[itzul] Lurzoruaren Legea

eugorosp a bildua ej-gv.es eugorosp a bildua ej-gv.es
Al, Aza 15, 09:18:13, CET 2004


 

 

ZORIONAK JESUS MARI AGIRRERI, ZORIONAK SA LEGEBILTZAR TALDEARI.

 

 

Eta zorionak ez asteburuan Anoetan egin duten agerraldiagatik, ez. Mundu
horretako iritzi politikoak ez dira, oraindino, nire harikoak. Zorionak eman
nahi dizkiet euskararen aurrean agertu duten jarregatik; zehatzago esanda,
Lurzoruaren Legearen testu itzuliaren aurrean agertu duten jarreragatik.

 

Seguru nagoenez agertoki honetan (Itzulist) azaltzen zaretenok Berria
behintzat erosi eta irakurtzen duzuela asteburuetan, konturatuko zineten,
orduan, larunbatean berri bat atera zela, non idazpuruan honako hau esaten
baitzuen: "Madrazoren Legearen itzulpen negargarria"; are gehiago
"Euskarazko testuak ez du gutxieneko kalitaterik".

 

Kasua ez da itzulpen txar bat egin dela, txarrak, nolabaitekoak edo
ulertezinak ehundaka egin baititugu azken hogeita bost urteotan, bai
Administrazioan, bai gainerako alorretan. Kontua ez da hori, ez. Kontua da,
txalogarria gainera, legebiltzar talde batek bere lana euskarazko testuan
oinarrituz garatu nahi duela. Eta gu, itzultzaileok -edo itzulpena- ez gaude
prestatuta gure testu itzulien gainean inork lan egin dezan. Areago:
administrazioko testu itzuliak aintzat hartuz ezin da ekintza
juridiko-administratibo seriorik jorratu.

 

Administrazioko itzulpenak, eta gainerakoetatik gehienak, liburutegi
apaletako liburu potoloetan gordetzeko dira. Ehunetik laurogeita hemezortzia
esango nuke nik. Eta jakina: norbaitek noizbait testu horiek erabili nahi
baditu jardun normalerako, oh, ezinezkoa!. Eta ondoren: kalapitak,
haserreak, (:...).

 

Aspaldi komentatu dugu hainbat itzultzaileren artean, gure mundua
(zuzenketarena barne) une larrian dagoela, badela garaia egindakoari so
egin, eskuartean daukagunari begiratu eta aurrera begira behar diren
aldeketak egiteko. Aldaketa sakonak eta estrukuturalak, seguro asko. Ez
dakit hori nori dagokion. Legez, dekretuz, aginduz eta paperez badaude
horren ardura duten erakundeak: IZO, UZEI, EIZIE(...). Baina ahalmenez
(....) ez dakit, zalantzak ditut. VIP asko dago jardunaldietan, beti
betikoak. Oso berrikuntza gutxi antzematen dut mundu "horretan", egoerak
lehengoan jarraitzen baitu. Gurean ere zaharrak berri.

 

Amaitzeko: akaso hau bezalako foroak balio beharko luke gai hau "populua"ren
esku uzteko, aztertu dezan. Ondo da, bai, "esku libreak" "deslocalización"
edo" poner el cascabel" nola itzultzen diren eztabaidatzea, baina uste dut
ditugun arazoak hori baino askoz larriagoak direla. 

 

 

Eusebio Gorospe

 

 

 

-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20041115/77f874c7/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago