[itzul] 6.000 poliziatik gora ala 6.000tik gora polizia
Patxi Petrirena
altxupere a bildua euskalerria.org
Or, Abu 5, 13:49:44, CEST 2005
Garbi dago denok ez dugula berdin balioesten EGLUn adibide hori
(Egunkarikoa) horrela agertzeak.
Egitura hori erabiltzea (ergatiboan jarriko dut, bistako arrazoiengatik:
'6.000tik gora poliziak') premia baten ondorio da: '6.000 poliziatik gorak'
denoi iruditzen zaigu ezina, oker ez banago.
Premia hori erlatiboa da, jakina, erabil baitaiteke '6.000 poliziak baino
gehiagok' ere. Baina, nik ez dakit nola (uste dut Egunkarian ibilitakook ez
daukagula egitura hori 'asmatu' izanaren kontzientziarik; nik ez
behintzat), bestea ere erabili zen Egunkarian eta erabiltzen da Berrian.
Nik gogoratzen dudanez (zuzenduko didate, oker banago) ez genuen inoiz hori
eztabaidatu: garbi ikusten genuen 'gora' ezin zela deklinatu, eta beste
moldea, berriz, normal egiten zitzaigun.
Gero, tarte horretan Gramatika Batzordeak berak dudakotzat hartua izanik
ere, adibidea EGLUn sartu da (ba ote da Egunkariko besterik?), han aipatzen
ez bada ere OEHko bat aurkitu du Anttonek, eta gaurko idazleek ere
baliatzen dutela ageri da Ereduzko Prosa Gaur-en. Nik ez dakit zer
balioespen egiten duten Berrian, esaterako, baina nirea garbia da: ohi ez
bezala, Egunkariko adibide batek ilustratzen du egitura bat, eta nik ez dut
susmoaren arrastorik ikusten han. Hitzez hitz aldatu behar dut hona,
badaezpada (EGLU-VI, 420. or.):
"Edo, bestela, sintagmako osagaiak beste hurrenkera batean ezar daitezke,
izena azkena emanez:
Milatik gora hautetsik parte hartuko dute biltzarrean (E. Egunkaria,
99.2.6, 7. or.)".
Zer gertatu den Gramatika Batzordearentzat dudako izatetik aurreko
baieztapen hori egitera bitartean? Arrastorik ere ez daukat. Baina nire
balioespena garbia da: gaia (hobeki?) aztertu, eta ontzat eman dute
egitura, zalantzarik gabe.
Norbera libre da, noski, nahi duena erabiltzeko.
Oso aparte ez dabilen adibide bat ere atera nahi dut, maiztasunaz eta
tradizioaz hitz egiteko. Baina hau luzeegi doa eta beste batean sartuko
dut.
Patxi
_________________________________________________________
Lortu posta elektronikoa doan >>> http://www.euskalerria.org
___________________________________________________________________________________________
Lortu posta elektronikoa doan >> http://www.euskalerria.org
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago