[itzul] iritzi aditz trinkoaren gaineko zalantza (oso berantiar bat)

oskar arana oskar.arana a bildua gmail.com
Lar, Api 24, 17:33:02, CEST 2021


Badut zalantza bat argitu ezin dudana, aspalditik, eta gramatiketan ere ez
zait argibide handirik ematen. *Iritzi *aditz trinkoaren gainean da (susmoa
dut paradigmak ikastea egokitu zitzaidanean, aspaldi-aspaldiko batxilergo
hartan, ez genuela orain arauturik dagoen paradigma ikasi, edo, bestela,
hainbat paradigma ikasi genituela eta harrezkero kontuak beste ere batera
finkatzea-edo gertatu dela.

Kontua da aste honetan, Peru Abarka irakurriz (zer gustua klasikoak
irakurtzea, heldutan, inork behartu gabe, eta hizkuntzaz gozatzeko asmo
soilarekin; literatura ez da adin guzietan berdin gozatzen... jakingo bide
dute hori literatura irakasleek, baina nik neuretzat eta gogoetakide
diratekeenentzat esaten dut ozen, pedagogian adituek sarri esan bide
dutena), esaldi hau topatu nuela:

P: "...Eruango zaitut errotara, olara, basuetara, eta beste lekuchu
batzubetara, ta erakutsiko deutsudaz zuc eztaquizuzan, ta jaquin guraco
dituzun gauza asco."
M.J.: "Ondo *derist*, ta asco da gauco conversacino contuzcoric."

Begiratu dut hori Sareko Gramatikako adizkitegian, eta "hura-niri-hark"
dela dinost.

Adizkiaren forma ez zait arrotza egiten, baina esan behar dut ez nuela
aspalditik idatzita ikusten. Horrekin batera ikusi izan ditut, ez dakit
zuzen ala oker erabilita, *deritzait, **deritzot...*Eta badut, lehen esan
dudanez, nahaste apur bat aditz trinko honen paradigma dela-eta.

Ustekabea hartu dut adizkiaren argumentu horiek ikusita SGk eman didan
azalpenean. Hara jo aurretik, "hura-niri" zelako uste sendoa nuen, hau da
"ondo iruditzen zait" "ondo begitantzen zait" esapidearen parekotzat jota
nuen (edota, itzultzaileak garenez, erdarazko "me parece bien" esapidearen
ordain peto-peto-petoa...), adieraz nahiz eraketaz, nor-nori erako adizki
bat. "Hura-niri-hark" da, benetan, hona ekarri dudan pasarte horretan?

Baten batek oinarri-oinarrizko kontuetara jotzeko umorea baduzue, azalpena
emanez, ...eskerrik asko.


*Oskar Arana Ibabe*
[image: Argazkia]
Udaberri lorea (Iparraldean),
San Jose lorea (Aramaion eta Arrasaten),
edo udalorea (Bizkaian)
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20210424/f9cd4561/attachment.htm>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago