[itzul] berriz, aldiz, ostera, ordea

Patxi Petrirena altxupere a bildua euskalerria.org
Al, Uzt 18, 11:14:02, CEST 2005


Benetan gai polita eta interesgarria atera duzu, Igor. Zurea ere irakurri
dut, Bittor. Nire aldetik atera ditudan ondorio batzuk azalduko ditut,
ahalik eta laburren:

1) Niretzat ez dira baliokideak. Eta 'ostera'ri buruz ez dakit zehazki zer
esan, hori baita nire hizkeratik urrunena.

2) Mintzagai biren arteko jokoan baliatzen dira 'berriz' eta 'aldiz'
lokailuak. Ez da gauza bera gertatzen, askotan, 'ordea'rekin, mintzagai
bakar bati buruzkoak izan baitaitezke bi iruzkinak:

   - Gai hau oso polita da; ez, ordea, erraza.

Nik dakidala, aurreko esaldi hori ezin da egin 'berriz'ekin, eta nire ustez
'aldiz'ekin ere ez.

3) Mintzagai bi jokoan izanik, iruzkinen kontrakotasun zorrotza behar da
'aldiz' erabiltzeko, eta 'berriz' erabil daiteke mintzagai aldaketa hutsa
edo emendioa adierazteko ere:

   - Alde batean, irakaslearen mahaia; beste aldean, berriz, arbela. 

Nik desegokitzat daukat hor 'aldiz' erabiltzea, iruzkinetan ez baitago
inolako aurkaritzarik; mintzagai aldaketa (eta haien parekotasuna, tipikoa
denez) besterik ez dago. 

Honela dio EGLU-III liburuak (99. or.), 'baina' eta 'ordea' erabiltzen
dituela alderatzeko nik 'aldiz' erabili dudan moduan.

<<Hitz batez esateko, 'ordea'-k kontrakotasuna adierazten du betiere eta
horretan 'baina'-ren baliokide hurbila da. 'Berriz' ez da horren markatua:
kontrakotasuna bezala kontraste soila edo aldea seinalatzeko ere erabiltzen
da eta horrelakoetan, jakina, ez da 'baina'-ren guztiz parekoa.
Zenbaitetan, gainera, badirudi topikoaren aldaketa seinalatzeko baizik ez
dela erabiltzen. Emendio kutsu bat ere badu horrelakoetan.>> 

'Aldiz' erabiltzeko iruzkinen kontrakotasuna behar dela esatean, esan nahi
dut niretzat desegokiak direla era honetakoak (espero baino gehiago
aurkitzen ditut han-hemen):

   - *Goizean txistulariak ibiliko dira; arratsaldean, aldiz, txaranga.

(Adibide asmatua da, baina oso antzekoak ikusi izan ditut. Eta testuinguru
normal batez ari naiz; jabetzen naiz 'sortu' litekeela kontrakotasunen bat
'txistulari' eta 'txaranga'ren artean, baina normalean ez dago).

4) Nik, 'ordea'ren berezitasunetan, aipatu dut maiz mintzagai bakar bati
buruzkoak izaten direla bi iruzkinak (ikus 2. puntuko adibideae). EGLUn
beste berezitasun bat esplikatzen dute (EGLU-III, 99. or.), eta han
datorren bezala jartzea izango dut onena:

<< 
(28) Goizean paseatzera irten naiz. Arratsaldean, berriz, lanean geratu
naiz.
(29) Goizean paseatzera irten naiz. Arratsaldean, ordea, lanean geratu
naiz.

Lehenbizikoan, goizekoaren eta arratsaldekoaren arteko aldea edo kontrastea
ematen da aditzera; goizean gauza bat egin dudala, alegia, eta arratsaldean
beste bat. Bigarren perpauseko aurkaritza, berriz, beste nonbait dago; hor,
izan ere, solaskideak uste izan dezakeen zerbait ukatu egiten dela dirudi.
"Goiz eta arratsalde kalean ibili naizela uste izan dezake hark beharbada,
baina ez da horrela izan, arratsaldean lanean geratu naiz".>>

Segi ikertzen, segi. Uste dut behar dugula.

Patxi
_________________________________________________________
Lortu posta elektronikoa doan >>> http://www.euskalerria.org
___________________________________________________________________________________________
Lortu posta elektronikoa doan >> http://www.euskalerria.org



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago