[itzul] Erreplika/errepika
Josemari Navascués
aurrerabeti a bildua jmn.jazztel.es
Or, Aza 19, 10:12:15, CET 2004
Badirudi, hitzen jatorriari dagozkion auziak ez direla hain errazak, eta
filologia ez, baina etimologia apur bat, bai jakin behar dela.
Errepika hitza, etimologia asko interesatzen ez bazait ere, latinezko
"pico-as, -are, -avi, -tum" aditzaren eratorri erromanikotik datorrelakoan
nago: répiquer (fr.), repicar (esp.), eta, Iparraldeko hitza denez, jatorria
frantsesezkoa izango da (frantsesez, dagoeneko, berriz landatzea edo ereitea
adierazteko baino erabiltzen ez den arren).
Euskaraz, errepika (1630, Ipar.) behin eta berriz esaten den kantua, leloa
adierazteko, eta, eremu semantikoa zabalduz, berriz esan edo egiten den
zerbait adierazteko erabili ohi da.
Eta errepikatu aditza (1630, Ipar. -zaila, beraz, izenetik aditza datorren
edo alderantziz den jakitea-), Sarasolaren hiztegiaren arabera: "musika
tresna bat, eta batez ere kanpaiak, bizitasunez jo (hor gaztelaniarekin bat
dator)" eta "esan edo egin dena berriz esan edo egin (gaur arte Ipar.)".
Beraz, ez dut uste, euskarazko "errepika" hitza latinezko "replicatio-onis"
izenetik datorrenik. Bi arrazoirengatik: 1) Arrazoi gramatikala
(fonologikoa): "pl" (muta cum liquida multzoa) zaila da desegitea hizkuntza
hartzailean (erromantzean, eta hortik, euskarak hartzen duen maileguan):
platera, planoa, plaza, plegua. 2) Arrazoi semantikoa: latinezko,
"replicatio-onis", ("plico, -ui, -icitum" -tolestu, bikoiztu- aditzaren
familiakoa, seguruenik), planeten bira adierazteko erabili ohi zen, eta bi
hizkuntza erromanikoetan hartzen duen esanahia kontuan hartuta (frantsesez,
kontrakoa adieraztea, eta gaztelaniaz, frantsesezko esanahiaz gain, KOPIA
esateko), ez dut uste, behin eta berriz zerbait esateaz edo egiteaz
zerikusirik duenik.
Erreplika, gaztelaniazko "réplica" = "copia" hitzetik hartutako neologismoa
da (bide batez esanda, beharrezkoa, nire ustez) eta biologian (esate
baterako, zelulen mitosiaren edo meiosiaren ondorioari deitzeko) eta artean
(kopia adierazteko) erabili ohi da.
Euskarazko hitz zaharragoa (baina mailegua, berria bezala) hartu nahi
badugu, "kopia" hartu beharko dugu, baina ez "errepika" (mailegua hau ere,
XVII. mendetik, Etcheberri Ziburukoaren Noelac-en, dokumentatuta badago
ere).
----- Original Message -----
From: "Gotzon Egia" <gegia a bildua gipuzkoa.net>
To: "ItzuL" <itzul a bildua postaria.com>
Sent: Friday, November 19, 2004 8:43 AM
Subject: Re: [itzul] Erreplika/errepika
> > Altamirako zer berri hori koba naturalaren erreplika da
>
> Barkatuko didazue saihetsetik sartzen banaiz eztabaidan, baina
> erdarakadez eta erdal jatorriko euskal hitzez ari garela, ez dut uste
> «erreplika» (gaztelerazko «réplica» esateko) zilegi denik. Elhuyarrek
> (http://www1.euskadi.net/hizt_el/indice_e.htm) hala jasotzen du, baina
> Hiztegi Batuak (http://www.euskaltzaindia.net/hiztegibatua/) ez.
>
> Ez da filologia askorik jakin behar «errepika» euskal hitza latinezko
> «replica» errotik datorrela ohartzeko. Esanahiaren aldetik, gure
> «errepika» eta latinezko «replicatio» ber gauza direla iruditzen zait.
> Ez daukat eskura latin-euskara hiztegirik, baina bai latin-frantsesekoa:
>
> replicatio, onis, f. : - 1 - retour sur soi-même, révolution (céleste).
> - 2 - action de répéter, répétition, renouvellement. - 3 - réplique,
> réfutation. - 4 - décomposition (d'un nombre), réduction à l'unité.
>
> «Erreplika» gaztelera bidezko neokultismoa izango litzateke, erro
> beretik hartuta euskarak ongi errotua duen «errepika» zaharraren ordezko.
>
> Beraz, Zestoan Ekaineko haitzulo (hemen bai, hartzulo!) horretaz egiten
> ari diren imitaziozkoa «errepika» dela iruditzen zait, ez «erreplika».
> Berdin Altamiran.
>
> --
> Gotzon Egia
> gegia a bildua gipuzkoa.net
> 43º 19' 12.8" N 1º 57' 49.6" W
>
>
>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago