[itzul] "Sarraski"

Agirre Sarasola, Pello (Euskarabidea) pello.agirre.sarasola a bildua navarra.es
Al, Urt 26, 14:34:47, CET 2026


Egun on!

Arrazoi duzu, Xabier, sarraskiak oro har odoltsuak izaten direla diozunean. Orotariko-an adibide hau dator: “Otsoek sarraski izugarriak egin dituzte”. Azkueren hiztegian, gainera, sarraski ‘herida o tajo grande’ ere bada. Eta seguruenik Euskaltzaindiaren definizioa motz geratzen da, hein batean.

Hala ere, ‘gizaki askori bizitza kentzea’ betiere ekintza odoltsua edo, gutxienez, bortitz-bortitza izango da. Alde horretatik, nik “gas-ganberetan egindako sarraskiak” ontzat emango nuke, kontuan izanda historia garaikidean jende-multzoak hiltzeko moduak berritu egin direla, eta orain ekintza hori ez dela nahitaez odoltsua. RAEren hiztegian, masacre ‘matanza de personas, por lo general indefensas, producida por ataque armado o causa parecida’ da. Gas-ganberen kasuan ere, badago indefentsio hori.

Orotariko-aren arabera, bestalde, Iparraldean sarraski ‘asesinato (sangriento) de una sola persona’ ere bada. Sangriento hori parentesian jarri dute. Horrenbestez, gas-ganberen adibidea egokia dela iruditzen zait.

Pello Agirre


De: Xabier Aristegieta <allurritza a bildua gmail.com>
Enviado el: lunes, 26 de enero de 2026 12:53
Para: ItzuL <itzul a bildua postaria.com>
Asunto: [itzul] "Sarraski"

Egun on, lagunok.

Euskaltzaindiaren Hiztegian sarraski begiratuta, bigarren adieran gizaki askori bizia kentzea esaten du.

Ez dio beste ezaugarririk gehitzen.

Horren arabera, euskaraz zuzena da, adibidez, judutarrek gas-ganberetan pairatu zuten sarraskia esatea.

Niri, alabaina, zalantza bat sortzen zait, eta horixe da kontsultatu nahi nizuekeena: sarraski bat izateko, jende askoren hilketa izateaz gain, ez al litzateke hilketa odoltsu bat izan beharko? Hortik zehar ikusi ditudan adibide gehienak nahiko odoltsuak direla sumatzen dut eta.

Nola dakusazue? Horixe nire galdera, erantzun nahi duenarentzat.

Astelehen ona pasa.


Xabier Aristegieta
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20260126/d064ec54/attachment.htm>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago