[itzul] -ro atzizkia
Alfontso Mujika
alfon a bildua elhuyar.com
Ost, Abu 24, 10:06:13, CEST 2005
Euskaltzaindiaren 110. arauak honela dio:
<<Maiztasuna adierazteko egituren artean, [izena + -ero] gisako esamoldea
onartzekoa da:
{Astero, hilero, ordulaurdenero...} etortzen da.
Baina bada hedatuxea den egitura bat, gaitzestekoa dena: -ERO atzizkiaren
bidez osatua den *[zenbatzailea + izena + -ero] sintagma:
*Bi urtero egiten dute bilera batzordekoek.
*Hamabost egunero etortzen zait bisitan.
—Hamabostero, ordea, onartzekoa da, hamabostean behin nahiz hamabosterik
behin-en parean.>>
Horren arabera, -ERO da atzizkia, eta hauek agertzen dira Euskaltzaindiaren
arauetan: egunero, astero, hilero, urtero, hamabostero, goizero,
arratsaldero, gauero.
Dena den, -ERO horren jatorrian dagoen ORO ere agertzen da batzuetan: 'aldi
oro' (hor dugu, adibidez, zalantzaren erdian, Orotariko Euskal Hiztegiak
jasotzen dituen 'istantero' eta 'istant oro').
Mikel Elortzak dio berak ez duela arazorik 'uneoro' hitzarekin. Nik ez
daukat hain garbi. Izan ere, Hiztegi Batuan ez dago ('urtero' eta 'astero'
bai), eta Orotariko Hiztegian 'unero' eta 'une oro' ageri dira, ez 'uneoro'.
Beraz, Hiztegi Batuak argi egiten ez digun artean, nola jokatu behar dugu?
Gotzon Egiak ekarri dizkigun googlekadek zalantzaren lekukotasuna emateko
balio dute, eta egiaztatu ere, horixe egiaztatzen dute, zalantza. Nik
nahiago nuke Hiztegi Batuan 'orduro', 'minuturo' eta 'segundoro' agertuko
balira, baina ez daude, eta, hortaz, hiru aukera daude:
1- 'orduro', 'minuturo' eta 'segundoro' salbuespentzat hartu eta forma
finkatutzat ematea (erabilera-datuak aldekoak dira, baina gehiengoa ez da
oso handia).
2- '-ERO' atzizkiaren "legera" biltzea (Euskaltzaindiaren arauetan agertzen
denetik tiraka): 'orduero', 'minutuero', segunduero'. Nire ustez, '-ERO'
atzizkiak ondo 'funtzionatzen' du kontsonantez edo 'e' bokalaz amaitzen
diren hitzekin (baita 'gau' hitzarekin ere, baina badakigu hitz horren
deklinabidea salbuespena dela: gauEAN), baina hitza bokalez amaitzen denean
hasten dira zalantzak: 'ordu', minutu', segundo'('udazkenero' beharbada bai,
kontsonantez amaitzen baita, baina 'udaero'?, 'neguero'?, 'udaberriero'?).
3- 'ORO' jatorrizkoa erabiltzea: 'ordu oro', 'minutu oro', 'segundo oro'.
Amaitzeko, zalantzekin jarraitzeko, nola idatzi behar dugu, 'mende oro' edo
'mendero'? Ziur asko, maiztasun gutxikoetarako 'ORO', 'mende oro' (edo
'mende guztiak'), hautatuko genuke. Alegia, '-ERO' atzizkia ez da emankorra,
besteak beste, ez baitago zeri lotu askorik.
Ez dut ezer argitu, ezta?
Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntz Zerbitzuak
-----Mensaje original-----
De: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]En
nombre de Gotzon Egia
Enviado el: miércoles, 24 de agosto de 2005 8:25
Para: ItzuL
Asunto: Re: [itzul] -ro atzizkia
> -ro atzizkia, edo -ero edo -oro... Honen inguruan erabakirik edo
> gutxienik adostasunik ba ote den? "Urtero", "astero" edo "uneoro"
> hitzekin ez dut arazorik baina:
>
> -minutuero / minuturo / minutuoro -segundoro / segunduero
- Hiztegi Batuaren arabera, denboraren zatikia «segundo» da, ez
«segundu». Beraz, «segundoro» izan daiteke, nire ustez, aukera bakarra.
Googlek egiaztatzen du: «segundoro» 35; «segundoero» 16; «segunduero»
12; «segunduoro» 4... eta «segundo» hitza «segundu» zen garaietatik,
«segunduro» 144!
- «Minutu», aldiz, argixeago dago, Googlen behintzat: «minuturo» 215;
«minutuero» 128; «minutuoro» 24. Gainera, Xuxenek azpigorritzen ez duen
bakarra «minuturo» da.
Bai, badakit Googlek maiztasun hutsak ematen dituela, baina iruditzen
zait gehienetan arrasto ona datorrela hortik.
Bestalde, «Ereduzko prosa gaur»-en
(http://www.ehu.es/euskara-orria/euskara/ereduzkoa/araka.html) emaitzak
ez dira oso argigarri:
- «segundoro» 0; «segundoero» 1; «segunduero» 1; «segunduoro» 0;
«segunduro» 3
- «minuturo» 14; «minutuero» 6; «minutuoro» 5
Inoiz zerrenda honetan esan izan den bezala, badirudi gauza batzuetan
ereduzko prosa ez dela beti hain eredugarri...
Nire bi xentimokoa:
- segundoro
- minuturo
--
Gotzon Egia
gegia a bildua gipuzkoa.net
43º 19' 12.8" N 1º 57' 49.6" W
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago