakeenik aditza agertzen den arteko tarte infinitu horretan?

Itzulpen batetik aliritzira hartutako adibide bat:

"Beinke: ordu biak jota, informazioa lehertu egin zen: UMPk, UDIk eta PSk gobernu-hitzarmen bat eratzeko elkar-hartu, "fronte errepublikar zabala", eta Anaiarte Musulmanaren hautagaiarekin bat egin zuten."

Egongo da esaldi horretan arazorik ikusten ez duenik, jakina. Funtsean, hain ohituta gaude Altuberen arauez mañotaturik bizitzen non normaltzat jotzen ditugun irakurketa erraztera barik dorpetzera eta zailtzera datozten estrategia guztiak, "jatorragoak" eta "zuzenagoak" direlakoan. Bizkitartean, A.a. (Altube aurreko) garaian, esaldi hori honela emanen zukeen edozein euskal itzultzailek lasai asko:

"Baiki: ordu biak jotzearekin informazioa lehertu zen: UMPk, UDIk eta PSk elkar hartu zuten gobernu-hitzarmen bat eratzeko -"fronte errepublikar zabala"-, eta bat egin zuten Anaiarte Musulmanaren hautagaiarekin."

Alde txikia batetik bestera?  Errepika bedi lehen esaldiaren estrategia buruatzena 500 edo 1000 aldiz liburu batean, eta hausnartu gero zein bidetatik hartzen ahal duen euskal irakurle batek plazer gehiago eta burukomin gutxiago.

Adibide bi baino ez dira, DENON testuekin infinizioraino emenda daitezkeenak.

Miraria ez baita nola egon daitekeen hainbeste jende gutartean A eta B moldeetako esaldiak aukeran izanik itsutuki eta sistematikoki lerratua B tankerako sintaxira, baizik eta nola egon daitekeen halako isiltasun -Konplizitate?  Soraiotasun?- kolektibo sinestezin bat praktika aberrante horiei ezikusi egitera deliberatua, kasik zinhartua.


LB.



________________________________
De: Xabier Aristegieta [mailto:allurritza a bildua gmail.com]
Enviado el: miércoles, 21 de febrero de 2018 16:11
Para: ItzuL
Asunto: [itzul] Aditzaren atzerakarga, buruko min hori

Atzoko BERRIAren azalean, letra potoloetan, CUPeko Mireia Boya-ren adierazpen batzuk honela euskaratuta agertzen dira:

"Nahi ez dugun autogobernu batean indarrak xahutu ditzagun saiatzen ari dira"

Bi galdera bururatzen zaizkit:

1.-Txarretik zer ote zukeen, horrela itzuli balute?:

"Saiatzen ari dira nahi ez dugun autogobernu batean indarrak xahutu ditzagun".

Eta hori, beste hau ez proposatzeagatik:

"Saiatzen ari dira indarrak xahutu ditzagun nahi ez dugun autogobernu batean"

2.- Aurreko biak ez al dira askoz ere ulergarriagoak eta, horrexegatik, erabiliagoak, BERRIAko esaldia baino?

Eta hirugarren galdera bat:

3.- Inork esaten al zuen Altuberen eragina gaindituta daukagula?


Xabier Aristegieta





[Bidaltzaileak irudia kendu du.]<http://www.avg.com/email-signature?utm_medium=email&utm_source=link&utm_campaign=sig-email&utm_content=emailclient>

Libre de virus. www.avg.com<http://www.avg.com/email-signature?utm_medium=email&utm_source=link&utm_campaign=sig-email&utm_content=emailclient>


[https://posta.elkarlan.euskadi.eus/disclaimer/marca_outlook_generico.jpg]<http://www.euskadi.net>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20180226/aedc0726/attachment-0001.html>
-------------- hurrengo zatia --------------
Testu hutsa ez zen mezu bat ezabatu egin da...
Izena: image001.jpg
Mota: image/jpeg
Tamaina: 350 bytes
Azalpena: image001.jpg
URL : <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20180226/aedc0726/attachment-0001.jpg>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago