[itzul] FW: "Honako legea"

IVAP, Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala izo a bildua ivap.eus
Or, Eka 21, 10:02:53, CEST 2024


Eskerrik asko zure oharrengatik, Xabier. Gure irizpide-bildumaren testua eguneratzeko 2023an egindako bileretako aktetan jasoa dugu, hitzez hitz, “leundu idazkera” zuk aipatzen duzun puntu horretan; alegia, geuk ere gogortxo jo genuela “erabat okerra” hori, eta “ez erabiltzeko gomendioa” edo horrelako zerbait egokiagoa iruditzen zitzaigula. Baina leuntzea ahaztu.
Egia da, bestalde, kanpoan ikusgai jarri dugun dokumentu hori, berez, barruko batasuna bermatzeko tresna dela, izan ere, funtsean.
Gure eguneroko lanean, Euskaltzaindiak dioenetik harago joan behar dugu, gure joko-eremua diferentea delako, alde askotatik. Eta zer dio Euskaltzaindiaren Hiztegiak?
honako
1 hona-ri dagokion izenlaguna. Bilbotik honakoa, hamar euro. Noizik honakoa da eliza hau?
2 adj. Hau, hemengo hau. (Dagokion izen sintagmaren ezkerrean ezartzen da, artikuluak edo erakusle batek, gehienetan hau-k, mugatzen duela sintagma).Honako adibide hau jarri zuen. Jaiotzez nafarra zelako hizkuntzaz, honako idazle hau bezalaxe. Ez dira giputzak jendetasunik gabeko pertsonak; zerbait badira, malguagoak eta diplomaziara emanagoak dira, honako hau bezala. Ez uste musu truk nabilenik honako honetan. Hor aurkitzen da honako idazlan hau, beste zenbaiten artean: Herbert Pilch, "Le bilinguisme au Pays de Galles". X jaunak, adibidez, honako hitz harrigarri hauek ezarri ditu bere azken liburuan. Euskalki horretan, honako Leizarragaren esaldi honek ez du itzulpen zuzenik.

Zazpi adibide, eta zazpietan erakuslea, bat ere ez artikuluarekin. Eta badakigu adibideak tentu handiz aukeratuta daudela, eta erabilera estandarrerako erakusbide direla.
Bide beretik Jagonet zerbitzua:
https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_jagonet&task=galdera&Itemid=1716&lang=eu&id=182
Erreferentziazko lan honi begira jarri ginen: “Katafora-esapideak bateratzeko bidean”, Juan Garzia Garmendia, Euskara Zerbitzua. Baliagarria iruditu zitzaigun, eta, egilearen berme sendoak akuilatuta, proposamena egitea erabaki genuen.

Kontuan hartuko dugu zure ekarpena.

IZOko Itzulpen eta Berrikusketa Irizpideen Lantaldea.


From: Xabier Aristegieta <allurritza a bildua gmail.com<mailto:allurritza a bildua gmail.com>>
Sent: Wednesday, June 19, 2024 5:33 PM
To: ItzuL <itzul a bildua postaria.com<mailto:itzul a bildua postaria.com>>
Subject: [itzul] "Honako legea"

IVAPek argitaratu berri duen "Itzulpen- eta berrikusketa-irizpideak. Erabakiak eta gomendioak" dokumentuan, ezin bipilago esaten da ezen, zentzu kataforikoa adierazteko, "erabat okerra" dela honako (+ izena) + mugatzailea egitura. Eskaintzen dituen adibide hauetakoa, alegia:

*(...) Errege Dekretua, (...), honako errege-dekretua aldatzen duena
*Gorte Nagusiek honako legea onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala.

Halaber esaten da ezen, "honako" erabiliz gero, izenaren ondoren "hau/hauek" erakuslea behar dela nahitaez erabili. Alegia, goiko adibideetan "honako errege-dekretu hau" eta "honako lege hau" erabili beharko zirela.

Gaitzespen horrek txundituta utzi nau.

Batetik, ez dudalako ikusten gramatikako zer arrazoik debekatzen duen "honako" den izenlagun horrek zeri lagun egitea eta jarraian mugatzailearekin doan izen bati. Beraz, ez dirudi gaitzespenaren arrazoia gramatikala denik.

Bestetik, honako+izena+mugatzailea egituraren erabilera honako+izena+erakuslea egiturarena bezain ugaria ez izateak ez diolako ezer kentzen egituraren zuzentasunari. Bidenabar esanda: nahi duenak Googlen bilaketa egin dezake, esate baterako "honakoa"ri esan/erantzun/entzun/ikusi... aditzak gehituta (honakoa esan, honakoa entzun, eta abar) eta emaitza polit askoak aurki ditzake.

Eta Euskaltzaindiak? Zer dio "honako esaldia"ren tankerakoez?

Euskaltzaindiaren Hiztegian "honako" begiratuta, ikus zer dioen bigarren adieran:

2 adj. Hau, hemengo hau. (Dagokion izen sintagmaren ezkerrean ezartzen da, artikuluak edo erakusle batek, gehienetan hau-k, mugatzen duela sintagma).

Irakurri duzue, ezta? "ARTIKULU edo erakusle batek, gehienetan hau-k [azken zertzelada hori ez du inork zalantzan jartzen], mugatzen duela sintagma"

Halaber, bururatu zait Euskaltzaindiaren "Euskararen Gramatika"n "honakoa" edo "honako + izena + mugatzailea" zenbat aldiz agertzen den bilatzea. Erantzuna: bederatzi aldiz. Nork eta Euskaltzaindiak zertaz eta Euskararen Gramatikaz idatzitako obra goren horretan.

Hori guztia horrela, IVAPeko lan horren arduradunei jendaurrean egiten diedan galdera da: zertan oinarritu zarete aipatu egitura "erabat okerra" dela esateko?

Esker mila.
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20240621/8589e27e/attachment-0001.htm>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago