[itzul] «Ahal izan», «behar izan» eta kidekoen subjuntiboa
Galder Ibarra
galder a bildua gitranslations.com
Ost, Urr 3, 18:31:12, CEST 2018
Arratsalde on:
Hauxe da nire lehen mezua banaketa-zerrenda honetan; beraz, kaixo denoi! Ea
inork laguntzerik duen zalantza honekin…
Zuzentzaile talde batean egiten dut lan, eta orain dela egun batzuk
jasotako testu batean honekin egin genuen topo: «[…] modu seguruan
gordetzen da ordainketen informazioa, edonon eta edonoiz ordaindu *ahal
dezazun* […]». Logikak diosku «izan» beharrezkoa dela «ahal»en ondoren,
subjuntiboa eratzeko aditzoina edo partizipioa behar direlako («eros(i)
dezazun», «etor(ri) zaitezen», etab.), baina «ahal», bera bakarrik, ez da
ez bata ez bestea. Hala ere, zuzenketak egiteko zehatz-mehatz azaldu behar
ditugu aldaketen zergatiak, eta ez dugu aurkitzen honen inguruko ezer
erreferentziazko lanetan.
*Euskal Gramatika: Lehen Urratsak-II* liburuan, hau agertzen da: «'Ahal',
aspektu markadun formetan: Izan eta *edun aditz laguntzaileez baliatzen
bagara, aditz nagusia beti aspektu markaduna izanen da» (458. orrialdea).
Hortik ondorioztatzen dugu aditz nagusia osorik agertu behar dela eta,
hortaz, «izan» beharrezkoa litzatekeela, baina agian gehiegi suposatzen ari
gara. Bestalde, Euskaltzaindiaren *ADITZ MODALAK EUSKARAZ* dokumentuan
(esteka: http://www.euskaltzaindia.net/dok/euskera/11319.pdf), euskarazko
aditz modalak «ahal izan» eta «ezin izan» direla aipatzen da; hortaz, uste
dugu osorik mantendu beharko liratekeela.
Inork badaki ezer honi buruz? Asko eskertuko genuke laguntza apurtxo bat.
Eskerrik asko aldez aurretik,
Galder
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20181003/0ed30237/attachment.html>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago