[itzul] "Aginduzko": kontuz

Xabier Aristegieta allurritza a bildua gmail.com
Ost, Maiatza 15, 12:59:47, CEST 2024


Eskerrik asko zure hitzengatik, Bitor.

Llabur-llabur, nire zalantza honako hau da:

- Zer da aginduzko txosten bat? Nahitaez egin beharrekoa, ala nahitaez bete
beharreko edukia duena?
- Zer da aginduzko balorazio bat? Nahitaez egin/eduki behar den bat, ala
balio posible guztietatik kontuan zein hartu BEHAR den ezartzen duena?
- Zer da aginduzko ohartarazpen bat? Nahitaez egin beharreko bat, ala
nahitaez bete beharreko bat?
- Zer da aginduzko neurketa bat? Nahitaez egin beharreko bat, ala bere
emaitzak nahitaez aplikatzekoak dituen bat?
- Zer da aginduzko dokumentu bat? Nahitaez aurkeztu beharreko bat
(adibidez, eskaera bat izapidetzerakoan), ala bere edukia nahitaez
aplikatzekoa duen bat?

Ezen, kontzeptualki, gauza bat da dokumentu/txosten/balorazio... bat
nahitaez lortu beharra, eta beste gauza bat da horren edukiak agindu-izaera
izatea, edo ez izatea.

Hori azaldu nahi nuen.

Xabier Aristegieta





Hau idatzi du Bitor Abarzuza (bittorbe a bildua gmail.com) erabiltzaileak (2024 mai.
15(a), az. (07:52)):

> Kaixo, Xabi:
>
> Beti bezala zure analisiak arras sakonak eta landuak izaten dira. Hala
> ere, kasu honetan, ez dut ikusten bi adiera horien diferentzia. Agindua
> norbaitek agindu duena da: medikuak, epaileak eta abar.; berez nahitaezkoa
> da agintearengandik etorritako zerbait delako, legeak, arauak edo
> ""Akademiak" potere hori eman diotelako. Edukia edo prozedura nahitaezkoak
> da bi kasuetan. Erradiografia, esate baterako, egin behar da, nahitaez eta
> aurrez aurretik, medikuak azterketa egin behar duelako. Bi kasuetan
> "medikuaren aginduz, medikuaren preskripzioz edo medikuak preskribatuta";
> ez dago aukerarik. Bestelako prozedurta administratiboetan, nahitaezkoa
> izan daiteke aurrez aurretiko txosten bat, adibidez, azterketa egin arte;
> nahiz eta, diozun bezala, txosten horren adukia aholku bat baino ez izan.
>
> Ez dakit, ez dut batere argi, eman duzun azalpena aski arrazoi den bi
> adiera horiek bereizteko aginduzko eta nahitaezko erabil ditzagun.
>
> Mila esker, Xabi
>
>
> Hau idatzi du Xabier Aristegieta (allurritza a bildua gmail.com) erabiltzaileak
> (2024 mai. 13(a), al. (16:14)):
>
>> Euskaltzaindiaren Hiztegian "aginduzko" begiratuta, hauxe dio:
>>
>> *aginduzko*
>> 1 adj. Nahitaez bete beharrekoa. *Aginduzko araua*. *Aginduzko proba*.
>> 2 adj. Hitzemandakoa.
>>
>> Ematen duen lehen adierari heldu nahi nioke, nire ustez ez baita adiera
>> "bat", bi baizik. Eta, horregatik, komeni litzateke euskaraz bi hitz
>> desberdin erabiltzea, eta ez hitz bera, nahaste-borrasteak ekiditeko.
>>
>> Gauza bat da kasuko dena delakoaren *edukia *aginduzkoa izatea; hots,
>> nahitaez bete beharrekoa izatea. Adibideak berak dioen bezala, "aginduzko
>> araua", esate baterako. Nahitaez bete behar da; ezin da bestelakorik egin.
>> Gaztelaniaz, "norma de obligado cumplimiento", edo "derecho imperativo"
>> (horretaz bestelakoa da "derecho dispositivo" gisa ezagutzen dena; hots,
>> kontratu bateko alderdiek berariaz bestelakorik ituntzen ez duten
>> okasioetan bakarrik aplikatzen dena, baina alderdiek bestelako erabakia
>> hartuz hori ekiditea zilegi izanda).
>>
>> Beste gauza bat da, ordea, kasuko dena delakoaren existentzia nahitaezkoa
>> izatea (horren edukian sartu ere egin gabe). Hori litzateke
>> Euskaltzaindiaren Hiztegiak aipatzen duen "aginduzko proba" hori: nahitaez
>> egin behar dena, edukia zein ere den. Gaztelaniaz "preceptivo" erabiltzen
>> da horretarako, nahiz eta DRAEk ere nahasi egiten dituen bi adierak
>> "preceptivo" adjektiboaren azalpenean:
>>
>> 1.- Que incluye o encierra en sí preceptos.
>> 2- Ordenado por un precepto.
>> Sin.:
>>
>>    - obligatorio1, normativo, reglamentario, legal, regulado.
>>
>> Ant.:
>>
>>    - potestativo, facultativo, opcional.
>>    -
>>
>> (...)
>>
>> Bi adiera horiek euskaraz ez baditugu bi hitz desberdinen bitartez
>> bereizten, espresio lauso batzuekin topa gaitezke. Izan ere, zer da
>> "aginduzko txosten" bat? Edukia nahitaez bete beharrekoa duena? Ala
>> –errealitatean den bezala– nahitaez egin behar den txosten bat (=hots,
>> prozedura batean ezin duzu aurrera segi, baldin ez badiozu kasuko organoari
>> eskatu txosten bat egin dezan, espedientean nahitaez jasota utzi behar
>> delako zein den organo horren iritzia), nahiz eta horren edukia aholku
>> hutsezkoa izan daitekeen?
>>
>> Nire iritzia:
>>
>> 1. Nahitaez bete beharreko edukia duena: *aginduzkoa *( nahiz eta, egia
>> esateko, hitz hori oso gustukoa ez dudan, "aginduz eginikoa" zentzuaren
>> kutsua duelako, eta ez da hori adierazi nahi dena, baizik eta "aginduduna",
>> "agindutsua" edo "agindutasunezkoa" dela; hots, "agindu izaerakoa").
>> 2- Nahitaez egin/egon behar dena (edukiaren nolakotasuna zein ere den):
>> *nahitaezkoa*. Horrela, nahitaezko txostena, nahitaezko kontsulta,
>> nahitaezko proba.
>>
>> Ez dakit zer deritzozuen.
>>
>>
>>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20240515/2c1bea04/attachment-0001.htm>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago