[itzul] la felicidad es la debilidad bien acompañada

Miren Iriarte mireniriarte a bildua hotmail.com
Ast, Maiatza 30, 13:34:24, CEST 2019


Ez dakit konturatzen zareten zer itsusia den horrelako mezuak jasotzea profesiokideengandik, non eta elkarri laguntzeko foro batean hain zuzen.
Nik eskertzen ditut beti Itzul posta zerrendan jasotzen ditugun ekarpen guztiak, asko ikasteko dugu hemen batak bestearengandik, baina utz ditzagun mesedez halakoak hemendik kanpo, niri neuri behintzat mingarriak egiten zaizkik. Bakoitzak bere etxean egin dezala nahi duena, baina plaza publikoan, mesedez, tratu onak (edo neutroak, behitzat).
Esker mila
Miren Iriarte


________________________________
Nork: Juan Garzia Garmendia <juangarzia a bildua gmail.com>
Bidaltze-data: 2019(e)ko maiatzak 30, osteguna 12:51
Nori: ItzuL
Gaia: Re: [itzul] la felicidad es la debilidad bien acompañada

Zuk erabili dituzu estreina bigarren pertsona gramatikaleko adizkiak, niri lezioak emateko. Nik ez dut inolako interesik zurekin zuzenean mintzatzeko, ez estiloez ez eta hizkuntzaz ere. Zerrenda hau den foruan eztabaidagai diren kontuez aritzen naiz ni, ez pertsonez (badira horretarako beste elkargune batzuk).

Ahaztu nazazu, otoi, ahal baduzu, eta pozarren ahaztuko zaitut. Baina isildu ez naiz egingo, nazkatuak nazkatu.

Adio t'erdi.

Hau idatzi du Xabier Aristegieta (allurritza a bildua gmail.com<mailto:allurritza a bildua gmail.com>) erabiltzaileak (2019 mai. 30, og. (11:48)):
Ez dut  ezertxo ere "pertsonalizatu", ororentzat ikusgai dagoenez.

Nik eginiko itzulpen-proposamen bati buruz zuk zure iritzia eman duzu, eta nik erantzun egin dizut (horri gaur egun "pertsonalizatzea" deitzen al zaio, ba?).

Horretarako dago posta-zerrenda hau.

Zuk nire estiloaz ez omen duzu ezer esango (utzi dituzu aurretik  jada esanak, "apetak" eta "arbitrariotasun erabatekoak" tarteko). Delibero errespetagarria, alderantzizkoa bezainbeste. Ni ere oso libre naiz nire iritzia gorde nahiz emateko.

"Beren obretatik ezagutuko dituzue". Guztiz ados, baina... "ezagutuko dituzue"? Xedea urlia edo sandia "ezagutzea" al da, ba? Hori bai pertsonalizazioa.

Ondo izan.

Xabier Aristegieta

Hau idatzi du Juan Garzia Garmendia (juangarzia a bildua gmail.com<mailto:juangarzia a bildua gmail.com>) erabiltzaileak (2019 mai. 29, az. (22:07)):
Pertsonalizatu duzunez:

Ez bide zaizu gustatzen nire estiloa. Nik ez dut esango ezer zureaz.

Eskatzen hasita, banuke nik ere zuri eskatzekorik, baina zuk halakorik ez eskatzearekin aski oraingoz.

Ez dago gor gorragorik bere belarrien artekoa besterik entzuten ez duena baino.

Eta ez da, ez horixe, hiperbole bibliko bat, diagnostiko bat baizik, zureen truke.

Bibliara jotzekotan, harako "beren obretatik ezagutuko dituzue" hura nerabilke aukeran, edota, hain zuzen ere, "belarri duenak entzuteko, bentzu"...

Hor konpon, eta osasun on.


Hau idatzi du Xabier Aristegieta (allurritza a bildua gmail.com<mailto:allurritza a bildua gmail.com>) erabiltzaileak (2019 mai. 29, az. (21:09)):
Adbertsatiboa txertatzearen aldeko hautua,"apetazko interpretazio" baten "arbitrariotasun erabatekoari" (!!!) atea irekitzea? Hiperboleak uzteko eta kritikatzean doitasun-ahalegin bat egiteko eskatuko nizuke.

Hain zuzen ere "generoa, estiloa eta xedea itzulgaiaren osagai" direlako, ezin zaio ezikusia egin jatorrizko esaldiaren definizio-izaerari. Horregatik, proposaturiko itzulpenak ere definizio behar du izan. "Zorion dugu ahultasuna lagun duena laguna" hori, definizio ez beste edozer da, dezente hurbilago egoterainokoa Mateoren Ebanjelioko Dohatsutasun edo Zoriontasunen tankerako testu batetik (Mt 5,3-12), aforismo-asmodun bide den definizio horretatik baino.

Kontuz, beraz, endekasilaboarekiko endekaliluraren endekabide horrekin.

Eta --asko sentitzen dut-- ezin naiz batere ados egon "gainerakoa, gramatika barne, gero dator" esaldiarekin. Gramatikak hasiera-hasieratik egon behar du ulergarritasunaren mesedetan, "zorion dugu ahultasuna lagun duena laguna" aho-korapiloaren zoko-moko semantikoekin ("zorion dugu [ahultasuna lagun duena] laguna" versus "zorion dugu ahultasuna [lagun duena laguna"]) sokatiran ibiltzetik libra gaitzan

Xabier Aristegieta



Hau idatzi du Juan Garzia Garmendia (juangarzia a bildua gmail.com<mailto:juangarzia a bildua gmail.com>) erabiltzaileak (2019 mai. 29, az. (12:09)):
Guztiz harrigarri gertatu zait inork ez jartzea zalantzan "baina" erabiltzea hor, gaztelaniaren perfektutasuna betiere gordetzearen izenean ("Ahultasun" horretaz, deus ez ele) arbitrariotasun erabatekoari atea zabal-zabal irekiz interpretazioan,, hemen esplizituki ageri denez:

<<"baina" adbertsatiboa ez da jatorrizkoan formalki ageri, baina zeharo presente dago oharmenean, eta euskaraz beharrezkoa iruditzen zait>>

Zertan gelditzen gara? Erdarararen formulazioari lotu, ala geure apetazko interpretazioari?

Matxadoren boutade poetikoa ekarri dit hori gogora, Shakespeareren soneto bat oktasilabotan "itzuli" zuelarik, esanez ez zela hori "jatorrizkoak zioena, baina bai esan nahi zuena".

Hartara jarrita, eufoniari begiratuko nioke nik aukeran auzi dugun esaldiari, ez baitakit inor konturatu den (ezohartuan nabarmen eragiten duen arren) "la debilidad bien acompañada" ez dela besterik gabe sintagma bat, baizik eta endekasilabo kanoniko bat, seigarren silabako monosilaboan daramalarik azentu metriko nagusia (hortik atera nezake, hartara jarrita betiere, hitz hori dela semantikoki azpimarratua ere). Aurrekoa heptasílabo bat da (endekasilaboarekiko konbinazio tipikoa metrikan).

Esaldi osoak, izan ere, eta bistan denez, tonalitate "literarioa" bilatzen du, aforismoarena edo, eta, hala bada, kontuan hartu behar luke hori itzulpenak; alegia, esaldi paralelo baina bestelako batean ez bezala: "la solución es agua con vinagre".

Zertara datorren nire maiseatze hau? Bada, hara: Xenpelar eta Leizarraga lagun geure metroz esanda, hau gogoraraztera: "Hasieratik pentsatu: / Zer den, zuk hala translatu".

Beste modu prosaikoago batean esanda: generoa, estiloa eta xedea itzulgaiaren osagai dira, oinarri-oinarrizkoak. Gainerakoa, gramatika barne, gero dator.

Eta bai, lasai, nik ere eman dezadan neure BAT  zuentzat maiseagai, puntu luzean:

Zorion dugu ahultasuna lagun duena laguna.





Hau idatzi du Dionisio Amundarain (itsasondo9 a bildua gmail.com<mailto:itsasondo9 a bildua gmail.com>) erabiltzaileak (2019 mai. 29, az. (10:53)):
Xabier Aristegietak dioena gorabehera, uste dut:" Zoriona ez da ahuldadea", inolaz ere; baizik eta sintagma osoa eskatzen du  hor zoriona izatea definitzeak:  "lagunarte on bateko ahuldadea". Aristegietak eranskin bat gehitu dio; eranskina ez da izaten funtsezkoa. Kasu honetan "lagunarte on bateko " hori funtsezkoa du definizioak eta funtsezko lotura behar du "ahuldadea"rekin. Lagunarte ordez konpainia jar dezakezu.  Bidenabar, "lagunartea" ipini nuenean, "pica salis" bat ere gogoan izan nuen. Eman nuen kasu horretan, "lagunarte" ez zen ni gogo betekoa; jendeak hortik joko ote zuen nuen buruan. Nirea argitu nahian: gure artean, adibidez Gogo Jardunen diskurtsoan, askotan etortzen zaigu "lagun egin, lagun egite"; baina horretatik aurrera aukera gutxi ematen du forma. Honetaz, beste noizbait, agian. DIONISIO

El mié., 29 may. 2019 a las 9:58, Julian Maia (<julian.maia a bildua ehu.eus>) escribió:

Eragozpen handia ote da  honela?:



“Zoriona da ahultasuna baina konpainia onean”



Julian



De: Xabier Aristegieta <allurritza a bildua gmail.com<mailto:allurritza a bildua gmail.com>>
Enviado el: miércoles, 22 de mayo de 2019 18:53
Para: ItzuL <itzul a bildua postaria.com<mailto:itzul a bildua postaria.com>>
Asunto: Re: [itzul] la felicidad es la debilidad bien acompañada



Proposatzen diguzun esaldia definizio bat da.

Definizio guztietan, abiapuntua definigaia da (kasu honetan: "LA FELICIDAD es...").

Horregatik ez nago ados Axunen proposamenarekin: abiapuntua ("zoriona") ezin dugu itzulpenean iritsiera-puntu bihurtu ("Ondo lagundutako ahultasuna, ZORION ITURRI", dio Axunek). Abiapuntu bera jarri behar dugu euskaraz.



Gaztelaniazkoari buruz, beste bi ohar:

- Kontuan har bedi "la felicidad es LA debilidad..." esaten duela, ez "UNA debilidad...".

- Gaztelaniazko esaldiaren intonazioan, enfasia "bien acompañada"ri ematen zaio, ez "la debilidad"i. Euskaraz Dionisioren proposamenaren ildoko bat erabiltzen badugu, enfasia ez zaio ematen "bien acompañada"ri, baizik eta "ahuldade"ri ( "zoriona, halako eta halako AHULDADEA), eta horrek aldatu egiten du esaldiaren zentzua. Bestalde, "lagunarte on bateko ahuldadea" espresioak aditzera ematen du lagunarte batek/orok nolabaiteko ahuldade bat daukala, berez-edo. Ideia hori guztiz arrotza zaio gaztelaniazko jatorrizkoari.



Nire proposamena:

Zoriona zera da, Ahultasuna, baina konpainia onean/onekoa



Propio jarri diot A larria "ahultasun" hitzari, argi uztearren zentzu absolutuan dagoela erabilia (alegia: horren itzulpena ez dela "UNA debilidad", baizik eta "LA debilidad"). "Bat" zehazgabearen ordez mugatzailea erabiltzearen alde egin den kanpaina izugarri horren ondoren, horrelako problemak (ere) sortzen zaizkigu euskaraz.itzulpenean.



Bestalde, "baina" adbertsatiboa ez da jatorrizkoan formalki ageri, baina zeharo presente dago oharmenean, eta euskaraz beharrezkoa iruditzen zait, intonazio-enfasia esaldiaren amaierara eramateko.



Xabier Aristegieta



Hau idatzi du Itzuliz Itzulpen Zerbitzua (itzuliz a bildua outlook.com<mailto:itzuliz a bildua outlook.com>) erabiltzaileak (2019 mai. 21, ar. (23:44)):

Gau on. Bururatzen zaizu zerbait goiko horrentzat?

Eskertuko nizueke zuen ekarpena.

MIla esker, aurrez

Joxemari
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20190530/3e500004/attachment-0001.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago