[itzul] Animalia izen batzuekin laguntzerik bai?
joxean a bildua uzei.eus
joxean a bildua uzei.eus
Al, Ots 17, 11:34:51, CET 2020
Egun on,
Euskalterm Terminologia Banku Publikoan ageri diren euskarazko espezie-izen gehienen oinarrian dago UZEIk 1984an, aditu-talde zabal baten ezinbesteko lankidetzarekin, landutako Landare eta animalien izendegia. Espezieen izenak biltzen zituen hiztegia zen. Izendegi hura lantzeko, tradizioko espezie-izenak biltzeaz gainera, sorkuntza-lan handia egin behar izan zuten aditu haiek, espezie askorentzako ez zegoelako euskarazko tradizioko izenik, eta, era berean, izenak moldatzeko irizpide asko finkatu eta erabaki behar izan zituzten. Irizpide horietako bat izan zen gaurko kasuari dagokiona: nola eman bi substantiborekin eratutako espezie-izenak, hau da «izen + izen moduko konposizioak». Hautatutako bide nagusia izan zen ohiko hitz elkarketa; adibidez, «etxe-sagua» edo «mendi-pinua». Elkarketa hauetan, bigarren izenak du espeziearen esanahi nagusia, kasu honetan «sagua» edo «pinua», eta lehen izenak nolabait mugatu edo zehaztu egiten du izen nagusi hori. Esango genuke hau dela euskarak duen konposizio edo hitz-elkarketa modu arrunta. Horrelakoak idaztean, bi hitzen artean marratxoa jartzea hautazkoa da Euskaltzaindiaren arabera, baina UZEIn jarri egiten diogu, argigarriagoa delakoan. Baina espezie jakin batzuetan, zalantza sortu zen: esaterako, «hosto-intsektua» esaten badugu, lehen kolpean ulertuko dugu hostoetan bizi den edo hostoez elikatzen den intsektuez ari garela; baina, horiez gainera, badira hosto-itxura duten beste intsektu batzuk ere. Hortaz, bigarren motako intsektu horiei zer beste izen eman beharko litzaieke? Nola bereizi bi «hosto-intsektu» horiek. Nahasketa ebatzi beharreko kasu horietarako, izendegian proposatu zen bidea izan zen bigarren espezie-mota horietarako, hau da, antzekotasuna edo itxura adierazten dutenak izendatzeko, aposizioa erabiltzea.
Eta bide horretatik, «intsektu hostoa» proposatu zen hostoaren itxura duten beste intsektu horiek izendatzeko (aposizioa denez, marratxorik gabe idazten dugu). Bide beretik «suge koral» aposizioa erabiliko genuke (marratxorik gabe) koralaren kolorea duen sugea izendatzeko, eta «koral-sugea» (hitz-elkarketa arrunta, marratxoarekin idatzia) erabiliko genuke koraletan bizi den itsas suge bat izendatzeko. Beraz, irizpide horiei jarraituz, izendapenean tigrea aipatzen den eltxo-espezie bat izendatzeko, horrela egiten dugu:
1. «eltxo tigrea» (aposizioa, marratxorik gabe), tigrearen antzeko marrak dituen eltxoa delako.
2. «tigre-eltxoa» (hitz-elkarketa arrunta, marratxoduna) uler daiteke edo erabiliko litzateke tigreen eltxoa izendatzeko, tigreak dauden lekuan bizi den eltxoa edo tigreen odolaz elikatzen dena, edo dena delakoa.
Nahasketarik ez legokeen kasuetan, hitz-elkarketa arrunta erabiltzea da irizpide nagusia: adibidez, «erloju-arrain» edo «lira-hegaztia» (hor ez dago nahasbiderik, ez dago erlojuetan bizi den beste arrainik edo lira jotzen duen hegaztirik).
Labur esanda, azaldutako ildo nagusi horri eusten saiatzen gara Euskaltermen.
__________________
Joxean Zapirain
UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroa
Terminologia Saila
Aldapeta, 20
E-20009 DONOSTIA
Tel: +34 943473377
www.uzei.eus
__________________
:: Mezu hau konfidentziala da. Mezuaren edukia legeak babesten du. Zu ez bazara mezuaren hartzailea, legeak debekatu egiten du mezuaren edukia edozein xedetarako erabiltzea, zabaltzea edo kopiatzea, horretarako baimenik izan gabe. Jakinaraz iezaiozu berehala UZEIri eta ezaba ezazu mezua.
:: Gure arteko harremana kudeatzeko zure helbide elektronikoa eta bestelako datu pertsonalak erabili behar ditugu. Erabilera hori onesteko, mesedez, sakatu hemen. Eskerrik asko!
:: UZEI. Aldapeta, 20. 20009 Donostia. uzei a bildua uzei.eus
-----Jatorrizko mezua-----
Hemendik: LARRINAGA LARRAZABAL, ASIER <larrinaga_asier a bildua eitb.eus>
Bidaltze-data: 2020(e)ko otsaila 17, astelehena 11:02
Hona: 'ItzuL' <itzul a bildua postaria.com>
Gaia: Re: [itzul] Animalia izen batzuekin laguntzerik bai?
Ez dut uste "mosquito tigre" erako bizidun-izenak euskaratzeko orduan arrazoi hobeekin defenda daitekeenik egokiagoa dela atributu-elkarketa ("eltxo trigrea") mendekotasun-elkarketa baino ("trigre-eltxoa"), ezta alderantzizkoa ere.
Praktikoa litzateke, beraz, ahal dela, irizpideak bateratzea eta izen berriak sortzeko orduan beti elkarketa mota berera jotzea.
Horretara ipinita, nik esango nuke mendekotasun-elkarketak abantaila duela. Mailu-arraina, zerra-arraina, ezpata-arraina eta beste hainbat ikusita, ia berez sortzen dira armiarma-arraina, lehoi-arraina, tximeleta-arraina e. a. (denak Euskaltermen jasoak).
Euskal Telebistan, irizpide hori darabilgu dokumentaletako bizidunen izenak euskaratzeko: tigre-marrazoa, errinozero-sugegorria, saguzar-arraina, papagai-arraina, lehoinabar-dortoka... Albistegietan berdin; "tigre-eltxoa" esaten dugu.
Wikipedian ere, antza, irizpide bera darabilte, "tigre-eltxo" sarrera baitute.
Asier Larrinaga Larrazabal
[http://www.eitb.eus/multimedia/banner_emails/banner_emails_ezkerra.jpg] < <http://www.eitb.eus/link-banner-email-ezkerra/> http://www.eitb.eus/link-banner-email-ezkerra/> [http://www.eitb.eus/multimedia/banner_emails/banner_emails_eskuma.jpg] < <http://www.eitb.eus/link-banner-email-eskuma/> http://www.eitb.eus/link-banner-email-eskuma/>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20200217/937963bf/attachment-0001.htm>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago