[itzul] jatekoan/jatekotan
Miren Agurtzane Mallona Legarreta
agurtzane.mallona a bildua deusto.es
Or, Aza 4, 21:14:53, CET 2022
Gabon denoi!
Ez dakit zein izango zen ikastaroan erabili zenuten testuingurua. Baina
niri iruditzen zait "ez jatekoan" honen esanahia eta "ez joatekotan" edo
"jango ez badugu" ildo berekoak direla. Zein desberdintasun dutela esango
zenuke, Oskar? Nik neuk, Bizkaiko euskaran parekotzat joko nituzke.
Gai interesgarria!
Agurtzane
oskar arana <oskar.arana a bildua gmail.com> igorleak hau idatzi zuen (2022 aza. 4,
or. 17:18):
> Oraintsu aztertu dugu *-tzekotan* erako baldintzaren gaia Fernando Reyk
> eta Patxi Petrirenak emandako ikastaro batean.
>
> Eta, uste dut, ondo aditu nuela gai horren funtsa.
>
> Hala ere, aste honetan bertan, fidatzekoa den euskaldun baten ahotan,
> gertatu zait beste erabilera hau entzutea, litekeena dena ez izatea
> ikastaro hartako gaiaren arlokoa erabat, baina, gertu dagoelako, foro
> honetara dakardana, beste gai haren antzekoa delako, edo gertu-gertukoa,
> bai formaz, bai edukiz (nahiz, ene ustean, ez erabat).
>
> Solasa:
> "- Ogia badago, xigortua...eta erosiko dugu egunekoa ere?
> - Bai, erosi egizu.
> - Bai? Baina, *ez jatekoan *("ez jatekuen", euskalkian ahoskatuta), hobe
> ez erosi, ezta?"
>
> Ez da "jatekotan" erako baldintza, baina hurbilekoa formaz.
> Erabilera horretan, ez du haren baliorik. Gehiago du, *"ez jatera*"
> egituraren balioa.
>
> Baina aspaldi entzun gabea nintzen egitura hori, eta gogoratu zait
> ikastaroko beste hura, eta gertu-gertukoak direlako formaz (baina ez
> adieraz), iruditu zait egokia litzatekeela hemen aipatzea, eremuak eta
> balioak zedarritu beharrez, ez beste ezergatik.
>
> Ondo izan.
>
>
> *Oskar Arana Ibabe*
> [image: Argazkia]
> Leiren, harriz loreak
>
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20221104/b5cb2951/attachment.htm>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago