[itzul] I+Gn eginiko inbertsioa / I+Gan eginiko inbertsioa

Alfontso Mujika alfon a bildua elhuyar.com
Ast, Abu 18, 15:44:28, CEST 2005


Ez dut uste abuztuaren erdialdeko arratsalde baterako gai egokia denik,
baina tira.

Jonek dio: <<Ez dut uste hala, "sistematikoki", eransten denik.>>

Beraz, hobe nuen jarri izan banu 'batzuek sistematikoki jartzen
dutela/dugula'.

Bide batez, zalantza bat. Besteek zer egiten dute, sistematikoki ez jarri?
Alegia, 'BEZa jartzea falta da' idazten ez duenak nola idazten du? 'BEZ
jartzea falta da', ezta? Horren arabera, 'PCa hondatu zait' ez eta 'PC
hondatu zait' idatziko du, ezta? Edo zeren arabera erabakitzen da nola
jokatu?

Jonek dio: <<NA siglari ("agiri" hitz a-rik gabearekin amaitzen denari),
arrazoi gehiagorekin erantsi beharko litzaioke, hau da, NAa. Eta hori ez da
horrela egiten>>

Esango nuke <hori ez da horrela egiten> esaldia nire aurreko mezuaren
<sistematikoki> hitza bezain zalantzazkoa dela. Izan ere, batzuek -Hezkuntza
Sailak- hala egiten dute, edo hala egitea proposatzen dute.

Horrekin batera, Jonek honela dio:
<<barruko hitzari barik, kanpoko formari begiratuz gehitu behar bazaio
atzizki hori, orduan bai, BEZek beharko luke eta NAk ez>>

Nik uste dut oro har garbi dagoela 'barruko hitzari' ez eta 'kanpoko
formari' begiratuta erantsi behar dela atzizkia, hau da, sigla irakurtzen
dela eta sigla deklinatzen dela, eta ez siglaren azpian dagoen terminoa.
Hori da siglen bereizgarri nagusietakoa (Bide batez, horren arabera AEB
sigla -Ameriketako Estatu Batuak-, 'AEBra' deklinatu beharko litzateke, eta
ez 'AEBetara', ezta? 'USAra joan da' eta ez 'USAetara'. Bestela, onartu
beharko dugu sigla hori salbuespena dela eta ez dela 'a-e-b' irakurtzekoa,
baizik eta haren esanahia irakurtzekoa '[Ameriketako] Estatu batuak').
Hezkuntza Sailaren Ortotipografia lanak, siglen deklinabideari buruz, honela
dio:

<<Sigla eta deklinabide-atzizkia marratxorik gabe batzen dira, salbu eta
siglaren azken letra berberaz hasten denean atzizkia ere.
'BBK-k adierazi AEK-ko ikasleek gogotik eskertu dutela BBKren dirulaguntza'
(...)
Izen arrunt gisako siglak, ordea, hitz arruntak bezalaxe deklinatuko dira.
Sail horretakoak dira NA, BEZ, CD, PC, GKE (gobernuz kanpoko erakundea), DM
(datu mota), DMA (datu mota abstraktu) eta beste asko ere.
'Mon grabatu duzu CDa'
'Nork itzali ditu PCak?'
'Zenbat ordaindu duzu BEZa?'
'Esan berriro zure NA-aren zenbakia'
'Bihar hastekoa da GKE-en biltzarra'
'Dakizunez, datu mota (DM) guztiak ez dira datu mota abstraktuak (DMA);
beraz, ongi bereizi behar dira DMak. Esaterako, DM hori DMA bat da, oso
ugariak baitira DMak eta DMA-ak>>

Gomendio horri buruz, ohar bar. Batetik, proposamena da irakurketa
naturalari atxikitzea idazketa, eta ni horrekin ados nago: ahoz 'beza'
esaten badugu, logikoa da BEZa idaztea eta ez BEZ. Baina horrek ez du dena
konpontzen. Izan ere, NA siglaren irakurketa naturala 'enea' denez, hori
bermatuta dago 'NA' zein 'NA-a'idatzita. Gainera, denok dakigu deklinatzean
zer gertatzen den: 'a + a = a'. Hortaz, arazo 'estetiko' (ortotipografiko)
hutsa da 'NA' edo 'NA-a' idaztea. Niri ere, egia esan, bitxia gertatzen zait
'hemen duzu nire NA-a' idaztea; 'zenbat ordaindu duzu BEZa', berriz, guztiz
normala.
Hortaz, kontua da ea Ortotipografia lanaren <<Sigla eta deklinabide-atzizkia
marratxorik gabe batzen dira, salbu eta siglaren azken letra berberaz hasten
denean atzizkia ere>> gomendioa beti aplikatzekoa den, edo ('NA-a' idazteko
prest ez bagaude) salbuespen konplexu samar bat sartu behar den. Adibidez:

<Izen arrunt gisako siglak deklinatzean, absolutiboan, baldin eta sigla
letraka irakurtzen bada eta azken letra 'a' bada, deklinabide-atzizkiaren
'a' letra ez da jarriko, hau da, 'A + a = A' egingo da>

Horrelako salbuespen bat aukera emango luke honelakoak idazteko:
'ikasle guztien NAk behar ditut' (eta ez 'NA-ak')
'hemen duzu nire NA' (eta ez 'NA-a')
'oso ugariak dira DMak eta DMAk' (eta ez DMA-ak).

Lana ematen dute txikikeriek ere. Bada zer hausnartu bazterrotan.

Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntz Zerbitzuak



-----Mensaje original-----
De: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]En
nombre de jon-agirre a bildua ej-gv.es
Enviado el: jueves, 18 de agosto de 2005 13:56
Para: itzul a bildua postaria.com
Asunto: RE: [itzul] I+Gn eginiko inbertsioa / I+Gan eginiko inbertsioa


<<'BEZ barne dela' edo 'BEZa barne dela'? Duela urte batzuk izan zen
halako joera bat absolutiboan deklinabide-atzizkia ez jartzeko, baina esango
nuke gaur egun absolutiboan ere sistematikoki eransten dela
deklinabide-atzizkia: 'BEZa barne dela'.>>

Ez dut uste hala, "sistematikoki", eransten denik.

<< Alde horretatik, BEZ edo NA (nortasun-agiria) siglen parekoa
da.>>

Are gehiago, esandakoaren arabera, BEZ siglari ("Zerga" hitz a-dunarekin
amaitzen denari) -a artikulua eransten bazaio, NA siglari ("agiri" hitz
a-rik gabearekin amaitzen denari), arrazoi gehiagorekin erantsi beharko
litzaioke, hau da, NAa. Eta hori ez da horrela egiten. Noski, barruko
hitzari barik, kanpoko formari begiratuz gehitu behar bazaio atzizki hori,
orduan bai, BEZek beharko luke eta NAk ez.

Nik uste, nominatiboan ez zaiola jartzen, ez behintzat sistematikoki, nahiz
eta inkoherentea dirudien "BEZ barne" baina "BEZaren ehunekoa" erabiltzeak.

Hausnarrean.

Jon




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago