[itzul] La proporción es de dos a tres

Leire leirearano a bildua outlook.es
As, Maiatza 16, 11:49:46, CEST 2023


Mila esker (berriro ere), Alfontso!

Bai, egia da adiera hertsian ez dela guztiz zuzena "proportzioa" esatea, baina gaztetxoak dira, jada azaldu zaie zer den arrazoia, eta ekonomia kontuengatik...

Eman dituzun aukeretatik, kasu honetarako, bi ikusten ditut egokienak: a) proportzioa bi (eta) hiru da; b) proportzioa bitik hiru da.

Eta gero beste aukerengatik ere galdetzen zaienez (zer esan nahiko lukeen 3:2 izateak, edo 2:2 izateak...), esangarriena edo ulergarriena "bitik hiru" modua iruditzen zait.

Tira, lehen esandakoa: mila-mila esker eta ondo-ondo izan!

leire
– – –
________________________________
Nork: Alfontso Mujika Etxeberria <a.mujika a bildua elhuyar.eus>
Bidaltze-data: 2023(e)ko maiatzakren 16(a), asteartea 11:28
Nori: ItzuL <itzul a bildua postaria.com>
Gaia: Re: [itzul] La proporción es de dos a tres


Jatorrizko testuak ("La proporción entre rojos y azules es de dos a tres") “proportzio” badio ere, adiera hertsian hori ez da proportzioa, arrazoia edo erlazioa baizik, hau da, ratioa.

-------------------------------

Zientzia eta teknologiaren hiztegi entziklopedikoa

arrazoi

Bi zenbaki errealen<https://zthiztegia.elhuyar.eus/terminoa/en/ratio>, bi magnituderen, bi kantitateren edo bi adierazpenen<https://zthiztegia.elhuyar.eus/terminoa/en/ratio> arteko konparazio‑zenbakia, haien zatidura<https://zthiztegia.elhuyar.eus/terminoa/en/ratio> dena, eta haien tamaina erlatiboaren berri ematen duena. a eta b-ren arteko arrazoia honela idazten da:

 a : b edo a / b.

-------------------------------

Proportzioa, adiera hertsian, bi arrazoiren, bi frakzioren edo bi zatiduraren berdintza da:

a/b = c/d

Egia da, bestalde, hizkera arruntean proportzio hitza erabiltzen dela arrazoia edo ratioa adierazteko.

Nik honela idatziko nuke; “gorriak eta urdinak 2:3 ratioan daude”, “gorrien eta urdinen arteko ratioa 2:3 da”.

Lehenengo zenbakia handiena denean, ez dago arazorik “lautik hiru”, “seitik bi”, “bostetik lau” egiteko, eta hala erabili da batzuetan. Adibidez:

----------------------------------------------------------------------

Arkitekturaz hamar liburuak, Vitruvio / Santiago Iruretagoiena

Gainera, errekako edo itsasoko harea erabiliz gero, horri erretako adreilu birrindu eta bahetua nahasten bazaio hirutik bateko proportzioan, morteroaren kalitatea askoz ere hobea izango da erabiltzeko.

Uretan egin beharreko horma horiek honela egingo dira: Kumasetik hasi eta Minerbaren muinora bitartean aurkitzen den lurra ekarriko da, eta lur horri karea nahasiz egingo da morteroa, bitik bateko proportzioan gehituz.

Azpiko harri-geruza zabaldu denean, hartxintxarra berria baldin bada, hirutik batean karea nahasiko zaio, eta lehendik erabilitakoa baldin bada, bostetik birako proportzioan nahastuko zaio.

Gainean, erretako adreilu-puskekin egindako nukleoa zabalduko da, karea nahastuz hirutik bateko proportzioan, zoladuraren lodiera gutxienez sei hatzekoa izan arte.

Gero hartxintxar berriari erretako adreilu txikitua nahastuko zaio hirutik bateko proportzioan eta bi parte kare eta bost parte mortero gehituko zaizkio gainera.

--------------------------------

Dena dela, arrazoi batean gerta daiteke lehen zenbakia txikiagoa izatea bigarrena baino. Horregatik, ohikoa da “a (eta) b proportzioan” esatea. Testu teknikoetan, “2:1 proportzioan” ikusi eta “bi bat proportzioan” irakurri ohi da. Hona hemen testu teknikoetako adibide batzuk:

---------------------------------

Eraikingintzaren Kode Teknikoa (2012) ◊ Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua

Gainerako tartea zementuzko morteroz eta errekako hareaz beteko da, 1:1 proportzioan<http://ehuskaratuak.ehu.eus/bilaketa/>

Ekologia. Kontzeptuak eta aplikazioak (2011) ◊ Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua

Gero, 5 eta 10 musker bitarteko taldeetan jarri zituzten, 2 ar : 3 eme proportzioan<http://ehuskaratuak.ehu.eus/bilaketa/>, 11 uharte txikitan 1977an, eta beste hiru uhartetan 1981ean.

Munduaren historia ekonomikoa. X.-XX. mendeak (2013) ◊ Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua

Mundu osoa hartzen duen ikuspegitik, eskualdeen arteko aldeak txikiagotu egin ziren pixka bat, baina oso handiak izaten jarraitu zuten, 13/1 proportzioan<http://ehuskaratuak.ehu.eus/bilaketa/>.

(Desde una perspectiva mundial, las diferencias interregionales se estrecharon ligeramente, aunque siguieron siendo elevadísimas, en proporción de 13 a 1.)

Kimika organikoa. Egitura eta funtzioa (2008) ◊ Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua

1,3-butadienoa 60°C-an bromatuz (ikus 582. orrialdea), 3,4-dibromo-1-butenoa eta 1,4-dibromo-2-butenoa sortzen dira, 10:90 proportzioan<http://ehuskaratuak.ehu.eus/bilaketa/>. 15°C-an, aldiz, 60:40 da proportzioa.

(Nitration of benzoic acid takes place at only about 1/1000th the rate of benzene nitration and gives predominantly meta substitution.)

Adibidez, bentzenoaren elementu-analisia eginez, gauza bakarra jakingo dugu: karbono- eta hidrogeno-atomoak 1:1 proportzioan<http://ehuskaratuak.ehu.eus/bilaketa/> daudela

(For example, elemental analysis of benzene merely reveals the presence of carbon and hydrogen atoms in a 1:1 ratio)

Bi konposatuen nahastea 3:2 proportzioan<http://ehuskaratuak.ehu.eus/bilaketa/> orekatzen da.

(The two compounds equilibrate to a 3:2 mixture.)

Orekan, bi formak 64:36 proportzioan<http://ehuskaratuak.ehu.eus/bilaketa/> daude, gutxi gorabehera.

(At equilibrium the two forms are present in a ratio of approximately 64:36.)

1,1-dikloropropanoak hiru hidrogeno mota ez-baliokide ditu, eta horrek hiru EMN seinale ezberdin eragiten ditu 3:2:1 proportzioan<http://ehuskaratuak.ehu.eus/bilaketa/>.

(1,1-Dichloropropane contains three types of nonequivalent hydrogens, a situation giving rise to three NMR signals in the ratio of 3:2:1.)

Mineralogiaren hastapenak (2013) ◊ Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua

Adibide bat kuartzo mineral arrunta (SiO2) da, zeina silizioz eta oxigenoz osatua baitago, 1:2 proportzioan<http://ehuskaratuak.ehu.eus/bilaketa/>.

-----------------------------------------------

Hau idatzi du Leire (leirearano a bildua outlook.es<mailto:leirearano a bildua outlook.es>) erabiltzaileak (2023 mai. 16(a), ar. (10:09)):
Hepa!

Kasu horretan ez da hori, ezta? Gorriak bi bosten eta urdinak hiru bosten izango lirateke, zatikitan ematekotan. Baina kasu honetan gorrien eta urdinen arteko proportzionaltasun-arrazoiaz ari dira; hau da, bi gorriko hiru urdin daudela. Zalantza da nola adierazi hori euskaraz zenbaki hutsez: "bi eta hiru", "biko hiru"...

Dena den, mila esker laguntzen saiatzeagatik. ;-)

leire
– – –
________________________________
Nork: Porrumentzio <porrumentzio a bildua riseup.net<mailto:porrumentzio a bildua riseup.net>>
Bidaltze-data: 2023(e)ko maiatzakren 16(a), asteartea 09:11
Nori: ItzuL <itzul a bildua postaria.com<mailto:itzul a bildua postaria.com>>
Gaia: Re: [itzul] La proporción es de dos a tres

Egun on Leire:

Zer iruditzen "bi heren" edo "bi hiruren" da? Azken finean, hala entzun eta irakurri dut nik beti matematiketan eta mezua ondo iristen dela iruditzen zait.

Ondo izan!

2023(e)ko maiatzaren 16(a) 09:07:24 (CEST)-(e)an, Leire <leirearano a bildua outlook.es<mailto:leirearano a bildua outlook.es>>-(e)k hau idatzi zuen:
Egun on guztioi:

12 urteko gaztetxoek Matematika lantzeko ikasliburu batean goiko hori ageri zaigu. Proportzionaltasunaz ari dira, eta honela diote: "La proporción entre rojos y azules es de dos a tres" (2:3 litzatekeena).

Nola litzateke hori euskaraz zenbaki hutsetara ekarrita?
– "Gorrien eta urdinen arteko proportzioa bi eta hiru da" ???
– "... proportzioa biko hiru da" ???
– "... proportzioa bitik hiru da" ???
– ...

Eskerrik asko aldez aurretik!



--
[https://www.elhuyar.eus/info/sinadura/ELH_RGB_CLAIM.png]<https://www.elhuyar.eus/>

Alfontso Mujika Etxeberria

Hizkuntza eta Teknologia


Zelai Haundi 3 - Osinalde industrialdea

20170 Usurbil (Gipuzkoa)

Tel.: (+34) 943 36 30 40 | Luzp.: 217

a.mujika a bildua elhuyar.eus | <mailto:a.mujika a bildua elhuyar.eus> www.elhuyar.eus<https://www.elhuyar.eus/>


[https://www.elhuyar.eus/info/sinadura/bannerra2023.jpg]
Mezu elektroniko honek INFORMAZIO KONFIDENTZIALA DU, ETA DEBEKATUTA DAGO INFORMAZIO HORI ZABALTZEA. Akats baten ondorioz jaso baduzu eta hartzailea zu ez bazara, mesedez, deitu 943363040 telefonora, eta ez zabaldu, gorde edo kopiatu mezu honen edukirik.
Zure datu pertsonalak, zeinak ager baitaitezke mezu elektroniko honetan edo atxikitako dokumentazioan, ELHUYARek tratatzen ditu, aldeen arteko harreman juridikoa kudeatzeko. Zure datuak tratatzearen kontra egin nahi baduzu, datuetara sartu nahi baduzu, haiek zuzendu edo ezabatu nahi badituzu, edo datuak babesteari buruzko araudi aplikagarrian jasotako eskubideak baliatu nahi badituzu, idatzi goian adierazitako helbidera edo helbide elektroniko honetara datuensegurtasuna a bildua elhuyar.eus<mailto:datuensegurtasuna a bildua elhuyar.eus>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20230516/232ae056/attachment-0001.htm>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago