[itzul] tecnologías web en el cliente eta tecnologías web en el servidor

Ainara Ruiz ainara.itzultzailea a bildua gmail.com
Ost, Urt 16, 19:29:15, CET 2019


Web-teknologien esparruan “bezero”/“client”/”cliente” terminoak ez die
erreferentzia egiten, ez harreman ekonomikoei, ez pertsonei, ez gailu
fisikoei; eta gauza bera esan daiteke “zerbitzari”/”server”/”servidor”
terminoaz. Kontua da nola egiten den datu trukaketa, zer noranzko duen
datu-fluxuak, zer hierarkia dagoen…

Bezero-zerbitzari harremanean, zerbitzaria da informazioa banatzeko
prestatuta dagoen software-sistema; informazio hori, adibidez, herri
bakoitzeko tenperaturak edo Euskaltermeko datuak izan daitezke. Eta bezeroa
da informazio hori eskatzen duen aplikazioa, adibidez eguraldia ikusteko
mugikorreko aplikazioa (tenperaturen kasuan) edo Firefox nabigatzailea, edo
Chrome, Opera, Safari… (Euskaltermeko datuen kasuan). Bezeroak datuak
eskatzen dizkio zerbitzariari, eta horrek zerbitzatzen dizkio; hortik
datozkie izenak.

Biak softwarea dira, eta berdin du atzean dauden pertsonek zer harreman
komertzial duten (enpresa baten bezeroak diren edo ez); (software-)bezeroa
erabiltzen duen pertsona izan daiteke bezero fisiko bat (Netflix ikusten
duen pertsona, esaterako), edo erabiltzailea, bezeroa izan gabe (Googlen
zerbait bilatzean, ez gara bezeroak —gehiago gara salgaia, gu edo gure
datuak—), edo bezero fisikoak izan dezake (software-)zerbitzaria (adibidez,
segurtasun-enpresa bat kontratatu badut bideozaintza egiteko, nire etxeko
kamerak datuak bidaliko dizkioke enpresari horrek eskatzen dituenean), edo
pertsona berak bezeroa eta zerbitzaria izan ditzake (etxean zerbitzaria
jarri itzulpen-memoriekin, eta ordenagailu eramangarrian daukan Trados edo
MemoQ programekin —bezeroa— datu horiek eskatu), edo biak makina
birtualetan egon daitezke ordenagailu berean, edo sistema automatizatua
izan daiteke pertsona bat horren atzean egon gabe.

Horren “kontrakoa” dira, nolabait, P2P sareak (parekoen sareak),
bittorrentekoak, adibidez: horietan ez daude zerbitzari bat eta hari datuak
eskatzen dizkioten bezeroak; aitzitik, sistema guztiek betetzen dute
zerbitzari- eta bezero-rola.


Eta, bestalde, “tecnologías web en el cliente” horrekin izendatzen dira
“tecnologías web (que se ejecutan) en el cliente”, eta “tecnologías web en
el servidor” horrekin “tecnologías web (que se ejecutan) en el servidor”.
Bakoitza termino bakarra da, unitate bakarra; horregatik “bezeroko
web-teknologiak” eta “zerbitzariko web-teknologiak”, eta ez
“web-teknologiak zerbitzarian” (salbu eta esan nahi badugu “web-teknologiak
bietan erabiltzen dira, bezeroan eta zerbitzarian” esaldiaren antzeko
zerbait).

· · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · ·
· · · · · · ·

    *Ainara Ruiz, itzultzaile autonomoa*


 · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · · ·
· · · · · · · ·




El mar., 15 ene. 2019 a las 22:46, Bakartxo ARRIZABALAGA (<
bakartxo.arrizabalaga a bildua orange.fr>) escribió:

> Bezeroan arrarotxo egiten zait -en el cliente ere bai-. Gauza omen da
> bezeroaren ordenagailuan direla teknologia horiek, ez? hartara, ez luke
> bezeroarenean edo horrelako zerbait beharko?
>
>
> Bakartxo
>
> envoyé : 15 janvier 2019 à 18:26
> de : Txopi <txopi a bildua ikusimakusi.eus>
> à : itzul a bildua postaria.com
> objet : Re: [itzul] tecnologías web en el cliente eta tecnologías web en
> el servidor
>
>
> 19/1/15 17:52(e)an, Josu Garate Golmayo igorleak idatzi zuen:
>
> Kaixo.
>
> cliente eta servidor, bezero eta zerbitzari izendatzen direla kontuan
> hartuta, web-teknologiak bezeroan eta zerbitzarian esango nuke nik.
>
> Guztiz ados, "web teknologiak bezeroan" eta "web teknologiak
> zerbitzarian". Gidoiekin ere bai.
>
> Ondo izan,
> Txopi.
>
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20190116/145e9d0a/attachment-0001.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago