[itzul] Mecanismo de equidad intergeneracional

Xabier Aristegieta allurritza a bildua gmail.com
Ast, Ots 9, 13:11:19, CET 2023


Argi eduki behar den lehenbiziko gauza da ea "intergeneracional" hori
zertaz esaten den: ekitateaz ala mekanismoaz.

Alegia:
a) [mecanismo] de [equidad intergeneracional]
ala
b) [mecanismo de equidad] [intergeneracional]
esan nahi duen.

Itzulkizuna "mecanismo de equidad" soilik balitz, euskarazko itzulpena
"ekitate-mekanismo" litzateke. Hots, izen-elkarte bat.

Baina hitz-elkarte horretan ezkerreko elementua informazioz aberasten
baldin bada eta  "belaunaldiarteko ekitate" baldin bada, horrek ez du bloke
gisa funtzionatzen, izen-elkarteari begira. Hots, "belaunaldiarteko
ekitate-mekanismo" bat ez da [belaunaldiarteko ekitate]-[mekanismo] bat,
baizik eta [belaunaldiarteko] [ekitate-mekanismo] bat, halako moduz non
belaunaldiartekoa mekanismoa den, eta ez ekitatea.

Arrazoi berberagatik dira okerrak, nire ustez, honelakoak:

Umeen arropa denda: ez da umeen arropa saltzen duten denda bat, baizik eta
arropa denda bat, zeinaren jabea umeak diren.
Herritarren arreta zerbitzua: ez da zerbitzu bat herritarren arretakoa,
baizik eta arreta zerbitzu bat, herritarrek daukatena.
Oinarrizko kirol taldeak ez da "grupos de deporte base", baizik eta "grupos
básicos de deporte".
Emakume eta gizonen arteko berdintasun arloa ez da arlo bat, emakume eta
gizonen arteko berdintasunarena, baizik eta berdintasun-arlo bat, emakume
eta gizonen artekoa.
Animaliekiko terapia zentroak ez dira "centros de terapia con animales",
baizik eta terapia-zentro batzuk, animaliekikoak.
Ganberako musika zuzendaria ez da "director de música de cámara", baizik
eta musika-zuzendari bat, eta ganberakoa musikaria bera da.
Laguntza bidezko ugalketa zentroa ez da "centro de reproducción asistida",
baizik eta "centro asistido de reproducción", edo antzeko zerbait (laguntza
bidezkoa, espresio horretan, zentroa delako, ez ugalketa).
Eta abar eta abar.

Laburbilduz:

Goiko a) kasuan, belaunaldiarteko ekitateKO/RAKO mekanismoa behar luke,
nire ustez.
Goiko b) kasuan, orduan bai, belaunaldiarteko ekitate-mekanismoa.

Xabier Aristegieta



Hau idatzi du Ane Lopez (anelpzdz a bildua gmail.com) erabiltzaileak (2023 ots. 9,
og. (12:36)):

> Kaixo:
> 2023ko urtarrilaren 1ean, *Mecanismo de equidad intergeneracional* (MEI)
> deritzon kotizazioa sartu da indarrean. Eta nominei buruzko testu bat
> itzuli behar dugu orain.
>
> Hainbat modutan aurkitu dugu itzulita han eta hemen:
> Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoa (BEM)
> Belaunaldien arteko Ekitate Mekanismoa (BEM)
> Belaunaldi arteko Ekitaterako Mekanismoa (BEM)
> ...
>
> Zein da egokiena? Legez ezarritako kuota bat izan arren, ez dugu
> euskarazko lege-erreferentziarik aurkitzen.
>
> Mila esker aldez aurretik,
>
> Ane López
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20230209/763f1621/attachment.htm>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago