[itzul] kausa eta arrazoi bereizi beharrik ote?

oskar arana oskar.arana a bildua gmail.com
As, Urt 5, 17:36:26, CET 2021


Urte berri on.

Nahiko sistematikoki ikusten da, zuzenbidean, erdarazko "causa" emateko,
euskarazko "arrazoi" ordaina.

Oraintxe bertan, "abstenitzeko arrazoi" eman dit Euskaltermek, "*causa de
abstención*" terminoaren ordain gisa.

Beharbada, iritziko diozue bazterrak alferrik nahastea dela, baina nago
zuzenbidean "kausa" eta "arrazoi" bereizi beharra egoten dela batzuetan,
"arrazoi" arlo subjektiborako baliatuz, eta "kausa" arlo objektiborako. Hau
da, "arrazoi" izango litzateke pertsona batek zerbaitetarako duen zioa, eta
"kausa" izango litzateke ondorio bat eragiten duen egoera jakin bat, hau
da, kausa objektibo bat.
Euskaltermen topatu ditudan terminoen artean, gehiagotan eman da "arrazoi",
baina kasuren batean "kausa" ere eman da. Hala:

1.- "causa de abstención"-"abstenitzeko arrazoi (4)"
2.- "causa de despido"-"kaleratzeko arrazoi (4)"
3.- "causa de divorcio"-"dibortzio-arrazoi"
4.- "causa de fuerza mayor"- "ezinbeste; ezinbesteko kasu"
5.- "causa de indignidad"- "ezduintasun-arrazoi"

baina:
6.- "causa de nulidad"-"deuseztasun-kasua; deuseztasun-arrazoi"

baina:

7- "causa de recusación"-"errekusatzeko arrazoi (4)"
8.- "causa de separación"-"banantzeko arrazoi"

baina:
9.- "causa del contrato"- "kontratuaren kausa; kontratuaren kari"

baina:

10.- "causa justa"- "bidezko arrazoi; arrazoi zuzen"

baina:

11.- "enriquecimiento sin causa" - "kausarik gabeko aberaste; karirik
gabeko aberaste"

Esango nuke ezen, sarri bezala, hizkera ez-berezituan edo arruntean egin
beharrik ez dagoen bereizketa egin beharra dagoela batzuetan zuzenbidean,
eta zaila dela zenbait kontzeptu juridiko azaltzea, "kausa" kontzeptua
mehazten badugu kontzeptu juridikoen basotik.

Hala, esate baterako, nik aditzen dut "abstenitzeko kausa" beharko lukeela;
alegia, batek izan lezake arrazoi bat norbait "errekusatzeko" afera publiko
batean, baina arrazoi hori legeak jasotzen duenean "abstenitze kausa" edo
"errekusatze kausa" bihurtzen dela, objektibatu egiten dela, hartara
dagozkion lege-ondorioak izan ditzan. Eta epaitegiek eta auzitegiek "kausa"
horiek gertatu diren edo ez egiaztatzen dutela, eta, gertatu badira edo
tarteko badira, ontzat jotzen dituztela lege-ondorioak, bakoitzaren
arrazoiak arrazoi.

Sarri bezala, litekeena da nire sumo hau zor izatea hizkera arruntaren eta
zuzenbideko hizkeraren muga batzuetan mehegiari.



*Oskar Arana Ibabe*
[image: Argazkia]
Udaberri lorea (Iparraldean),
San Jose lorea (Aramaion eta Arrasaten),
edo udalorea (Bizkaian)
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20210105/1fececda/attachment.htm>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago