[itzul] Instantánea pictórica

Xabier Aristegieta allurritza a bildua gmail.com
As, Ira 3, 19:14:25, CEST 2019


Oker ez banago, argazkigintzako bereizketa bat da "posado" eta
"instantánea" artekoa: hots, propio posatzen ari den norbaiti ateratako
argazkiaren eta espontaneoki, bat-batean, ateratako argazkiaren artekoa.
EUSKALTERMek "bat-bateko argazki" ematen du, 4. ponderazio-markarekin,
"cámara fotográfica instantánea" terminoaren ordainean (ordain osoa:
"bat-bateko argazkien kamera").
Niri pertsonalki ez zait oso egokia iruditzen "bat-bateko" erabiltzea,
kontuan harturik bai gaztelaniaz bai frantsesez erabiltzen diren hitzak:
instantánea / instantané. Euskaraz "istant" badaukagularik (eta
EUSKALTERMek beste termino batzuetarako ametitzen duela ikusirik),
logikoagoa irudituko zitzaidan "istant-irudi" edo "istant-argazki"
hitz-elkartea, eta hurbilagoa gaztelaniazko nahiz frantsesezko formei.
Gainera, uste dut huts egiteko arriskurik gabe esan daitekeela "istant"
substantiboaren presentzia askoz ere urriagoa dela eguneroko euskaran
"bat-bateko" izenlagunarena baino; horrenbestez, lausotasun arriskua
txikiagoa da "istant" erabiliz.

"Pictórico"rekin, pentsatzen dut esan nahi duela argazkigintzako
"instantánea" baten antzeko inpresio orokorra margolan baten bidez ematen
dela (eszena prestatugabea, inprobisatua, edo are bertan agertzen direnak
konturatu ere egin gabe ateratako irudia).

Nire proposamena: margolanezko istant-irudi. EUSKALTERMeko "bat-bateko"
erabiliz, "margolanezko bat-bateko irudi" (ezen ez "bat-bateko margolanezko
irudi", margolan bat, definizioz, ezin baita "bat-batean" egin). Baina ez
zait batere gustatzen "margolanezko bat-bateko" izenlagun-pilaketa,
batetik. Eta, bestetik, oso eztabaidagarria iruditzen zait "bat-bateko
irudi" espresioa: bat-batean jokatzen duena argazkigilea da, baina kasuko
eszenak istant soil bat irauteak... eszena bera "bat-batekoa" dela esan
nahi al du, ba? Ezezkoan nago. Nire proposamenari eusten diot.

Xabier Aristegieta

Hau idatzi du urtzi urrutikoetxea (urtziurrutikoetxea a bildua hotmail.com)
erabiltzaileak (2019 ira. 3, ar. (14:38)):

> XVI. mendeko pintura flamenkoa, koadro bat deskribatzeko "instantánea
> pictórica" hori, zelan eman euskaraz?
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20190903/6944ce24/attachment-0001.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago