[itzul] 6.000 poliziatik gora ala 6.000tik gora polizia

Patxi Petrirena altxupere a bildua euskalerria.org
Al, Abu 8, 13:18:52, CEST 2005


Lehengoan esan nuen beste adibide bat atera nahi nuela ('-tik gora'
horretatik oso aparte ez dabilena) maiztasunaz eta tradizioaz hitz egiteko.

Jo dezagun honelako zerbait esaten ari garela:

   Ehun mila biztanle baino gehiagoko hiriak...

Gehienok horrela esango genuke. Baina zer egingo dugu norbaitek honela
idazten badu:

   Ehun mila baino gehiago biztanleko hiriak...

Gaizki ari da? Bai eta ez. EGLU-VI horretan berean (421. or.) honela dio:

"GEHIAGOren kokagunea

Bestalde, (308c) adibidean 'gehiago' izenaren ezkerretara ageri da. Hona
hemen beste adibide hau ere:

(319) Eskual-herrian bai eta Frantziako bertze zenbait tokitan behar baino
gehiago apez badire (J. Hiriart-Urruty, Zezenak errepublikan, 29).

Hau gaurko euskaraz eta mendebaldekoan bereziki ez da arrunta (cf. Lafitte,
Grammaire basque, 260). Beraz, ez da gomendagarria."

Horra, bada: ez da gomendagarria, EGLUren arabera. Jar dezadan, hala ere,
aipatzen duten beste adibidea, liburuan lehenago datorrena (erne irakurri,
aski berezia da eta):

(308c) Hamabi lejione baino gehiago Aingeru (J. Leiçarraga, testamentu
berria, Mt 26, 53).

Okertu egin ote zen Hiriart-Urruti 'behar baino gehiago apez' esatean?
(Ezezkoan nago. Hitz joko erraza eginez, "Tradizio urria, baina urrea"
esango nuke nik...). Zuzendu egin behar ote genioke 'ehun mila baino
gehiago biztanle' idazten duenari? Ez naiz esaten ari nik horrela idatziko
nukeela normalean; baina bide hori galarazi behar ote den, hori ez daukat
batere garbi. 

Ikusi dudanez, gainera, 'baino gehiago' esan ordez baina 'eta gehiago'
esanda ez da hain ezohikoa hurrenkera hori: 


(1969-1990; Euskara Batua; Saio-liburuak; G. Nazabal). Dena dela, XIX.
mendearen hondarretan zen hogeitamar mila eta gehiago biztanleko hiritxo
bat izateari utziz, metropoli handi bat bihurtzen ari zen pixkana-pixkana
Donostia. 

(1991-1999; Sailkatu gabeak; Aldizkariak; J.L. Zurutuza). Nagasaki Osakatik
bostehun eta gehiago kilometrora zegon hegoaldera.

(1991-1999; Euskara Batua; Saio-liburuak; P. Sudupe). Esaterako, Bilboko
hogei mila eta gehiago euskaldunen eskubideak aldezteko, euskaldun
dendariei erostea gomendatuz.

Esan nahi dudana da denok ez dugula beti pertzepzio bera izaten "zer ez
dagoen ongi" epaitzean, eta maiztasun urriagoz agertzen diren egiturak ere
justifika litezkeela premia estilistikoak edo bestelakoak direla medio. 

Horrekin ez dut deus berririk esaten, jakina. Adibide konkretu hori nahi
nuen erakutsi, eta hortxe dago.

Patxi
_________________________________________________________
Lortu posta elektronikoa doan >>> http://www.euskalerria.org
___________________________________________________________________________________________
Lortu posta elektronikoa doan >> http://www.euskalerria.org



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago