ER: [itzul] ehunka pertsona bildu zen/ziren
Juan Garzia Garmendia
svrinsjg a bildua sv.ehu.es
Ost, Abe 7, 10:45:27, CET 2005
Beldur pixka batekin emango dut nire iritzia (itzulinguru batekin, erantzun
zehatza ere emango dizut, Paul).
Normalean, sintagma mugagabeen komunztadura aukerakoa den kasuetan (zenbait,
asko...), plurala erabiltzeak erreferentea modu espezifikoagoan ulerrarazten
du, plural horren osagai jakinak hiztunak buruan balitu bezala:
"idazle asko ezagutzen dut" (inespezifikoa)
"(hemengo) idazle asko ezagutzen ditut(: Atxaga, Lertxundi...)"
(espezifikoa)
Hori, oro har, eta erabilera --nola esan-- zorrotzean.
Kontua da, ordea, "-ka X" joskera hori berria dugula bere horretan,
mugagabean (zenbatzaileekin berdindu du euskara "moderno"ak, antza). Izan
ere, tradiziozkoa pluralekoa zen (eta da, berez gorde den hizkereta):
"milaka gizonAK", eta ez "milaka gizon".
Izatez, bada, berezia da joskera hori, aposizio modukoa, alderantzikagarria
(gizonak milaka / milaka gizonak) eta absolutiboan bakarrik erabiltzekoa
(egitura enfatikoetan joera denez): "*milaka gizonentzat".
Hala ere, zenbatzaile arrunten jokora aldatuta dagoela etsiz gero,
"hainbat"en modura erabiltzea legokioke, itxura batean, eta hasierakora
etorriko ginateke: aukerakoa litzateke pluraleko komunztadura, baina zentzu
espezifikoago batez. Semantika-kontua litzateke, beraz, eta ez
sintaxi-kontua. Zuk, Paul, hala interpretatu duzula dirudi.
"Hainbat"ekiko paralelismoa, ordea, ez da erabatekoa, ez eta, ustez,
zuzenena ere. Izan ere, erabilera "moderno" horretan ("hainbat" edo
"asko"ren kasuan ez bezala), mugagabea zein plurala aurkitzen ditugu,
sintagmaren arabera: "ehunka lagun", "han bilduriko ehunka lagunak"... Alde
horretatik, zenbakiekin luke paralelismoa joskera horrek: "hiru/ehun lagun",
"han bilduriko hiru/ehun lagunak"...
Konturatuko zinetenez, ni tradiziozko erabileraren aldekoa nauzue, aukeran,
baina, dagoeneko (ia bakarra izaki)erdi etsita nagoenez neu ere, hona zer
aholkatuko nukeen erabilera "moderno"rako, ustez bide horretatik baitoa
bilakaera: zenbakien jokora biltzea erabat, eta haiek bezala
(Euskaltzaindiaren lapsus bat gorabehera) pluralean komunztatzea
sistematikoki. Bide batez, joskera zaharretik gertuxeago ere geratuko zaigu:
"ehunka gizon(lehen: gizonak) bildu ziren".
Alegia, erabilera horretan, "ehunka" "ehun" bezala komunztatzea,"milaka"
"mila" bezala, eta abar: pluralean beti.
-----Jatorrizko mezua-----
Nondik: itzul-bounces a bildua postaria.com
[mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]Honen izenean: Paúl Picado
Bidalia: astelehena, 2005.eko abenduak 5 16:30
Nora: Itzul
Gaia: [itzul] ehunka pertsona bildu zen/ziren
Arratsalde on! Zalantza sortu zait: Bildu zen ala bildu ziren?
Ehunka pertsona bildu zen, ezta?
Eskerrik asko.
Paúl Picado Moreno
---------------------------------
Correo Yahoo!
Comprueba qué es nuevo, aquí
http://correo.yahoo.es
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago