[itzul] Gogoeta bat: "innovador"

Koldo Biguri kbiguri a bildua yahoo.es
Or, Ira 29, 15:38:22, CEST 2023


Arrazoia duzu, Xabier; ez dira inola ere gauza bera "renovar" eta "innovar":
- Renovar: Hacer que algo quede como nuevo, recuperar su estado o condición inicial.- Innovar: Desarrollar o producir algo novedoso en un ámbito o actividad.
Ingelesez ere "renew" eta "innovate" aurkitzen ditugu: 
- Renew: to make like new : restore to freshness, vigor, or perfection- Innovate: to make changes : do something in a new way
Kontzeptu desberdinak izanda, komeniko litzaiguke euskaraz ere bereiztea, baina hor betiko konplexu garbizaleekin egiten dugu topo: ezin "innobatzaile", "innobatibo", "innobazio" edo "innobatu" onartu. Eta ez erabilera faltagatik: googlen, makina bat adibide topa daitezke. Holakoak baztertu ezean, kontzeptu bakoitzari termino desberdin bana aurkitzeko ahaleginak egin beharko genituzke. Zuk proposatzen duzuna aukera bat da, baina arazo izan daiteke adjektiboak modulazioa hartzen duenean, adibidez "los procesos más innovativos" itzultzeko, "prozesurik berrikuntzazkoenak" edo beharko genuke. Hala ere, zabaltzen bada... aurrera. Bestalde, "berrikuntzazko enpresa" bezalakoekin, ez dakit nik... Nahiago "enpresa bide-urratzailea", adibidez. Baina "sendagai bide-berritzailea, aldiz, ez dut hori ere ikusten. Baina, esan bezala, terminoen hedapena lortuz gero... onartu beharko. 
Pertsonalki, Altonagaren "saxon way" delakoaren alde nago (Back to Leizarraga).  


Koldo Biguri 

    En viernes, 29 de septiembre de 2023, 14:21:36 CEST, Xabier Aristegieta <allurritza a bildua gmail.com> escribió:  
 
 Espero izatekoa zenez, Espainiako Errege Akademiaren Hiztegiaren arabera, innovador = "que innova".
Bere horretan, euskaraz "berritzaile" litzateke, eta horrela agertzen da adibide ugaritan, Euskaltermen begiratuz gero, esate baterako. Eta erabili ere, denok erabiltzen dugu... baina, batzuetan, automatikoegi ez al gara jarduten?
Esan nahi dudana da: zerbaiti buruz "innovador" dela esaten denean, egiazki esan nahi da zerbait berritu egiten duela? Ez al da gehiago izango berrikuntzaren emaitza dela?
Argi dago "un artista/profesional innovador" esatean, esan nahi dela artista edo profesional horrek bere langintza-esparrua nolabait berritu edo berritzen duela. Hor "berritzaile"rekin ez dut problemarik ikusten. Orain azaltzen ari naizen aferaren ikuspegitik behintzat.
Baina "medicamentos innovadores" itzultzea suertatu zait.
"Sendagai berritzaileak" esatea ez al litzateke gaztelaniazko automatismo itsuz jokatzea?
"Medicamentos innovadores" ez al dira, berez, "medicamentos derivados de la innovación, producto de la innovación" edo horrelako zerbait? Nire ustez bai. Bidenabar pentsatu ahalko da badirela "medicamentos que innovan el panorama actual de la medicina", edo horrelako zerbait. Baina ez zait iruditzen esanahi nagusia hori denik.
Bada, kasu horretan, nik "berrikuntzazko sendagaiak" proposatzen dut, Hots, berrikuntzaz lortutakoak.
Norbaitek horri buruzko gogoetarik izango balu, interesatuko litzaidake.
Eskerrik asko, eta asteburu on.

Xabier Aristegieta


  
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20230929/17e618f1/attachment.htm>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago