[itzul] Erasotu adjektiboa ??

Xabier Aristegieta allurritza a bildua gmail.com
Al, Maiatza 25, 14:57:26, CEST 2020


Ezertan ukatu gabe, jakina, "-i eraso" aditza, nire ustez argi dago joera
oso handia dagoela "erasotu" trantsitibo gisa erabiltzeko, dituen
abantailengatik. Eta esango nuke horrelakoengatik eboluzionatzen dutela
hizkuntzek.

"Artikulua saltzeko" inongo asmorik gabe, auzi honi buruz zertxobait idatzi
nuen ekonomia linguistikoaz SENEZerako prestatu nuen artikulu batean (47.
zenbakidun alea), eta jarraian txertatuko dut.

Ohartxo bat: konturatu naizenez, Euskaltzaindiaren Hiztegiak osatu egin du
"borrokatu" aditzaren erregimenari buruzkoa; hain zuzen,
"trantsitibizazio"rantz.

5. Aditz trantsitiboen alde

Perifrasi bat maiztasunez erabiltzen hasten denean, badago joera bat,
esango genuke, ekonomia linguistikoa erdiestekoa perifrasi horren ordez
aditz trantsitibo bat sortuz eta aditz horrek osagarri zuzen gisa hartuz
perifrasian zehar-osagarri funtzioa betetzen zuen elementua. Adibideak:

• Zerbaiti azpimarra jarri > *zerbait azpimarratu*

• Norbaiti saria eman > *norbait saritu*

• Norbaiti zorionak eman > *norbait zoriondu*

• Norbaiti elkarrizketa egin > *norbait elkarrizketatu*

• Bideei langak jarri > *bideak langatu*

• Zerbaiti iruzkin bat egin > *zerbait iruzkindu*

• Zerbaiti zedarriak jarri > *zerbait zedarritu*

Dena den, gaur egun, osagarri zuzen bihurtuta ikusi ohi dira hasiera batean
zehar-osagarri ez beste funtzio bat betetzen zuten elementuak:

• Hiriaren inguruan harresia eraiki > *hiria harresitu*

• Planetaren inguruan orbita egin > *planeta orbitatu *(*Egungo Euskararen
Hiztegia*n adibide mordo bat ikus daiteke)*125 *

• Prekarietatearen aurka borrokatu > *prekarietatea borrokatu *(*Hiztegi
Batua*k *da *laguntzailea soilik baimentzen du, dena den).

• Ildo horretatik, bilakaera aski natural gisa ikusten dugu *zerbaiten
berri eman *> *zerbait berrieman *eraldaketa. Abantaila nabarmen batekin: -*en
berri eman*, egitura postpositiboa izaki, atzerakarga handien errudun izan
daiteke; hortaz, *zerbait berrieman *egiturak aditza aurreratzeko modu
bikaina ematen du. Konparazio baterako: *Aldapeko sagarraren adarraren
puntan gertatuaren berri eman zuen > Berrieman zuen aldapeko sagarraren
adarraren puntan gertatua*.

Bereziki euskaraz, aditz trantsitiboa erabiltzearen beste abantaila
ohargarri bat da horrek aukera ematen duela osagarri zuzenari aditz
trantsitiboaren partizipioan oinarrituriko izenlaguna eransteko. Goragoko
adibide batzuk erabiliz: *azpimarratutako zerbait*, *elkarrizketatutako
norbait*, *harresituriko hiria*, *orbitaturiko planeta*, *borrokaturiko
prekarietatea*. Trantsitibizatze-joera hori gabe, nekez sor litezke
aipatuak bezain ulergarriak diren izenlagunak: *norbaiti elkarrizketa egin
> elkarrizketa egindako norbait???*

• Horren beste erakusgarri bat dateke *emakume erasotuak *espresioa, zeina,
gaur egungo errealitate tamalgarri baten isla, hedabideetan eta jendaurreko
solasean maiz ikusia edo entzuna baita. *Hiztegi Batua*ren arabera,
baina, *norbaiti
eraso *esan behar da (*dio *laguntzailea bakarrik onartzen baitu
*eraso *aditzarentzat).
Bada, zalantzazkoa iruditzen zaigunez *emakumeei eraso-*tik *emakume
erasotuak*-era pasatu ahal izatea, euskal hiztunen artean
erabilera-aldaketa bat gertatzen ari den seinaletzat hartzen dugu, *nori
eraso*-tik *nor eraso*-ra, eta are *nor erasotu*-ra. Trantsitibizatze
horrexek ahalbidetuko luke *eraso zaien emakumeak *edo *emakume eraso
zaienak*-en ordez *emakume erasotuak *edo *erasotutako emakumeak *
erabiltzea.

Trantsitibizatze-joerak duen indarraren beste erakusgarri gisa har litezke,
agian, *urregintza*, *zilargintza*, *buztingintza *eta halako
substantiboak: argi dago jarduera horietan ez dela urrerik, zilarrik edo
buztinik *egiten —*nahi bai, lehenengo bien kasuan!—, baizik eta *haiekin
lan egiten *dela.

Beste kasu batzuetan, aditza trantsitiboa litzateke hasieratik, baina
hasieran adizlagun funtzioa betetzen zuen elementu bat batzen zaio aditzari:

• Norbait gurutzean iltzatu *> norbait gurutziltzatu*

• Norbait lekuz aldatu *> norbait lekualdatu*

• Zerbait barnean hartu *> zerbait barnehartu*

• Zerbait eskuz landu *> zerbait eskulandu?*

Argi ikusten denez, adibide guzti horietan ekonomia linguistiko handiagoko
adierazpenak lortzen dira. Inolako esanahi-galerarik gabe, alegia.



• Hagitz ohargarria iruditu zitzaigun Euskerazaintzak 2002an argitaratutako
liburu baten izenburua: 36ko gudaldian *su-izkillatutako **idazle gazteak*.

• Aditz trantsitiboranzko joera hori ez da euskaraz bakarrik gertatzen;
antzera gertatzen da, esate baterako, gaztelaniaz, *ambicionar*,
*inventariar*, *presupuestar *eta *entrecomillar *aditzekin, besteak beste.

• Inoiz aurkitu uste dugun ekonomia linguistikoaren gailurretako bat
Interneten topatutako ingelesezko adibide honetan dago: *Can I DIY a
Kitchen Island? *Izan ere, lehenbizi *Do-It-Yourself *akronimo bihurtu da,
eta, jarraian, akronimo hori aditz trantsitibo.

• Aurreko adibidearekin lotuta, aipagarria iruditzen zaigu euskarazko
*brikolatu
*aditza, ingelesezko *DIY *horren ordain betea, Paskual Rekaldek *31
eskutik *blogean45 gure oharmenera ekarria. Pena da, alabaina, *Hiztegi
Batua*k jasotzen duen arren, nola bertan ohartarazten den ezen
*brikolatu *aditzak
*du *aditz laguntzailea daramala, bai, baina «*nor *kasurik gabea» dela.
Horrek esan nahi du, ulertzen dugunez, ezin duela osagarri zuzenik
izan. *Ereduzko
Prosa Gaur*-en jasotzen den lekukotasun bakarrak, ordea (zeina *Herria
*astekaritik
erauzia den), osagarri zuzen bat inplikatzen du: «Eta ez dugu nahi […]
estruktura "brikolatu" berri bat, ez!»46.


Xabier Aristegieta




Hau idatzi du Fernando Rey (fernando.rey a bildua unavarra.es) erabiltzaileak (2020
mai. 25, al. (09:42)):

>
> Egun on:
>
>
> Gauza jakina da "eraso" dela aditza, ez "erasotu", baina duda pixka bat
> sortu zait partizipioarekin, hots, adjektiboarekin.
>
> Animalia erasotua??
>
> Euskaltzaindiaren Hiztegian ez dago halakorik, baina, jakina, "animalia
> erasoa" ez da ulertzen eta, gainera, nahasgarria izan liteke.
>
> Bestelako egitura batera jotzera behartuak gaude izenaz baliatuz? Edo
> badago beste soluziorik?
>
> "Erasoa jasotako animalia", "erasoa egin zaion animalia" ???
>
>
> Ereduzko Prosan ikusi dut lasai asko erabili dela "erasotua" adjektiboa
> kalitate on-oneko testu askotan: Iñaki Mendiguren, Elizen arteko
> Biblian, Anjel Lertxundi, Aranbarri, Anton Garikano, Koro Navarro...
>
>
> Iritzirik astelehen goiz hits honetan?
>
>
> Fernando Rey
>
>
>
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20200525/cd9a3420/attachment-0001.htm>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago