[itzul] antolatua/antolatuta

Rey Escalera, Fernando (Traductor BON) fernando.rey.escalera a bildua cfnavarra.es
Ast, Aza 11, 13:18:43, CET 2004


Hona nire iritzia.
 
Nire ustez ongi daude denak. Bueno, nire ustez ez, EGLUn ere hala jasoa
dago, denak direla zilegi, eta gauza bera esateko. Ez dugu nahasi behar,
beraz, adberbioa den edo ez den, edo adjektibo moduan erabilia den.
Jakina, adjektiboa denean, IGERILEKU ESTALIA esanen dugu (nahiz eta gero
eta gehiagotan aditzen den IGERILEKU ESTALITARA noa. Tira, baina hori
beste problema bat da.
 
Gure gaiari helduz... adberbioa denean edozein erabil daiteke, gauza
berbera esateko. Nik dakidala euskalki kontua besterik ez da hori.
 
Antolatuta dago = antolaturik dago = antolatua dago.
Antolatuta daude = antolaturik daude = antolatuak daude.
 
Baina ez nau harritu galderak, jende asko dabilelako uste oker hau
zabaltzen: "beti nekatuta nago esan behar da, gaizki esana dago nekatua
nago". Ez, ba. Gauza bera da.
Euskalduntzeko prozesuan halako mamu asko zabaldu ziren garai batean eta
oraindik ere bizirik daude batzuk. Euskara oso hizkuntza logikoa omen
zen, matematikoa ia-ia, eta forma bakoitzak bere erabilera zuen. Lagun
askorekin komentatu dut maiz zerrenda luzea egin genezakeela erakutsi
zitzaizkigun uste okerrekin. Ez diot inori errurik leporatzen, beste
garai batean irakasle ibili ginenok ere zabalduko genituen segur aski,
euskalduntze prozesuaren garai bateko ajeak dira, euskararen
normalizazio faltari lotuak segur aski, baina askok, haiek ikasi eta
gero, desikasi behar izan ditugu, eta benetako errealitatera egokitu.
Zerrenda horretakoak dira beste mamu hauek ere:
- "joatekotan" eta "joanez gero" sinonimoak direla.
- "palarekin zulo bat egin dut" gaizki dagoela eta "palaz" esan behar
dela beti.
- "rentzat" pertsonekin erabili behar dela, eta ez gauzekin, eta beraz
"etxearentzat" ezin dela erabili.
- edo lehengoan sustatu-n agertu zena: "ardo botila bat" beti hutsik
dagoela.
...
 
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20041111/73911e38/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago